euskaraespañol

UPV/EHUko aldezleak Unibertsitateko Klaustroan aurkeztuko du urteko txostena

2107an inoiz baino pertsonak gehiagok jo dute unibertsitate organo horretara

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/22

Iñigo Urrutia aldezlea
Iñigo Urrutia aldezlea

Gaur, Bizkaia Aretoko Mitxelena auditorioan Unibertsitateko Klaustroak egingo duen bileran, aldezle berriak, Iñigo Urrutia Libaronak, zerbitzu horren jardueren urteko txostena aurkeztu du, 2017. urteari dagokiona, hain zuzen ere. Sarreran azaltzen duen moduan, iaz erreleboa eman zen erakundean, eta aldezle berriak bere kargua hartu zuen Klaustroaren 2017ko maiatzaren 23ko bileran.

Erakundera sartu ondoren, aldezle berria gaien analisi juridikoa saiatu da lehenesten, espedienteak osatzeko orduan, eta bitartekaritza jarduerak lantzeko barne protokolo bat garatu du. Euskal Herriko Unibertsitatearen erakunde honek unibertsitateko kide guztien eskubideak eta askatasunak errespetatzen direla zaindu behar du, UPV/EHUren organo eta zerbitzuetako jardunaren aurrean. Halaber, kide horien arteko auzietan artekaritza egiteko instantzia bat ere bada. Zentzu horretan, erakundearen jardueren abiapuntuan, eskaera kategoria hauetakoren egon daiteke: “kontsultak”, “kexak eta erreklamazioak” eta “bitartekaritza-kontziliazio prozesuak”.

2017. urtean, 159 pertsonak jo zuten aldezlearen bulegora, eta 164 aztergai planteatu zituzten. Gauzak horrela, joan den urtean inoiz baino pertsona gehiago joan ziren zerbitzu horretara, UPV/EHUn zerbitzua 2011n martxan jarri zenetik. Horrek esan nahi du asko aurreratu dela aurreko urteekin alderatuta eta ematen ari zen beheranzko joera ere irauli dela.

Kolektiboka, ikasleek 81 aztergai planteatu zituzten, irakasle-ikertzaileek 51, AZPko langileek 12, eta unibertsitatekoak ez diren pertsonek 20. Azken atal hori bere horretan utzi da, uste baita lagungarria izan daitekeela UPV/EHUk gizarteari eskaintzen dion zerbitzu publikoa hobetzeko.

Kolektiboek planteatutako gai zehatzei dagokienez, ikasleen artean, "ikasleen ebaluazioak" eta irakaskuntzaren kudeaketak" nagusi izaten jarraitzen dute. Halere, badira ere matrikulari, kredituak aitortzeari eta baliozkotzeari edo bekei lotutako gaiak. Irakasle-ikertzaileen kasuan, urtetik urtera errepikatzen diren gaiak aztertu dira, alegia: "lan baldintzak", "irakaslanaren banaketa" eta "ordezkapen poltsak eta plazak". AZPko langileei dagokienez, “lankideen arteko portaera”, “lan baldintzak” eta "lekualdaketen lehiaketa/plazak” nabarmendu dira gehien.

Aldezlearen bulegoan guztira planteatutako 164 aztergaien artean, behar bezala erantzun zitzaien kontsulta guztiei, baita 8 bitartekaritza eskaerei ere.

Iñigo Urrutia aldezleak honako hau adierazi du: “gustatuko litzaiguke txosten honen bidez, unibertsitateko kide guztiek gure unibertsitatearen funtzionamenduaren alderdi zehatzei buruzko gogoeta bat egitea, espiritu kritikoarekin, baina, zentzu positiboan eta hobetzeari begira, betiere. Eskerrak eman nahi dizkiet Aldezlearen Zerbitzuarengan konfiantza jarri duten pertsona guztiei, baita gure lana eta gure independentzia errespetatu duten unibertsitate zerbitzu eta agintaritza akademiko guztiei ere, ulertu baitute gatazketatik hainbat irakurketa atera daitezkeela bai gure unibertsitatearen aurrerabiderako, bai gizarteari ematen diogun zerbitzu publikoa, hots, gure egitekoa, hobetzeko. Unibertsitateko kideen eskubideak babesteko lanean jarraituko dugu.”