euskaraespañol

La Hoyako bizilagunen aztarna genetikoa

UPV/EHUko ikertzaileek egindako arakatzearen arabera, ezin da baztertu eremu hartako giza taldeen amen jarraikortasun genetikoa

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/08/17

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko BIOMICs taldeko ikertzaileek Araban den La Hoyako herrigunean bizi izandako gizakien aztarna genetikoa arakatu dute. Ama leinuak analizatuta, ez dute baztertzen eremu horretako giza taldeen jarraikortasun genetikoa, gutxien dela, Burdin Arotik egungo egunetara arte eta, zehazkiago, Guardiako herrian.

PLOS ONE aldizkariak ‘Mitochondrial DNA Reveals the Trace of the Ancient Settlers of a Violently Devastated Late Bronze and Iron Ages Village' artikulua argitaratu du, bertan ematen dute UPV/EHUko BIOMICs ikertaldeko ikertzaileek La Hoyako (Araba, Euskal Herria) antzinako bizilagunen aztarna genetikoen arakatzearen berri, ama leinuen analisia eginik, jarraikortasun genetikoa egiaztatu eta eremu berean iraun dutela agertzeko.

Azterketa honetan, La Hoyako lehengo bizilagunen aztarna genetikoak arakatu dira ama leinuen analisiaren bidez. Zehazkiago esateko, indusketa arkeologiko horretan berreskuratutako 41 giza gorpuzkiren DNA mitokondrialaren (ADNmt) kontrol eremua analizatu da Guardiako 51 giza banakok osatutako lagin batekin erkatzeko, bai eta Arabako probintziako populazio orokorreko beste 56 giza banakorenarekin ere. Aztertutako 41 gorpuzkietatik 25etan lortu ziren emaitzak, 14 ama leinu (edo haplotipo) bereizi delarik.

La Hoyan antzeman diren ADNmt-ren azpihaplomultzo nagusiak H1, H3, J1 eta U5 izan dira, Iberiar Penintsularen iparraldeko populazio autoktonoengan sarri agertzen den txantiloi bereizgarria dutenak. Emaitzei so eginik, ikertzaileek azaldu dutenez, ezin izan dute probatu Guardia eta La Hoyako jarraikortasun genetikorik, nahiz eta hainbat faktore hartu behar den aintzat jarraikortasun aztarnarik aurkitzea zailtzen baitute, laginketaren efektuak, populazioa nahasi duten gertakari aski berriak eta botila lepo genetikoak kasu.

Hala ere, La Hoyan eta Guardian eta Arabako populazioan antzemandako azpihaplomultzoen osaeran ikusi den antzekotasun handiarengatik ezin bazter daiteke ama bidezko jarraikortasun genetikorik, gutxienez, Burdinaren Arotik egungo egunetara arte eremu hartan bizi izan diren giza taldeen artean. Biziki interesgarria litzateke analisi sakonagoa egitea, lagin sorta zabalagoa eta bestelako markatzaile genetikoak erabilita, Brontzearen  aro berankorrean arabar lautadan bizi izandako giza talde hauen historia zehatzago definituko ahal bailitzateke.

La Hoyako aurkikuntzen garrantzia

La Hoyako herrigunea oso garrantzitsua izan zen Brontze eta Burdinaren aroan, garrantzitsuenetakoa Iberiar Penintsularen iparraldean, K.a. IV. mende aldera suntsitu eta III. mendean abandonatu zen arte. Ebidentzia arkeologikoek iradokitzen dute La Hoyako ondorengoek handik gertuko muinoren batean hartu zutela kokaleku, agian orain Guardia herria kokatzen den muinoan.

La Hoyako herrigunean Zeltiberiar Burdinaren aroko izaki helduen hezurdurak, ongi kontserbatuta, aurkitu izana zinez garrantzizkoa da ikuspuntu historikotik nola biologiaren aldetik, orain arte, bederen, oso urriak direlako zeltiberiar kulturako gizaki helduen hondarrak. Garai hartan erabilitako hileta erritoen ondorioa da hau, errausketa erabili ohi baitzen gizabanako helduen kasuan eta, horregatik, oso bakanak dira egun kontserbatzen direnak.. Esan daiteke La Hoyan aurkitu ahal izan direnak ezin izan zirela erre ohi bezala, herriak jaso izan zuen suntsipenaren ondorioz. Beste alde batetik, La Hoyan zeltiberiar hondar asko aurkitu dira, jaio berri eta haur frankoren gorpuzkiak aurkitu direlako herrigune hartan, jaio eta berehala hiltzen ziren haur eta jaioberriak etxeko hegalaren azpian ehortzeko ohitura baitzuten.

BIOMICs ikertaldea

BIOMICs diziplina anitzeko ikertaldea da, bertan batzen direlarik Zelulen eta Molekulen Biologia, Antropologia, Neurozientziak, Elikadura eta Zoologia arloetako zientzialariak, UPV/EHUren Farmazia, Medikuntza eta Erizaintza eta Zientzia eta Teknologiako fakultateetakoak. Jarduna gizakiarena eta bestelako espezieen genomaren dibertsitatearen azterketa eta ikerkuntzan kokatzen dute, bai eta genomaren malgutasuna eta osasun eta gaixotasunaren egoeretan izandako erantzun gaitasuna ere.

 

Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU.

Erreferentzia bibliografikoa