euskaraespañol

‘Medikuntzaren arteak' pertsona kritikoak eta autonomoak behar ditu

Gizarteak kultura arteko testuinguru desorekatu batekin sentikorrak diren profesionalak behar ditu, Pablo Flórez UPV/EHUko medikuaren gradu amaierako lanaren arabera

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/08/19

Irudia

Pablo Flórez medikuak eta UPV/EHUko ikasle ohiak proposatu duenez, prestakuntza soziokulturalak eta medikuntzako profesionalismoak pisu handiagoa eduki beharko lukete Medikuntza Graduaren curriculumean. Gradu amaierako lanean, Flórezek aztergai izan ditu karrerako irakaskuntza gidak eta laugarren mailako ikasleek euren trebakuntzaren inguruan duten ikuspegia. Haren hitzetan, azterlana "Medikuntzako irakaskuntza planaren gaineko hausnarketa bat da, gradua hobetzea xede duena".

‘Formación sociocultural y profesionalismo en el Grado de Medicina' izeneko gradu amaierako lanean, Flórezek adierazi du zaila dela kontzeptu biak (prestakuntza soziokulturala eta profesionalismoa) hezkuntzaren eta medikuntzaren testuinguruan definitzea. Profesionalismoa ‘medikuntzaren artea' delakoarekin lotu izan da tradizioan, baina kontzeptu zabalagoa da berez. Flórezen ustetan, "zerikusia du pazienteek eta gizarteak medikuarengan duten konfiantzarekin".

Alde horretatik, profesionalismoak lotura du prestakuntza soziokulturalarekin, hots, hezkuntza sozialarekin, kulturartekotasunaren hezkuntzarekin eta balioen hezkuntzarekin. Flórezek dioenez, "pertsona kritikoak eta pentsamenduz autonomoak trebatuko dira horrela, gehienek sektore publikoan eta herritarrekin zuzeneko harremanetan jardungo baitute". Kontsulta egin zaien ikasleen aurreikuspenen arabera, % 84k esparru publikoan lan egin nahi dute, eta % 91k ospitalean.

Aztergai izan ditu, halaber, azken urteetako ezaugarri sozialak eta osasunean eta hezkuntzan egin diren gastu politikak. Sektore publikoan gutxiago inbertituz gero, erosteko ahalmen handiagoa duten pertsonek osasun pribatura joko dute, eta sektore publikoak erosteko ahalmen txikiagoa duten pertsonak hartuko ditu. Arrazoi horregatik beragatik, Medikuntzako graduatuen batez besteko profilak maila ekonomikoa gainditzen du; izan ere, baliabide gehien duten pertsonek soilik jo ahal izango dute unibertsitatera.

Gizarte asimetria horri aurre egiteko, Fakultatetik ateratzen direnek jakin beharko lukete zer-nolako gizartetan lan egingo duten –egunez egun desorekatuagoa, multikulturalagoa eta dinamikoagoa den gizartean–, eta, gainera, ezagutza teknikoak eduki beharko lituzkete. "Modu horretan, prestakuntza soziokulturala osasun publiko eta unibertsalaren aldeko konpromisoari eusteko medikuntza profesionalismoaren arma litzateke. Pertsonak zaintzeko lanbide horrek sentikorra izan behar du, eta medikuek jakitun izan behar dute pazienteen gizarte, lan eta ekonomia egoerak eragina duela haien osasunean eta gaixotasunaren garapenean. Horrela, harreman klinikoaren kalitatea eta osasun laguntza hobetu ahalko dira".

Prestakuntza soziokulturala, gainditzeko dagoen irakasgaia

Pablo Flórez medikuak bere azterlanean proposatu du prestakuntza soziokulturalari ematen zaion espazioa areagotu behar dela osasun zerbitzu publikoaren kalitatea modu bidezko eta orekatuagoan hobetu ahal izateko epe luzera.

Lanean, Medikuntza Graduaren irakaskuntza gidak aztertu ditu, eta egiaztatu du desoreka handia dagoela konpetentzia teknikoen eta konpetentzia soziokulturalen artean. "Lan egingo den gizartearen gaineko ezagutza ez dago guztiz txertatua curriculumean", esan du Flórezek. "Gainera, ospitaleko irakaskuntza unitateetan egiten diren ikasketetan, prestakuntza mota hori oso lotuta dago artatzen den pertsonarekin eta zoriarekin".

Irakaskuntza planean, "Etika, Komunikazioa eta Harreman Klinikoa" eta "Lege eta Auzitegi Medikuntza" irakasgaiek baino ez dituzte euren irakaskuntza gida ia guztietan barne hartzen prestakuntza soziokulturalarekin eta profesionalismoarekin lotutako konpetentziak. Pablo Flórezek azpimarratu du konpetentzia horiek ez direla behar bezain zeharkakoak gainerako irakasgaietan, eta inkesta egin duten ikasleak ere bat datoz horrekin. Analisian, gainera, ikusi da inkesta egin duten laugarren mailako ikasleen % 81en ustez garrantzi bera dutela lanbidearen ezagutza humanistikoek zein teknikoek.

Flórezen ustez, azterlan zabalagoa egin behar da irakaskuntza plana alda dadila proposatzeko, baina, halere, proposa daitezke prestakuntza soziala hobetzeko eta irakasgai teknikoagoetan gehiago txertatzeko bideak. Esate baterako, gizarte erakundeekiko lankidetza areagotu liteke, eta kolaboratzaile potentzial horiei leku bat eman lekieke unibertsitateko trebakuntzaren esparruan.

Azterlana

Pablo Flórez Solaranak (Torrelavega, 1992), Medikuntzako gradu amaierako lana egiteko, prestakuntza soziokulturalaren konpetentziekin loturiko zientzia literatura ikertu zuen lehenik, eta hala UPV/EHUko Medikuntza Graduko nahitaezko irakasgaien gidak nola Estatuko 33/2008 Aldizkari Ofizialean (Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa, 2008) agertzen den informazioa aztertu zituen ondoren. Azkenik, Medikuntza Graduko laugarren mailako ikasleentzako galdera sorta bat osatu zuen, eta Gurutzetako eta Basurtuko irakaskuntza unitateetako 67 pertsonak erantzun zuten (44 emakumek eta 23 gizonek). ‘Formación sociocultural y profesionalismo en el Grado de Medicina' izeneko lana Montserrat Fonseca Alfonso Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak zuzendu du.

Pablo Flórezek 2016ko ekainean amaitu zuen Medikuntza Gradua. Orain, barneko mediku egoiliar izateko azterketarako trebatzen ari da, datorren urteko urtarrilean eta otsailean egingo baita.

 

Argazkiak: Pau Mateo (www.fateuser.com) (portada). UPV/EHU.