euskaraespañol

Argantzungo Goi Erdi Aroko herrixka, agerian

Indusketei esker, frantziskotar komentu handi bat ere berreskuratu dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/19

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ondarea eta Kultur Paisaiak arloa ikertzen duen taldeak Argantzungo herrixka zaharra eta frantziskotar komentu handi bat aurkitu ditu Argantzun herrian (Trebiñoko Konderria, Burgos). Gaztela eta Leongo Juntako Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak babestu eta finantzatu du arkeologia proiektua, eta Trebiñoko Udalak ere lagundu du.

Argantzungo ingurua 801. urtetik idatzitako iturrietatik da ezaguna; orduan, izen bereko igarobidean, gatazka armatu bat gertatu zen Arabara eta Gaztelara ondasun bila zetozen arabiarren aurka. 871. urteko idatzi batean Argantzungo Santa Maria eliza aipatzen da. Horrenbestez, dokumentazioaren arabera, uste da Argantzun izan zela Zadorra haraneko lehenengo herrixketako bat. Zehazki, agiri horrek kontatzen du nola Arroncio jaunak bere Leongo aitona-amonengandik oinordetzan jasotako zenbait ondasun eman zizkion Akostako monasterioari; besteak beste, Argantzungo eliza. Horregatik, uste da Argantzun adibide ona dela asturleondar erreinutik etorri ziren kolonizatzaileek zer-nolako birpopulatze prozesua eragin zuten azaltzeko.

Haatik, arkeologia proiektuak erakutsi du Erdi Aroko herrixkak eta herriak sortzeko prozesua oso bestelakoa izan zela Zadorra haranean. Argantzun Iruñea erromatar hiriaren aldirietan zegoen, eta VI. mende aldera sortu zen, La Erilla inguruan A1 bidea eraikitzean egindako indusketetan frogatu den bezala. "Bestela esanda, Argantzun ez zen sortu IX. mendean penintsularen iparraldeko beste sektore batzuetatik etorri ziren kolonizatzaileek birpopulatu zutelako, ezpada bertakoek aurretik izan zuten ekimenaren eraginez" azpimarratu du Juan Antonio Quirósek, proiektuaren zuzendariak.

Oraingo indusketei esker, gainera, Goi Erdi Aroko herriaren izaera eta ezaugarriak ezagutu ahal izan dira. Hain zuzen ere, hilerri handi bat aurkitu da, hilobi antropomorfoz, harlauzaz mugarriztatutako hobiz eta zuzenean arrokan egindako lurperatzez osatua, denak ere milagarren urtea baino lehenagokoak. "Azterlan antropologikoekin, ikusi da hilerrian haurrak zein helduak, gazteak zein zaharrak, gizonak zein emakumeak lurperatzen zituztela; Argantzungo komunitate osoa, finean" azaldu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Era berean, hilerri horrekin loturiko zenbait etxebizitza identifikatu ahal izan dira, Goi Erdi Aroan eta Erdi Aro Betean erabilitakoak. Ez dira oso egitura mardulak, eta harrizko zokaloz eta material suntsikorreko altxaerez eraikita daude. Aurkikuntza garrantzitsuenen artean, laboreak gordetzeko zenbait silo daude.

Gaztelua eta komentua

Herrixkatik gertu, milagarren urte inguruan, Argantzungo gaztelua eraiki zuten, eta oraindik ere zati batean kontserbatzen da, Zadorra ibaiak zeharkatzen duen igarobidean. Herrixkak garrantzi handia izan zuen luzaroan, eta XII. mendearen amaieran, gaur egungo Argantzun edo La Puebla de Arganzón sortu zenean, artean erabili egiten zuten. Behe Erdi Aroan abandonatu zuten herrixka, nahiz eta eliza hurrengo mendeetan zaharberritu.

Bestalde, 1615ean, Nuestra Señora de la Concepción frantziskotar komentua eraiki zuten Goi Erdi Aroko Santa Maria eliza zaharraren gainean. Indusketei esker, monasterio horren oinplanoaren zati bat berreskuratu ahal izan da: komentu eliza bat, klaustro handi bat, baratze bat eta atxikitako beste eraikin batzuk hartzen ditu. Elizaren barruan, gainera, lurperaturiko gorpu ugari aurkitu dira; horietako batek hezurrezko arrosario bat zeraman lepoan. Komentua 1834ra arte erabili zuten, eta behin baino gehiagotan berreraiki eta zaharberritu zuten, aurkitutako paramentuek eta konponduriko lurzoru ugariek erakusten dutenez. Horrez gain, zeramikazko material asko eta elikagai arrastoak ere aurkitu dira, eta, horiei esker, zertxobait argitu daiteke komentu komunitate haren bizimodua. Gasteizko guduan eta gerra karlistetan komentuak kalte larriak izan zituen, eta horregatik abandonatu zuten.

 

Argazkiak: UPV/EHU