euskaraespañol

Saltoki bat, artelan bat

ARTESHOP BILBAO ekimenaren bosgarren edizioak 75 artelan bildu ditu, UPV/EHUko 75 ikaslek egindakoak, eta hiriko beste horrenbeste saltokitan izango dira ikusgai

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/08

Irudia

Bilbao Ekintzako Enpreseen Sustapenaren Saileko Zuzendariak, Eva Salcedok, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekano Arantza Lauzirikarekin eta Bilbao Arte Fundazioko zuzendari Juan Zapaterrekin batera, ARTESHOP BILBAO ekimenaren bosgarren edizioaren erakusketa fasea aurkeztu du gaur, Bilboko Turismo Bulegoan; ekimena gaur bertan hasi da, eta ekainaren 20ra arte iraungo du.

Ekimen honen helburua hiriko merkataritza-jarduera bultzatzea da eta, hala, berez interesgarriak diren gure saltokiei balio erantsia eskaintzea. Gainera, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleen artelanak merkataritza-saltokietan jartzeari esker, lehenengoz ikusi ahalko da etorkizunean artista izan eta artearen munduan joera markatuko dutenen sormena.

ARTESHOP BILBAO ekimenak bosgarren edizioa du aurten, eta oraingo honetan Bilbao Ekintzak hautatutako 75 saltokik UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateak aukeratutako 75 ikasleren artelan berriak eta hitzordu honetarako ex profeso sortutakoak erakutsiko dituzte. Proiektu artistikoak saltoki parte hartzailetan izango dira ikusgai ekainaren 8tik 20ra arte. Lan honetarako Bilbao Arte Fundazioko 10 artisten tutoretza izan dute eta horiek ere artelanak prestatu dituzte Erriberako Merkatuan edo Terminus Eraikinaren Turismo Bulegoan ikusgai jartzeko.

LEHIAKETA

Berriz ere, ARTESHOP BILBAO 2015 egitasmoak ikasle, saltoki zein artisten interesa piztu du. UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean hitzordu honetan parte hartzeko ikasleek edo ikasle taldeen 110 eskaera jaso dituzte. Saltokiei dagokienez, oinarrietan ezarritako irizpideak betetzen zituzten saltokiak aukeratu zituen Bilbao Ekintzak, eta horietatik, izena eman zuten lehenengo 75 establezimenduek hartuko dute parte. Bilbao Arte Fundazioak ikasleen tutore izango diren 10 artista aukeratu ditu, aurkeztutako 30 eskabideetatik.

Bilbao Ekintzak 400 euroko diru-laguntza emango du sariketan parte hartuko duten Arte Ederren Fakultateko ikasleen kasuan; Bilbao Arteko artistei dagokienez, diru-laguntza 600 eurokoa izango da, proiektua ekoizteko eta garatzeko gastuen kontzeptu gisa. 

BERRIKUNTZA: IBILBIDE GIDATUAK

Aurten, berrikuntza gisa, ARTESHOP BILBAO 2015 egitasmoaren erakusketa fasean zehar merkataritza saltokiak bisitatzeko doako ibilbide gidatuak antolatuko dira; horrela, herritarrek ARTESHOP BILBAO 2015 ekimenean parte hartzen duten artelanak eta saltokiak gertuagotik ezagutu ahalko dituzte.

  • Merkataritza ibilbide hauetan parte hartzen dutenen artean 50,00 euroko 20 sari zozkatuko dira, ARTESHOP BILBAO 2015 programan parte hartzen duten saltokietan gastatzeko.
  • Ibilbide bakoitzak 3 ordu inguruko iraupena izango du, eta Bilboko Abando, Indautxu, Uribarri, Santutxu, Txurdinaga, Otxarkoaga, Deustu, San Inazio, Zazpi Kaleak eta Rekalde auzoak bisitatu ahalko dira.
  • Ibilbide gidatuetan parte hartu nahi dutenek 94 420 53 30/ 94 420 54 06 telefono zenbakietara deituz edo comercio@bilbaoekintza.bilbao.net helbidera mezu elektroniko bat igorriz eman ahalko dute izena.
  • Ibilbide gidatuak ekainaren 10ean, 11n, 12an eta 15ean izango dira, 10:00etatik 13:00etara.

EPAIMAHAIA ETA SARIAK

Hiru erakunde sustatzaileen ordezkariek (Bilbao Ekintza, UPV/EHU eta Bilbao Arte Fundazioa) hamar proiektu onenak aukeratuko dituzte. Prestigio handiko epaimahaiak hiru artelan irabazleak hautatuko ditu; horretarako, hiru sari ezarri dira. Lehenengo saria 1.200 eurokoa izango da, bigarrena 900 eurokoa eta hirugarrena 600 eurokoa. Horrez gain, Publikoaren Sariarekin 450 euro ere emango dira; sari horren irabazlea herritarrek aukeratuko dute, telefono bidezko bozketaz.

Publikoaren Saria UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultatearen ikasleen eta saltokien lan bateratua aintzatesteko aipamena da. Horrez gain, herritarrek parte hartzea ere bultzatu nahi du, baita edizio honetan parte hartuko duten saltokiak eta Arte Ederretako Fakultateko ikasleen arte proiektuak ikusaraztea ere, komunikabide sozialen (http://www.arteshopbilbao.com/2015/) eta sare sozialen bitartez:

Facebook: https://es-es.facebook.com/ARTESHOP.BILBAO
Twitter: https://twitter.com/arteshopbilbao

ARTESHOP BILBAO 2015 ekimeneko sariak ekainaren 17an banatuko dira Bilboko Erriberako Merkatuan.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa