euskaraespañol

Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan egindako herri kontakizunak liburu batean bildu ditu Maialen Morenok

Lana UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/09

Irudia

‘Herri kontakizunak Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan: bilketa, sailkapena eta irriaren adierazpenaren azterketa’ izeneko liburua aurkeztu da Donostiako Elkarren prentsaurrekoan. Maialen Morenok idatzi du lana eta Euskal Herriko Argitalpen Zerbitzuak Euskal Literatura Sailaren baitan argitaratu da.

“Ixtorio laburrak irakurtzea gustuko duenak–dio  liburuaren egileak- horietako asko aurkituko ditu liburu honetan. Liburu hau Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan egindako herri kontakizunei buruzko bilketan oinarritzen da. Herriz herri jendearen ahotatik ateratako kontakizunak bildu dira eta gero horiek transkribatu, sailkatu, eta aztertu. Beraz, liburu honetan ixtorioen corpusak osatzen du lanaren bigarren zati osoa. Liburuaren lehen zatia, berriz, corpus horren azterketa da. Lehenik, jaso ditugun kontakizun motak zein diren eta orain arte izan dituzten sailkapenak aurkeztu dira. Kontakizun asko errealistak deitu ditugunak dira, hau da, eguneroko bizitzako pertsonaien eta gertakarien berri ematen digute. Kontakizun errealisten protagonistak, apaizak, medikuak, laborariak… izan daitezke, eta gaiak ere jakinak dira: kontakizun gordinak, ergel-argien ingurukoak, emazteekin eta ezkon bizitzarekin lotutakoak, akats fisikoei buruzkoak… Adibidez, irri ixtorio errealista eta gordin horietako batean, (98.) “Müthila eta neskatua” izenekoan, etxeko nagusiak ohera joaten dira eta sua itzaltzeko enkargua ematen diete etxeko mutilari eta neskatuari, oraindik esna geratuko baitira. Baina biak zakuaren gainean jarri ziren suaren ondoan, eta neskatoa ohatu egin zuen. Orduan azpian zuten zakuaren mutur bat sua hartzen hasi zen eta neskatuak oihukatu, Biarnoko baitzen: -Lou sac! Lou sac! Eta mutilak, berriz, erantzun: -Zer luzak, dena hor dun! Baina horietaz gain, liburuan badira bestelako kontakizunak ere: ipuin miresgarriak, elezaharrak, txisteak… ere. Eta horien ezaugarriak ere aipatzen dira. Gero, azaltzen da zein izan den bilketa egiteko erabilitako metodologia eta kontakizunak aztertzeko jarraitutako oinarriak. Bertan, erakusten da nola heldu garen jendearengana eta nola atera dugun informazioa, zein muga izan ditugun horretarako… Jarraian, errepaso bat egin da euskal aldizkarietan, liburuetan eta eskuizkriburen batean agertutako kontakizun laburrez, eta horiek aztertzen dituzten ikerketez. Era berean, bilduma zahar eta berrietan gure kontakizunek dauzkaten baliokideak aztertzen dira. Konturatuko gara badirela Erdi Arotik hasita errepikatzen diren antzeko gai irrigarri batzuk. Baliokide zaharren artean garbienak, adibidez, XV. mende hasieran Poggio Bracciolini latinista italiarrak jasotako kontakizunak dira. Azkenik, irriaren adierazpenaren inguruan dihardu liburuak. XX. mende hasieran Bergson-ek eta Freud-ek umoreaz egindako teorizazioak gure kontakizunetan aplikatu ditugu. Beraz, gure liburu hau interesgarria izan daiteke umorearen gaia gustoko duenarentzat, kontakizun laburrekin gozatu nahi duenarentzat eta kontakizun labur horiek historian izan duten bilkabideaz gehiago jakin nahi duenarentzat”.