euskaraespañol

Pertsona zaharren oroimen-galera, uste baino txikiagoa

UPV/EHUko ikerketa baten arabera, gertakari zehatzak gogoratzeko ahalmena narriatzen da zahartzarora iristean, baina ez gainerako oroimen-motak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/01

Aspaldiko gertakariak gutxiago gogoratzen dituzte zahar helduek.
Aspaldiko gertakariak gutxiago gogoratzen dituzte zahar helduek.

Minnesotako Unibertsitateko Wilma Koutstaal eta UPV/EHUko Alaitz Aizpurua irakasleek egindako ikerketa batek erakusten duenez, heldu zaharren oroimena ez da heldu gazteena bezalakoa, baina ezta orain arte uste bezain txarra ere. Zaharrek gazteek baino xehetasun espezifiko gutxiago gogoratzen dute, baina, oro har, bai batzuek, bai besteek askoz hobeto gogoratzen dituzte bizitzako gertakizunen informazio zehatzak abstraktuak eta orokorrak baino. Oroitzapen zaharrenak gogoratzeko ahalmenean dago zahar eta gazteen arteko alderik handiena: gazteek gogoratzen dituzte.

Alaitz Aizpurua UPV/EHUko irakasleak dioenez, "nahiz eta oso zabaldua egon zahartzaroa heltzean oroimena narriatzen hasten delako ustea, ez da guztiz egia. Ikerketa neuropsikologikoek eta bestelako azterketa batzuek erakusten digutenez, 20 urtetik aurrera hasten da galera kognitiboa, baina ez dugu atzematen, eguneroko bizimoduaren beharrei aurre egiteko nahikoa trebetasun badugulako. Nabarmenagoa izaten da galera hori 45-49 urte bitartean; orokorra, berriz, 75 urterekin hasten da, gutxi asko".

Galera ez da uniformea eta orokorra izaten: "Oroimen-mota batzuetan beste batzuetan baino gehiago gertatzen da. Zahartzaroan, oroimen episodikoan agertzen da narriadura, baina ez semantikoan. Oroimen-mota hori (semantikoa) eta prozedurazkoa mantendu egiten dira (batzuetan, baita hobetu ere), eta gutxitu egiten da episodikoa, gertakari zehatzak gogoratzekoa", zehaztu du Aizpuruak.

"Prozedurazko oroimena zera da, gauzak egiteko, trebetasunetarako behar duguna; auto bat gidatzeko, adibidez. Zahartzaroan, mantendu egiten da, oro har. Oroimen semantikoak, berriz, hizkuntzarekin, kontzeptuen esanahiekin eta errepikatzen diren gertaerekin du lotura; adibidez, jatetxe batean bazkaltzen dugunean egin beharreko ekintzen segida gogoratzen dugu: zerbitzaria etorri arte zutik itxaron, zenbat lagun izango garen esan zerbitzariari, edota erreserba egina badugu gure izena jakinarazi, jan nahi duguna eskatu, etab. Episodikoak, azkenik, gure bizitza pertsonaleko iraganeko gertakariak (pasarteak, episodioak) gordetzen ditu, eta zehatzagoa da denborari eta espazioari dagokienez; gogora dezakegu, adibidez, noiz joan ginen azkenekoz jatetxe batera, noren ondoan eseri ginen, zer jan genuen, etab", azaldu du ikerketaren egileak.

Memoria autobiografikoa —Aizpurua eta Koutstaalen ikerketaren xedea— episodikoaren barruan sartzen da eta funtsezkoa da gure geroa planifikatu edota aurresateko, bai eta gure ongizate emozionalerako ere. Ikerketarako egin zuten esperimentuan, beren bizitza pertsonaleko hiru gertakizun gogoratzeko eskatu zitzaien parte-hartzaileei: azken urtean jazotako zerbait (azken hilean salbu), azken hilean gertatutako zerbait (azken astean salbu) eta azken astean jazotako zerbait (azken egunean salbu).

Joko-arau bera heldu zaharrentzat eta heldu gazteentzat

Zenbait hutsune atzeman zituzten UPV/EHUko ikertzaileok oroimen autobiografikoari buruz egiten ziren neurketetan. "Une berean jazotako gertakizunei buruz galdetzen zitzaien gazteei eta zaharrei, baina heldu zaharrentzat askoz handiagoa izaten zen gertakizunetik iragandako urte-kopurua; adibidez, heldu gazte bati bere haurtzaroko gertakizun bati buruz galdetzen bazaio, agian 10-15 urte egin behar du atzera; zahar batek, aldiz, 40 urte, edo gehiago", zioen Aizpuruak. Horrenbestez, elkarrizketaren ezaugarriak egokitu egin zituzten bi ikertzaileok, eta gauza bera eskatu zieten bi taldeei, heldu gazteei eta heldu zaharrei.

Emaitza nagusia, hauxe: "Gizakia, bai gaztea bai zaharra, gai da bere bizitza pertsonaleko gertakizunen inguruan informazioa zehaztasunez gogoratzeko. Badago desberdintasunik gazteen eta zaharren artean: xehetasun episodiko gehiago gogoratzen dituzte gazteek. Gure azterketak erakusten duenez, ordea, hiru gertakizunetatik batean bakarrik zegoen aldea, azken urtekoan, hots, oroitzapen zaharrenean. Azken hileko edo azken asteko gertakizunak alderatuta, ez zen alderik atzematen, eta zaharrak gazteak bezain gai ziren gertakizunei buruzko xehetasun episodikoak emateko", azaldu zuen Aizpuruak.

Datu osagarriak

Psikologian doktore eta gizarte-hezkuntzan diplomatua da Alaitz Aizpurua (Donostia, 1977). Minnesotako Unibertsitateko irakasle den Wilma Koutstaal doktorearekin batera idatzi zuen ‘A matter of focus: Detailed memory in the intentional autobiographical recall of older and younger adults' artikulua. Minnesotako Unibertsitateak eta UPV/EHUk elkarlanean egin zuten ikerketa, Minneapolisen, Eusko Jaurlaritzaren beka bati esker Aizpurua han egonaldi bat egiten ari zela.

Bibliografia-erreferentzia

Aizpurua, A., Koutstall, W., (2015) ‘A matter of focus: Detailed memory in the intentional autobiographical recall of older and younger adults'. Consciousness and Cognition, 33. liburukia, 145-155 orrialdeak.