euskaraespañol

Argitaratu dira CORTADA 2015en oinarriak

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/19

Irudia

Argitaratu dira jada Vitoria-Gasteizko Film Laburren CORTADA Jaialdiaren oinarriak: hemeretzigarren edizioa 2015eko abenduaren 1etik 5era bitartean egingo da. Aurtengo edizioak zenbait berrikuntza interesgarri ditu; esate baterako, Espainiako Arte eta Zientzia Grafikoen Akademiak aitorpena eman dio jaialdiari, GOYA sarietarako jaialdi kalifikatzaile izan dadin. Hortaz, jaialdia irabazten duenak sari horien lehen hautaketan sartzea lortuko du. Bestalde, euskarazko eta unibertsitateko atalak bultzatuko dira (aurreko edizioan harrera ona egin zitzaien).

PRE-CORTADA ere antolatuko da, RIVICekin batera (irudi ikasketen inguruko lankidetza sarea da, UPV/EHUk Zaragozako, Toulouseko, Bordeleko eta Paueko unibertsitateekin batera sortutakoa). Beste alde batetik, abenduaren 3an, Euskararen Egunean,

EHUSKARABANDA bat-bateko film laburren maratoia egingo da.
2014ko irailaren 1aren ondoren ekoitzitako filmak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara. Lehiaketako filmek gehienez ere 30 minutu iraungo dute, eta egile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango du.

Jaialdiko hiru kategoriez gain (fikzioa, dokumentala eta animazioa), UNILABUR izeneko atal berezia dago: Estatuko edozein unibertsitate publiko edo pribatutako unibertsitate ikasleek parte har dezakete horretan.Atal horren barruan EHULABUR izeneko beste lehiaketa bat dago. UPV/EHUko ikasleek bakarrik parte har dezakete horretan. Bi ataletako bakoitzak epaimahaiaren sari bana izango du.

Izena emateko

Unilabur eta Ehulabur ataletan izena emateko, filma, izena emateko fitxa, dagozkion argazkiak eta unibertsitateko txartela edo egiaztagiria kargatu beharko dira MOVIBETA webgunean (www.movibeta.com).

Izena emateko epea urriaren 10ean amaituko da.Ez da kontuan hartuko epemuga horretatik aurrera igorritako film laburrik.

Harremanetarako e-maila: festivalcortada@gmail.com
Jaialdiaren webgunea: www.festivalcortada.com