euskaraespañol

Santiago Pérez Hoyos

Eguzki sistemako hiru toki hauetan bilatu behar genuke bizitza

Planeta Zientzien taldeko ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/29

Irudia
Santiago Pérez Hoyos. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Duela hamarkada batzuk, Carl Sagan dibulgatzaile bikainak maisuki irudikatu zituen bizirako giro askotarikoak poliki-poliki ezagutzen ari ginen eguzki sisteman. Azkenaldian, ebidentzia irmoak hasi dira espekulazioen lekua hartzen: giro horietako batzuek habitat arrotz baina susmagarriro ezagunak hartzeko ahalmena dute. Datu zientifiko berri horiei esker, bilaketa probabilitate gehien dagoen tokietara bideratu dezakegu.

Azken asteetan, albisteetan hiru egoera oso desberdin aipatu dira. Artizarreko fosfanoa dela eta, altuera handian esekitako bizi formak irudika ditzakegu, habitat zeharo airekoan. Egun gutxi geroago, Entzeladori buruzko emaitza berriak eman ziren ezagutzera. Saturnoren ilargi izoztuetako bat den horretan, ozeano kapsulatu bat legokeen susmoak indarra hartu zuen. Azkenik, Marte berriro dugu hautagai. Bizigarria litzateke, gainazalaren azpian ur likido eta gaziko lakuak daudela egiaztatu da eta.

Bizia hodeietan, izotzetan harrapatutako ozeano batean, lurpeko lakuetan? Ez dira diruditen bezain ingurune arrotzak.

Artizarraren aukerek zeresana eman dute azkenaldian. Fosfanoaren aurkitzaileek bizi ziklo balizko bat ere frogatu dute, non mikrobioak aireko biosfera batean biziko liratekeen. Lehendik ere eztabaidatu da hipotesi horren gainean, eta lurreko giroan ikerketa-bide berriak irekitzeko baliagarria izan daiteke. Artizarraren kasuan aipatzen diren hipotesien arabera, bizia hodeietako tanten barnealdean legoke, gure ondoko planetako azidotasunaz babestuta eta ur eskasia larriari aurre egiteko.

Entzelado batik bat urez osatutako ilargi bat da, eta izotz geruza batez inguratuta dago. Barnealdean, Saturnok eragindako mareen higadurak ozeano erraldoi kapsulatu bat eratzeko behar adina energia sortuko luke. Antzekoa gertatzen da beste satelite batzuetan, Jupiterren Europan, kasu.

2005ean, Cassini zundak ur geiser bat aurkitu zuen. Orduz geroztik, hainbat metodo probatu dira gatz, urea, amoniako eta abarren proportzioak zehazteko, horren arabera izaki bizidunentzako onuragarriak edo kaltegarriak izan baitaitezke.

Cassinik 13 urtez bildutako datuen sakoneko berranalisia eginda, eskualde mehe eta gazteagoak topatu dira Entzeladoko “tigre marren” inguruan. Eremu horiek ozeano hondoko puntu beroekin lotura izan lezakete, agian, Lurrean bezala, sumendiekin edo fumarolekin.

Esan izan da itsaspeko sumendi jarduera dela biziaren jatorria Lurrean, eta edozein astrobiologok horixe du helburu, bizi estralurtarra bilatzeko nahiz gure jatorria ikertzeko baliagarria izan daitekeelako. Lurrean, Antartikako Vostok lakua genuke horren baliokidea. Hori bai, izotz azaletik bi kilometro eskaseko sakonerara dagoen lakura iristeko egin behar izan zen ahalegin eskerga kontuan hartzen badugu, ezin irudika dezakegu Entzeladoko habitat posiblera iristeko egin beharko litzatekeena, izotz geruza hamar bat aldiz lodiagoa ere izan baitaiteke.

Marte, betiko izangaia

Azkenik, Marte beti da aipagai astrobiologian, bai gainazalean ur likidoaren presentzia jarraitua izatearen froga irmo baino irmoagoengatik, baita egungo nahiz iraganeko balizko habitaten esplorazioa errazenetako bat delako ere.

Duela gutxi, Mars Express misioak egiaztatu du gainazaletik kilometro eta erdira laku lurperatuak daudela. Behaketen interpretazioak interpretazio, ur oso gaziak likido egoeran egon litezke ingurune horietan, planeta gorriaren gainazaleko baldintza zailetatik babestuta, esaterako, tenperatura aldaketa muturrekoetatik eta eguzki erradiazioaren aurreko babes ezetik.

Giro gazien hain zaleak diren organismo halofiloen probabilitate martetarrak ikertu dira, metano sortzaile izan daitezkeelako; izan ere, planeta gorrian gas biomarkatzaile horixe aurkitu omen dute.

Hiru giro horiek, itxuraz, oso desberdinak direnak, badituzte analogiak Lur planetan, eta, ondorioz, ingurune oso iradokitzaileak dira bizi forma sinpleak bilatzeko gure auzune galaktikoan. Zeinek bere mugak ditu, baina baita gure planetan bizia nola sortu zen eta aurrera nola egin zuen jakiteko ahalmen handia ere.

The Conversation