euskaraespañol

Bilboko Ingeniaritza Eskolak eta Biotermiak I+G lankidetza garatuko dute

Baso-hondakinetan oinarritutako energia-instalazioei buruzko ikerketa aplikatuko jardueretan elkarlanean arituko dira

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/08/05

Irudia
Pedro Luis Arias, Enrique Amezua, José Ignacio San Martín eta David Amo

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan aurkeztu da gaur, unibertsitate-eskolak berak eta Biotermiak energia arloko zerbitzu enpresak biomasa energia-iturritzat ikertzeko mamitu duten lankidetza-hitzarmena. Bertan jasota geratu denez, bi aldeak, garrantzi ekonomikoa eta zientifikoa duten I+G arloko jardueretan lankidetzan jarduteko interesatuta daude, bereziki basogintza jasangarritik eratorritako zurezko bioerregai solidoen bitartez ekoitzitako bero, hotz eta elektrizitatearen sorkuntzari dagokionez.

Ekimena, Pedro Luis Arias katedradunak zuzentzen duen Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumen Ingeniaritza Sailak bultzatu du, eta gaurko ekitaldian, Ariasen ondoan, Enrique Amezua Eskolako zuzendaria ez ezik, proiektu honetan parte hartuko duen Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako zuzendari José Ignacio San Martín eta David Amo Biotermiak enpresako kontseilari ordezkaria ere izan dira.

Hitzarmenaren helburua, bi aldeei, baso-hondakinetan oinarritutako energia-instalazioei buruzko ikerketa aplikatuko jardueretan elkarlanean jardutea ahalbidetuko dien lankidetza-esparru bat sortzea da, bai eta "kudeatzeko eta ikerketa aplikatura bideratzeko moduko biomasako instalazio termiko-energetikoak aztertu, garatu, gauzatu eta operatzea" ere.

Hitzarmenak 10 urteko iraunaldia izango du, eta horri atxikita landutako lanen inguruko titulartasunari, jabetza intelektualari eta lizentziei dagozkien eskubideak bi aldeen artean banatuko dira. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoaren kasuan, ekimenak ikasleen prestakuntza akademikoan eta goi mailako praktiketan lagunduko du.

Biotermiak baso-jatorri jasangarria duten bioerregaietan oinarritutako energia  sortu, banatu eta saltzeko zerbitzuetan espezializatuta dagoen enpresa da. Konpainia Energia Zerbitzuetako Enpresa bezala eratu zen 2009an, eta bere bazkideen artean, 5.000 hektarea inguruko baso-azalera kudeatzen duten basojabeak eta Euskal Autonomia Erkidegoko baso-azalera pribatu osoaren % 60 ordezkatzen duten 6.000 bazkide inguruko elkarte hitzartuak nabarmen daitezke. Konpainiak eraginkortasun handiko energia termikoa eta baterako sorkuntza eskaintzen die ikastetxeei, kiroldegiei, adinekoen zentroei, etxebizitza-guneei, industria-esparruei, berotegiei etab. Indarrean dagoen energia-ereduaren ordezko alternatiba honek ingurumenari eta kostuei dagozkien abantailak ez ezik, tokian tokiko lehen sektorearen garapena ere sustatzen du.