Teleirakaskuntza eta elkartasuna uztartuz COVID-19aren garaietan

Alarma egoeran zehar bizi izan dituzten gizarte konpromisoko esperientzien berri eman digute lau irakaslek

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/27

Eskerretik eskuinera: goian, Izaskun Álvarez, Ione Sagasti; behean, Itxaso Fdez. Astobiza eta Rocío Barrena

Izaskun, Ione, Itxaso eta Rocío UPV/EHUko lau irakasle dira; konfinamenduan zehar, eskola birtualetara egokitzeaz gain, adineko pertsonak animatuz, koronabirusa hautemateko probak lortuz edo migratzaileak etxean hartuz, elkartasun istorioak idatzi dituzte, mundu guztia berdin tratatu ez duen pandemia honetan.

Duela zenbait aste, Izaskun Álvarezek (Marrazketa Saila, Arte Ederren Fakultatea) ekimen bat jarri zuen abian saileko lankide Ione Sagastirekin batera; ekimenaren xedea zen Igurko Unbe egoitzako (IMQ) adineko pertsonen bakardadea arintzea.

Nahia Zaramillok, egoitzako terapeutak, proposatu zien ideia: “aitona-amonei mezuak bidaltzeko proposatu zigun, bisitarik jaso ezinik egon ziren asteetan animatzeko”, azaldu du Izaskunek.

Izaskun: «Eskuorri bat egin genuen eta ezagutarazi egin genuen, jendea anima zedin adineko pertsonei denbora pasatzen laguntzeko zerbait bidaltzera: poemak, marrazkiak, abestiak,.. Proiektua oraindik ere irekita dago»

Eskuorri bat egin genuen eta ezagutarazi egin genuen, jendea anima zedin adineko pertsonei denbora pasatzen laguntzeko zerbait bidaltzera: poemak, marrazkiak, abestiak, bideoak, istorioak... Proiektua oraindik ere irekita dago, edonork parte hartu ahal izateko”, jakinarazi du Arte Ederretako irakasleak.

Ikasleek egoitza horretako pertsonekin duten harremana lehenago hasi zen. 2018an, bi irakasle horiek kezkatuta zeuden, "eskolak teorikoegiak ez ote ziren”; hori konpontzeko, formulak bilatu zituzten, “irakasgaia benetako proiektuetatik abiatuta lantzeko; izan ere, bestela, utopia bat baino ez da”, esan du, bukatzeko. Eta ideia bat zetorren Ioneren prestatzen ari zen tesiarekin (“Afektuen politika arte irakaskuntzaren erlazio pedagogikoetan”).

Izaskunek gogoan duenez, "Igurko Unbe egoitzakoekin harremanetan jarri ginen eta arduradunei proposatu genien; haiek poz-pozik onartu zuten proposamena. Bizipena izugarria izan zen: ikasleak eta aitona-amonak lankidetzan aritu ziren, elkarrekin marrazten. Gero, tailerrera igo ziren, elkarrekin hainbat lan egiteko, eta fanzine bat argitaratu genuen. Ikasgelan ikuste, taka-taka eta gurpil-aulkiekin... Imajina ezazu eszena... sinestezina izan zen!" oroitzen du, hunkituta.

Irakasleek bezalaxe, ikasleek ere beste proiektu batzuk egin nahi dituzte egoitzakoekin. “Ikasle batek, esaterako, antzinako objektuekin egindako karta-sorta bat egin zuen Gradu Amaierako Lanerako; horren helburua zen Alzheimerra zuten pertsonei memoria lantzen laguntzea. Ideia asko dago”, azaldu du Izaskunek.

Irakasleak jakinarazi du blackboard bat martxan jarri dutela, “nahi duen oro egoitzan bizi diren aitona-amonekin harremanetan jar dadin birtualki, haiekin hitz egiteko edo beste edozer egiteko. Mundu guztia animatzen dut parte hartzera; izan ere, pertsona benetan interesgarriak eta esker-onekoak dira”.

 

“Tichla ostatua"

Arratsaldeko bostak dira, Itxaso Fdez. Astobizak eskolak bukatu ditu eta gure deiak logelan harrapatu du, ariketak berrikusten. Hortxe jarri du operazio gunea eskolak emateko, ikasleei online arreta emateko eta orain etxetik egin behar dituen gainerako lanak egiteko. Gela hori ez du kapritxoz aukeratu; ez zeukan aukera handirik: konfinamendu osoa darama lau sahararrekin bizitzen (hiru heldu eta neskato bat).

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko irakasle da Itxaso, eta adierazi du bere pisua ez dela handia: “geure jaima jarri dugu etxea", esan du, barrez.

Duela asko, Itxasok Ahmed harreran hartzen zuen, udak Euskadin pasa zitzan. Ahmed Tindufeko kanpamentuko haur bat zen. Urteek aurrera egin arren, harremanari eutsi zioten.

2016an, Itxaso bisitan joan zitzaion Ahmedi, Auserdeko kanpamentura. “Baldintzak penagarriak dira han", azaldu du. “Behin, hau esan nion: egunen batean hemendik alde egitea erabakitzen baduzu, ez ibili noraezean, etorri nire etxera”, gogoratu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako militanteak.

 “Kanpamentuetako bizitza desastre hutsa da; hemen konfinamenduarekin bizitzen ari garena egunerokoa da han”, gehitu du. Itxasok gogoratzen du nola kontatzen zion Ahmedek Tindufeko bizitza nolakoa zen. “Behin, hau esan zidan: etxetik ateratzen naiz eta lagun baten jaimara joaten naiz tea hartzera. Badakit non egongo den eserita, nola egongo den jantzita, nor egongo garen, non eseriko garen, zertaz hitz egingo dugun eta bakoitzak zer esango duen. Gero, nire jaimara itzuliko naiz, eta hurrengo eguna berdina izango da, baita hurrengoa eta hurrengoa ere...”.

Itxaso: «Nire etxetik hogeita hamar eta berrogei saharar artean igaro dira haiek hemen daudenetik»

Gauzak horrela, handik hilabete batzuetara Ahmedek jakinarazi zionean bere gonbidapena onartzen zuela, Itxaso ez zen batere harritu. Hiru urte baino gehiago daramatzate Euskadin elkarrekin bizitzen.

 “Iritsi eta hilabete batzuetara, Mohamed agertu zen, haren anaietako bat –gogoratzen du naturaltasun osoz–; Frantziatik zetorren, han ez zegoelako gustura, eta hura ere etxean gelditu zen”.

 “Moldatzen ginen –gehitu du Itxasok–; zenbait hilabetez alde egin zuten, berriz itzuli ziren... Bakarrik bizitzera joateko asmotan zeuden; izan ere, ia hogeita hamar urte dituzte eta euren bizitza egin nahi dute. Hala, konfinamendua hasi aurretik, Ahmed Frantziara joan zen, bertan lana aurkitzeko aukera zuelako; hala ere, paper batzuk konpontzera itzuli zenean, pandemiak eztanda egin zuen, eta etxean gelditu behar izan genuen”, azaldu du.

 “Baaaaaina –esan du, irri artean- konfinamendua hasi baino zertxobait lehenago, haren lagun bat agertu zen, bi urteko alabarekin: aste pare baterako zetorren, paper batzuk konpondu eta gela bat aurkitu bitartean... Eta hemen jarraitzen du; izan ere, alarma-egoerak bera ere etxean harrapatu zuen”.

Esan digunez, “herri nomada bat da, eta haien bidaiatzeko ohiturak ez dira gureak bezalakoak. Nire etxetik hogeita hamar eta berrogei saharar artean igaro dira haiek hemen daudenetik. Batzuk heldu, lo egin eta hurrengo goizean desagertu egiten dira; beste batzuk zenbait egunez gelditzen dira... Bizitzeko beste modu bat da”, hausnartu du, enpatiaz.

Nik, bromatan, esaten diet nire etxea “Tichla ostatua” dela; horixe zen Auserreko kanpamentuko haien auzoaren izena.

Dena dela, Itxasok baieztatu digu “oso erraza dela haiekin bizitzea; asko zaintzen naute: beti dago janaria mahai gainean eskolak bukatzen ditudanean, elkarrekin jaten dugu, beno... orain, Ramadana denez, oso ordutegi desberdinak ditugu...” esan du, bromatan.

Itxasok deitoratu egin du migratzaile batzuek nola pasa behar izan duten konfinamendua: “orokorrean, lanik prekarizatuenak dituzte, eta lanpostu horiexek dira garai hauetan desagertu direnak edo ABEEEak jasan dituztenak. Egunez egun irabazten dutenetik bizi diren manteroak, etxetik atera ezinik; nagusiaren etxetik atera ezin direlako atsedenik gabe lan egitera behartuta egon diren etxeko langileak... Etorkizuna ez da hobea izango haientzat”, esan du, ilun.

 

Arrantzaleen osasun-zaintza

Osasungintzako langileak liderrak izan dira koronabirusaren aurkako borrokan. Eta ez soilik ospitaleetan; izan ere, unibertsitateetan ere erakutsi dute gai direla konponbideak aurkezteko eta COVID-19ari eusteko haien ekarpena egiteko.

Rocío Barrena (Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintza Saila), ikastegiko beste lankide batzuekin batera, alarma-egoera honetan unibertsitateak hartu dituen konpromisoen adierazle da.

Osasunaren arloko irakasle talde hori DYArekin lankidetzan aritu da azken asteotan: koronabirusa detektatzeko testak egin dizkiete Bizkaiko arrantzaleei.

Rocíorekin batera, Erizaintza Saileko Ana Belén Fraile, Irati Ayesta, Irrintzi Fernández, Saloa Unanue eta Silvia Caballero, baita Pediatriako Iñaki Irastorza, ere.

Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailak jarri zuen martxan ekimena; izan ere, Osakidetza eta DYArekin batera, kolektibo horren jarraipena egiteko dispositibo bat antolatu nahi izan zuen.

Rocio: «DYAko lagun batek esan zidan boluntario kualifikatuak behar zituztela arrantzaleei COVID-19aren probak egiteko»

 “DYAko lagun batek esan zidan boluntario kualifikatuak behar zituztela arrantzaleei COVID-19aren probak egiteko”, azaldu du Rocíok.

Arrantzaleek kutsatzeko arrisku handia dute. “Denbora luzea ematen dute elkarrekin, toki txikian; ondorioz, norbait kutsatuta ontziratzen bada, ziurrenik guztiak kutsatuko dira, agian etxetik milaka kilometrora daudela", argitu du Rocíok.

 “Alturako eta baxurako arrantzaleei egiten dizkiegu probak", azaldu du. “Ontzi bat iristen denean, DYAk abisatu egiten digu eta eskatzen digu ekipo bat joateko Ondarroara, Bermeora edo Santurtzira, testak egitera". Laginak atera ondoren, Osakidetzaren ospitale batera eramaten dira, aztertzeko.

“Ekipoak eta portuak aldatu egiten dira, ontzi kopuruaren eta amarratzeko portuaren arabera”, azaldu du Rocíok. Orain arte, 350 arrantzaleri baino gehiagori egin dizkiete probak.

Bizitako esperientziatik lan ingurunetik kanpo kideen artean sortu den hurbiltasuna azpimarratu nahiko luke; “aukera izan dugu lan esparrutik kanpo elkar hobeto ezagutzeko”, esan du.

Rocíok, Saloak eta Ana Belének beste proiektu batzuekin jarraitzen dute: unibertsitateko beste hamarnaka profesionalek bezalaxe, UPV/EHUren COVID-19ari buruzko proiektuan boluntario gisa parte hartzeko izena eman dute. “Osasun zentro batean probak jasotzen hasteko abisatu digute, dagoeneko”, aurreratu du.

Hiru istorio anonimo, Itxaso, Izaskun eta Rocíok kontatu dizkigutenak, unibertsitate honetako beste hainbat kidek bizi izan dituztenen antzekoak; haien ekimenei esker, krisi hau jasangarriagoa izan da herritar askorentzat.

 

Erreportaje hau Campusa aldizkarian argitaratutako artikulu sail baten barruan dago. Artikulu horien bitartez unibertsitateko kide guztien lan solidarioa aitortzen saiatu gara, alarma egoeran erakutsitako konpromiso soziala dela eta.