euskaraespañol

Letxugaren kalitatea hobetu dute hazkuntza-kondizioak aldatuz

Letxugen kalitate nutrizionala aberastu daitekeela genetikoki eraldatu gabe ondorioztatu dute

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/23

Irudia

UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia saileko ikertzaile batek egiaztatu du letxugaren kalitate nutrazeutikoa hobetu daitekeela hazkuntza-kondizioak aldatuz eta produktibitatea galdu gabe. FisioClimaCO2 ikerketa-taldeak, zeinaren kide baita Usue Pérez-López ikertzailea, estres-kondizioak aplikatu dizkie landareei eta egiaztatu du horren ondorioz zer aldaketa gertatzen diren konposizioan.

Gaur egun, gero eta gehiago ari dira eskatzen kontsumitzaileak produktu osasungarri eta nutritiboak, errendimendu fisikoa hobetzen dutenak, gaixotzeko arriskua gutxitzen dutenak eta biziraupena luzatzen dutenak. Horrenbestez, komunitate zientifikoaren ahalegina areagotuz doa kalitate nutrazeutiko hobea (mineralen kantitatea, proteinak, karbohidratoak, konposatu antioxidatzaileak, bitaminak eta abar) duten elikagaiak lortzeko. Era askotara hobetu daiteke kalitate hori, besteak beste, genetikoki eraldatuz; baina UPV/EHUn berriki egindako ikerketa batek ondorioztatu du letxugaren kalitatea hobetu egin daitekeela hazkuntza-kondizioak aldatuz eta produktibitaterik galdu gabe.

Ikerketaren helburua izan da "ikertzea ea hazkuntza-kondizioak aldatzean handitu ote daitekeen kalitate nutrazeutikoa, pigmentazio desberdineko bi letxuga-kultibarretan (letxuga berde eta gorrietan) —azaldu du Usue Perez-Lopez doktoreak—. Hazkuntza-kondizioak honela aldatu ziren: landareei estres laburrak eragin zitzaizkien, garrantzitsuena baita produktibitaterik ez galtzea". Konposatu nutrazeutikoetako askok landareen defentsa gisa jotzen dutenez, "landareei estres-egoerak aplikatzen bazaizkie (adibidez, ur gaziarekin ureztatzea, argi-intentsitate handiaren mende jartzea edo CO2-kontzentrazio handietan lan egitea), landarearen defentsa horiek indartu egingo dira —azaldu du ikertzaileak—, eta, ondorioz, haren ezaugarri antioxidatzaileak areagotu".

Ikerketaren emaitzek agerian uzten dute letxugaren biomasa-ekoizpena eta kalitate nutrizionala aldatu egiten direla, baina erantzuna kultibarraren araberakoa dela; halaber, egiaztatu dute hazkuntza-teknikarik egokiena hautatzeko (argi-intentsitate handia bakarrik edo ur gazia bakarrik erabiltzea, edo CO2-kontzentrazio handiarekin batera) kontuan izan behar dela zer ezaugarri dituen eraldatu nahi den letxugak.

Ikerketa laborategian egin da, baina "berotegietan probatzea gustatuko litzaiguke". Hemendik aurrera bide berean ikertzen jarraituko dute: hazkuntza-konbinazio desberdinak erabiliz letxugek nola erantzuten duten ikusi nahi dute, letxugetan gaitasun antioxidatzaile handiagoa lortzeko. Hainbat hipotesi dituzte buruan, eta etorkizuneko ikerketetan frogatu nahi dituzte.

Informazio osagarria

Usue Perez-Lopez Biologian lizentziaduna da, eta 2008an lortu zuen doktoretza. Ikerketa UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia saileko FisioClimaCO2 ikerketa-taldean egin du. Taldeko kide dira Alberto Muñoz, Maite Lacuesta, Amaia Mena, Jon Miranda eta ikertzailea bera. Ikerketaren emaitzak Scientia Horticulturae aldizkari zientifikoan argitaratu berri dira, bi artikulutan.

Erreferentzia bibliografikoak

Pérez-López U., Miranda-Apodaca J., Lacuesta M., Mena-Petite A., Muñoz-Rueda A. (2015). "Growth and nutritional quality improvement in two differently pigmented lettuce cultivars grown under elevated CO2 and/or salinity". Scientia Horticulturae. Vol. 195.

Pérez-López U., Miranda-Apodaca J., Muñoz-Rueda A., Mena-Petite A. (2015). "Interacting effects of high light and elevated CO2 on the nutraceutical quality of two differently pigmented Lactuca sativa cultivars (Blonde of Paris Batavia and Oak Leaf)". Scientia Horticulturae. Vol. 191.

 

Argazkiak: Usue Pérez eta Laura López. UPV/EHU