euskaraespañol

Ur-araztegiek ez lituzkete ibai-ekosistemak kaltetu behar

Araztegietatik ateratako urak bizidun batzuen jarduera bultzatzen du, eta beste batzuena kaltetu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/29

Irudia

Ibai batek ur-araztegi bateko ura jasotzen duenean, agerian gelditzen da araztegiaren efizientzia. Araztegietatik ateratzen den urak ur-ekosisteman eragin nabarmena duela ikusi du UPV/EHUko ikerketa-talde batek, Gironako ICRA institutuarekin elkarlanean, Freshwater Biology aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Batetik, materia organiko gehiago duenez, materia horretaz elikatzen diren bizidunen jarduera bultzatzen du. Bestetik, ordea, araztegiek garbitzen ez dituen osagai toxikoak ere badituenez, hala nola farmakoak, kalte egiten die beste organismo batzuei.

Ur-araztegien funtzio nagusia giza jarduerari lotuta sortutako ur kutsatuak garbitzea bada ere, "ur-araztegietako efluenteak kutsatzaile askoren jatorri bihurtzen dira ibaietan", azaldu du Ibon Aristi UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia saileko ikertzaileak. Segre ibaian efluente horietako baten eragina aztertu du, bertako komunitateari erreparatuz, alegia, aztertuz nola erantzuten duen efluenteetako kutsatzaileen aurrean.

Ibai-ekosisteman duten eraginaren arabera, bi motatan bereiz litezke araztegietako efluenteen konposatuak: ibaiko bizidunen jarduera areagotzen dutenak, eta jarduera hori moteldu edo inhibitzen dutenak. Lehenengoa, asimilagarri deritzenak, materia organikoak eta mantenugaiak dira. Halakoen aurrean, ibaiko bizidunek beren jarduera handitzen dute, haiek hazteko baliabideak baitira. "Puntu batetik aurrera, edo kontzentrazio jakin batetik aurrera, ordea,  toxikoak izatera irits daitezke. Araztegien helburuetako bat da, hain zuzen, hondakin-uretako osagai horiek kontzentrazio onargarrietara eramatea", dio Aristik.

Bigarren motako konposatuak, berriz, kutsatzaile toxikoak dira, modu batera edo bestera ibai-ekosistemako bizidunei kalte egiten dietenak. Ikerketan, uretan disolbatuta doazen farmakoak neurtu zituzten, "kutsatzaile toxiko guztien indikatzaile gisa. Ulertu behar da farmakoekin batera beste hainbat osagai toxiko daudela, eta multzo guztiak eragiten duela inhibizioa, hala nola metal astunak, pestizidak edota xaboietako osagaiak. Horiek guztiak ez dira ur-araztegietan garbitzen, normalean ez baitaude horretarako prestatuta", argitu du ikertzaileak.

Araztegien efizientzia ezaren ondorioak

Era bateko eta besteko konposatuak ibaiko bizidun mota desberdinei eragiten dietela ikusi dute. Konposatu asimilagarrien eragina arnasketan hauteman dute batez ere, alegia, materia organikoaren prozesamenduan. Honela argitu du Aristik: "asimilagarrien kontzentrazioak gora egiten duenean, arnasketak ere gora egiten du. Araztegiko efluentea sartu baino lehen dagoen arnasketa baino askoz handiagoa da efluentea ibaiarekin elkartzeko puntuan, eta, ibaian behera joan ahala, txikitu egin da asimilagarrien kontzentrazioa, eta, ondorioz, baita arnasketa ere".

Bestalde, kutsatzaile toxikoek fotosintesia egiten duten bizidunei egin diete kalte handiena. Aristiren arabera, "kutsatzaile toxikoen eraginez, berez egon beharko lukeen baino txikiagoa izan da bizidun horien produkzioa. Argiaren menpekoa izan ohi da produkzioa, fotosintesirako ezinbestekoa baitute argia. Araztegiko urarekin elkartzean, ordea, ez dugu neurtu dagoen argi-mailari zegokion produkzioa. Horri lotuta, gainera, ikusi dugu bizidun horiek mekanismo bat aktibatuta dutela toxikoek eragiten diete estresari erantzuteko".

Ikerketak agerian utzi du, Aristiren ustez, "araztegien efizientzia ez dela erabatekoa, eta hori zaindu beharreko zerbait dela, baldin eta ibaietako jarduera osasuntsu irautea nahi badugu". Halaber, gogoeta bat ere egin du Aristik ondorio gisa: "Ikusi beharko genuke zer den komenigarriagoa, orain dagoen bezala, ur-araztegi txiki asko izatea, zeintzuek ibai-tarte ugaritan eragiten baituten inpaktua, edo ibai-tarte gutxiago hondatzea araztegi handi gutxiago eginda". Bestalde, araztegien efizientzia handitzeko aukera ere badago, gaur egun garbitzen ez diren osagaiak jasotzeko filtroak jarrita, adibidez. "Baina betikoa gertatzen da horrekin: legediak behartzen ez duen bitartean, zaila da araztegietan halakoak jartzea, kostu handikoak baitira", dio.

Bibliografia-erreferentzia

I. Aristi, D. von Schiller, M. Arroita, D. Barceló, L. Ponsatí, M. J. García-Galán, S. Sabater, A. Elosegi, V. Acuña: "Mixed effects of effluents from a wastewater treatment plant on river ecosystem metabolism: subsidy or stress?", Freshwater Biology, Volume 60, Issue 7, pages 1398–1410, July 2015. DOI: 10.1111/fwb.12576.

 

Argazkia: Ibon Aristi