euskaraespañol

Zura eta etxegintza, abantaila ugariko uztarketa

Zurezko egituren ingurumen-jasangarritasuna neurtzeko metodologia bat garatu du ikerketa-talde batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/15

Irudia

Eraikuntzarako egiturak eta materialak (hormigoia, altzairua eta zura) ikertzen hamar urte daramatza UPV/EHUko IT 781-13 taldeak. Zurari buruzkoa du azken ikerketa, zeinak hau baitio material horri buruz: erresistentzia eta arintasun handikoa dela, eta areagotzen ari dela haren garrantzia eraikuntza-alorrean, berriztagarria delako eta fabrikazio-prozesuan energia gutxi kontsumitzen duelako. Nolanahi dela ere, zurezko egituretan ere hobetu daiteke ingurumen-jasangarritasuna, materialaren eta haren erabilerari buruzko zenbait irizpide kontuan hartuz gero, ikerketak ondorioztatu duenez.

UPV/EHUko IT 781-13 taldeko Mikel Zubizarretak dioenez, abantaila ugari ditu zurak eraikuntza-lanetarako: "Beste material batzuek baino erresistentzia txikiagoa izan arren egituretarako, isolatzaile hobea da (energia-eraginkortasun hobea) eta dentsitate baxuagoa du (pisu txikiagoa egiturak). Horrez gain, berriztagarria da zura —zuhaitzak berriro landatu daitezke eta, gainera, CO2-aren hustubide dira—, eta ugari dugu Euskal Herrian (basoa da EAEko azaleraren % 55, gutxi gorabehera)".

Hala eta guztiz ere, hormigoia eta altzairua baino askoz gutxiago erabiltzen da zura eraikuntzan. Hona horren zergatia, Zubizarretaren iritzian: "Jendeak errezeloa dio zurezko etxeetan bizitzeari: material organikoa da, ez da hormigoia eta altzairua bezain gogorra, su har dezake…". Ikertzaile horrek dioenez, kulturala da, hein handi batean, beldur hori: "Zuraren iraunkortasuna areagotzen duten tratamendu oso onak daude gaur egun; suaren aurkako portaerari dagokionez, berriz, CTE-M arauak zehazten du nola diseinatu behar den egitura. Europako iparraldean (Alemania, Eskandinavia…), adibidez, asko erabiltzen dute zura etxeak egiteko, hango klima hemengoa baino askoz gogorragoa izan arren".

Etxeak eraikitzeko zura geroz eta gehiago erabiliko delakoan dago IT 781-13 taldeko ikertzailea: "Gora egingo du zuraren erabilerak, nire ustez. Badira hori uste izateko zenbait arrazoi, aipatutakoez gain: Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari da zuraren erabilera, eta baso ugari dugu Euskal Herrian. Hori bai, basoak zaindu egin behar dira: egoki kudeatu, entresakak egin, birlandatu… Hartara, lanpostuak eta aberastasuna sortuko lirateke, eta balio erantsi handiagoa izango luke zurak".

Jasangarritasuna ez da ingurumena bakarrik

Zurezkoa izateak, ordea, "ez du berez egiten etxe bat besteak baino jasangarriagoa", dio Zubizarretak. "Ingurumenaren aldetik, bai, jasangarriagoa da zura hormigoia eta altzairua baino. Baina jasangarritasunak baditu beste bi hanka ere (gizarte-erantzukizuna eta ekonomiaren garapena), eta horiekin ez badu bat egiten zuraren kudeaketak, alferrik ari gara. Etxe bat egiteko zura Australiatik ekartzen bada, adibidez, garraioak izugarri areagotzen ditu CO2-aren emisioak; bestalde, ez da hemen lanposturik eta aberastasunik sortzen. Beraz, ezin esan horrela egiten den etxea altzairuzkoa edo hormigoizkoa baino jasangarriagoa denik".

Zurezko egituren ingurumen jasangarritasuna neurtzeko tresna bat garatu du, hain zuzen ere, IT 781-13 taldeak, MIVES deritzon ikerketa-metodologiari jarraikiz. Zurezko egituren Ingurumen Jasangarritasun Indize bat eratzeko erabili da, kasu honetan, metodologia hori, zenbait irizpide eta adierazle kontuan hartuta. Pisu erlatibo jakin bat esleitu zaio adierazle bakoitzari; ondoren, balio-funtzio bat eman, eta, azkenik, 0 eta 1 arteko indize bat lortzen da. Aldez aurretik (2008), Hormigoizko Egiturek Ingurumenarekiko duten Ekarpen Indizea ikertu zuen taldeak, bai eta Altzairuzko Egituren Indizea ere (2011).

Informazio osagarria

‘IT781-13. Sostenibilidad integral en sistemas de edificación y sus materiales' du izena azterketa egin duen taldeak, zeina Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko zenbait irakaslek eta ikerlarik osatzen baitute. Hona ikerketa honetan jardun direnak: Jesús Cuadrado, Ingeniaritza Mekanikoan doktorea; Belinda Pelaz, arkitektoa; Ignacio Marcos,  Ingeniaritza Mekanikoan doktorea, eta Mikel Zubizarreta, Industria Antolakuntzan ingeniaria.

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan egin zen ikerketa, Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHUren diru-laguntzarekin.

Bibliografia-erreferentzia

J. Cuadrado, M. Zubizarreta, B. Pelaz, I. Marcos: ‘Methodology to assess the environmental sustainability of timber structures' in Construction and Building Materials, July 2015, pages 149-158.