euskaraespañol

Unibertsitateko 'makerrak'

Itxialdian, Danielek eta Césarrek 3D inprimagailuak erabili zituzten osasun arloko langileentzako babes biserak egiteko

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/11

Irudia
César Pérezek (ezkerrean) eta Daniel Herrerok (eskuinean) beraiek egindako biserak erakusten dituzte. Argazkiak: Tere Ormazabal / Mitxi. UPV/EHU.

Ezerezetik sortu ziren alarma egoera deklaratu eta egun gutxi batzuen buruan, eta maker izena hartu zuten. Maskaren eskasia kezkagarria ikusita, erabaki zuten 3D inprimagailuak erabiltzea babes biserak egiteko eta osasun arloko langileen artean, egoitzetan eta halakoetan doan banatzeko. Elkar ezagutzen ez zuten 1.600 pertsonak parte hartu dute sare horretan, eta 54.000 pieza baino gehiago egin eta banatu dituzte, zinez dramatikoa zen unean laguntzeko gogoak bultzatuta. Daniel Herrerok (eCampus zerbitzuko ikertzaile kontratatua) eta César Pérezek (Bilboko Ingeniaritza Eskolako laborategiko teknikaria) beren esperientziaren berri eman digute.

“Konfinamendua hasi zenean, 3D inprimagailuen bidez osasun arloko langileentzako babes biserak egiteko sarea sortu zutela irakurri nuen txio batean –gogoratu du Daniel Herrerok–; oso denbora gutxian, lagunen eskaera ugari iristen hasi zitzaizkidan, eta nire inprimagailuaren bidez etxetik agian lagun nezakeela esan zidaten; web orrirako esteka bidali zidaten, eta egun hartan bertan biserak inprimatzen hasi nintzen”.

Daniel ikertzaile kontratatu gisa aritzen da lanean Unibertsitateko Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzako ECampus zerbitzuan. Azaldu duenez, laguntza ematen die ¡rakasle zein ikasleei eskola birtualetan, online ikaskuntzan, eGelan, blackboard-ean, irakaskuntzarako plataforma berriak eta softwarea ikertzen... “Azken hilabeteotan lan handia izan dut”, adierazi du.

César Pérez Sistemen Ingeniaritza eta Automatikako Laborategiko teknikaria da, Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Berak ere parte hartu du ‘Koronabirusaren aurkako Euskadiko Maker Komunitatea’ deitutako ekimen kolektibo horretan. “Konfinamendua hasi eta berehala nire izena eman nuen Gurutze Gorrian, Bizkaia Gara sarean, laguntzeko. Biserak egiteko mugimendu honen berri izan nuen gero. “Ideia asko entzuten dituzu, baina hau oso mezu argia zen: ‘bisera modelo hau egiteko bitartekoak jartzeko prest dagoen jendea behar da’. Ekimena gustatu, eta izena eman nuen”.

César Pérez: «Alabak norbera babesteko ekipamendu (NBE) gisa zabor poltsa bat duela ikusteak zerbait gehiago egitera animatzen zaitu»

Césarren kasua berezia da agian: haren bikotekidea eta alaba erizainak dira, eta semea ere (fisioterapeuta da) ari zen ospitalean lanean. “Alabak norbera babesteko ekipamendu (NBE) gisa zabor poltsa bat duela ikusteak zerbait gehiago egitera animatzen zaitu”, azaldu du.

Baina, César, “zer egiten du pertsona batek etxean bost 3D inprimagailurekin?”, galdetu diogu. Barre egin du, “bada… emaztea zoratu eta gainerako bizilagunek frikitzat har zaitzaten lortu –esan digu ironikoki–. Gero, istorio honetan murgilduta zaudela dakitenean, zera pentsatzen dute...‘tira, gutxienez, behingoz, zerbaitetarako balio dute buruan dituen paranoia guztiek ’”, azaldu du barre artean.

“Baina hiru bakarrik dira nireak, beste biak eskolako bi irakaslek utzi zizkidaten zertan ari nintzen jakin zutenean”, argitu du Césarrek, berari buruz agian osatzen ari ginen pertsona bitxiaren irudia ezabatzeko ahalegin sinpatikoa eginez.

 

54.000 bisera baino gehiago eta 1.600 boluntariotik gora

“Gauetik goizera talde bat sortu zen Telegramen, Euskadiko 1.600 boluntarioz baino gehiagoz osatua, eta 3D inprimagailuak zituzten 600 kide baino gehiagoko beste bat, eta horiei gehitu behar zaizkie ekimenean webaren bidez, talde horietan egon gabe, parte hartu zutenak”, azaldu du Césarrek.

“Egundoko logistika zegoen. Guztia oso ongi antolatuta zegoen –jarraitu du harro eta harriturik aldi berean–, elkar ezagutzen ez zuten pertsonak ziren... Bilera birtualak egin, erabakiak argitaratu, eta biseraren modeloa eguneratzen zen".

“Probintzia bakoitzean ados jarri ginen ospitale batekin, eta diseinu egokiena zein zen esaten ziguten –argitu du Césarrek–. Bizkaian Basurtuko Ospitalearekin hitz egin zuten eta, pixkanaka, modeloa hobetuz joan zen”.

Danielek hau dio: “Oso gauza erraza zen, web orrira joan, zure probintzian erabakitako txantiloia deskargatu, eta inprimatzen hasten zinen”. Inprimagailua zein zen, aldatu egiten zen hura egiteko behar zen denbora; “nik ordu eta erdi inguru behar nuen bakoitzarekin, eta hamar bat egiten nituen egunean... 200 eta 300 pieza artean inprimatuko nituen”.

“Guztia era sinestezin batez koordinatu zen –azaldu du Danielek–. Batzuk eginak zenituenean, inprimaki bat bete, eta jarraibideak betetzen zenituen: desinfektatu, poltsetan sartu, gero beste batzuetan..., guztia oso ondo antolatuta. Oso deigarri gertatu zitzaidan, taxilariak ere koordinatu zirelako haiek biltzeko”.

Césarrek, berriz, azaldu du “denetik egiteko pertsonak” zeudela, “baita materiala banatzeko eta biltzeko ere; hasieran, mezularitza-enpresa bat zen, baina gainezka zegoen, eta 50 taxilari boluntario hasi ziren egiten. Egindako biserak biltzen zituzten eta, eskatzen zuenari, jendeak gehiago egiteko ematen zuen materiala uzten zioten. Egunero biltzen zuten”.

Daniel Herrero: «Elkarlaneko proiektu hauek zoragarriak dira. Inbidia handia diot gauzak horrela antolatzeko gauza den jende horri»

“Badakigu ez zela produktu homologatua, egoera jakin batean egindako zerbait zela. Horregatik, maskarak iristen hasi zirenean eta premia amaitu zenean, egiteari utzi genion –argitu du Césarrek–. Urgentzia bati erantzuten genion; hori argi genuen”.

Guztira, kolektibo anonimo horrek, non unibertsitateko beste pertsona batzuek ere parte hartu zuten, 54.000 bisera baino gehiago egin zituen, eta horietatik 14.000 osasun etxe eta ospitaleetako sanitarioen aurpegietara joan ziren, eta gainerakoak, egoitza, saltoki eta eskatzen zituzten pertsonengana. Ahaztu gabe “belarri babesak” deitu zituztenak ere, maskarek kalterik egin ez ziezaieten lanaldi luzeetan erabiltzen zituztenei, eta ateetako eskulekuak ukitu gabe irekitzeko tresnak.

César oso harro dago egindako lanarekin, baina nahigabea agertu du izurri honetan unibertsitatearen ahalmena ez delako hobeto erabili.

Danielek, berriz, uste du elkarlaneko proiektu hauek zoragarriak direla. “Inbidia handia diot”, aitortu du, “gauzak horrela antolatzeko, era horretako sare sozialak... –eta ez naiz Internetez ari, pertsonen sareei buruz baizik– kudeatzeko gauza den jende horri”.

 

Erreportaje hau Campusa aldizkarian argitaratutako artikulu sail baten barruan dago. Artikulu horien bitartez unibertsitateko kide guztien lan solidarioa aitortzen saiatu gara, alarma egoeran erakutsitako konpromiso soziala dela eta.