euskaraespañol

PiEk eta beste 23 zentrok itsas ikerketarako Europako azpiegitura bultzatu dute

Europako Batzordeak aurki onartu beharko du 'European Marine Biological Resource Centre' behin betiko sortzea

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/15

Irudia

European Marine Biological Resource Centre (EMBRC), ikerketarako Europako azpiegitura handia, aurrera doa sortze prozesuan. UPV/EHUren Plentziako Itsas Estazioak (PiE) parte hartzen du azpiegitura horretan. Azaroaren 16an eta 18an, EMBRC zentroan diharduten 9 herrialdeetako (Belgika, Frantzia, Grezia, Israel, Italia, Norvegia, Britainia Handia eta Portugal) zientzia ordezkariek eta ministroek estatutuak eta lehenengo aurrekontua onetsi zituzten Bilbon eta Plentzian, zentroari legezko estatusa emate aldera. Hurrengo eta azken urratsa legez ERIC (Ikerkuntzako Azpiegituretarako Europako Partzuergoaren ingelesezko siglak) ikerkuntzako azpiegitura gisa sortzea da; horretarako, baina, Europako Batzordeak oniritzia eman behar du. Denera 24 ikerketa zentrok osatzen dute sakabanaturiko ikerkuntza azpiegitura hori, eta Espainiako nodoa UPV/EHUko PiE-k eta Vigoko Unibertsitateko ECIMATek osatzen dute.

EMBRCren helburua da Europako itsaso guztietako ekosistemetarako sarbide bakarra izatea, hau da: "edozein ikertzailek eskura izatea, alde batetik, bere ikerlana egiteko behar dituen itsas baliabide biologikoak eta, bestetik, biologia molekularraren eta genomikoaren arloko know-how guztia, modu iraunkorrean ustiatu ahal izan ditzan" adierazi du Ibon Canciok, UPV/EHUko Zelulen Biologia arloko irakasle atxikiak eta PiE-UPV/EHUk azpiegitura horrekin bat egiteko arduradunak. Azken batean, EMBRCk erreferente izan nahi du bioteknologia urdinaren aurrerapenetan oinarritutako itsas ekonomia garatzeko.

EMBRC Europako Batzordeak Europako Batasunean kalitateko ikerkuntza jorratzeko sustatu dituen azpiegitura handietako bat da. Osasunaren eta elikaduraren arloan dago, eta guztira hamahiru ikerketa azpiegitura handi biltzen ditu.

EMBRC eratzeko aurreneko lanak 2008an hasi ziren, Europako Batzordeak egitasmo hori bere bide orrira gehitu ostean. 2011n, EMBRCren sustatzaileek lehen proiektuari ekin zioten, eta, 2014rako, herrialde partaide guztiek sinatua zuten azpiegitura legez osatzeko adostasun memorandum bat. Azaroaren erdialdera, etorkizuneko ERIC horren estatutuak eta aurrekontua onetsi zituzten; Espainiako nodoaren kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Galiziako Xuntak diruz laguntzen dute. Zentroa behin betiko eratzeko, Frantziak proiektua Europako Batzordean aurkeztea baino ez da gelditzen (EMBRCren egoitza nagusia Parisen dago); 2017an aurkeztea espero da.

Plentziako Itsas Estazioa

Plentziako Itsas Estazioa (PIE) UPV/EHUren goi mailako ikerketa eta irakaskuntza zentro bat da. Plentziako sendategi zaharrean dago, eta hala itsas ingurumenaren osasuna nola itsas ingurumenak giza osasunean duen eragina ditu aztergai. Zehazki, itsas ekosistemen osasunarekin, ingurumen alterazioek giza osasunean dituzten eraginekin eta itsasoko biobaliabideekin loturiko ikerkuntza eta prestakuntza sustatzen ditu. Bi master ematen dira Itsas Estazioan: European MSc in Marine Environment & Resources (MER), UPV/EHUk eta Bordeleko, Southamptoneko eta Liejako unibertsitateen eskutik, eta Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia masterra. Bestalde, doktorego programak ere egiten dira. Hogei bat zientzialarik eta hogeita hamar doktoregai inguruk lan egiten dute zentroan.

Argazkia: Ibon Cancio, Manu Soto, PiEko zuzendariordea, eta Ionan Marigómez, PiEko zuzendaria. (Egilea: Tere Ormazabal. UPV/EHU)