euskaraespañol

Bilboko Ingeniaritza Eskolako "Telekoek" beraien 25 promozioak ospatzen dituzte

Diziplina hori eskaini zuen Estatuko laugarren eskola izan zen Bilbokoa, eta 1991eko lehenengo promozioan 38 ikasle izan zituen

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/30

Irudia
Une honetan 432 ikasle daude matrikulatuta Telekomunikazio Teknologia Ingeniaritza Graduan

1991n 38 gazte irten ziren Bilboko Ingeniaritza Eskolatik, ordurako ia mende batekoa zen ikastetxe honetako eskolan urrezko beste orrialde bat idatziz. Orrialde horren buruan hitz berria, "teleko", ordutik beste 1.971 ikaslek idatzi dutena, zegoen. Telekomunikazio Ingeniaritzako ikasgeletatik 25 promozio irten direla ospatzeko, Eskolak eta UPV/EHUk topaketa antolatu dute OSTIRAL honetan, ABENDUAREN 2AN, Bizkaia Aretoan, 19:00etatik 22:00etara, promozio guztietako ikasleak eta irakasleak elkartzeko.

Teleko25 izena daraman ekitaldiak ekintza akademiko laburra eta, ondoren, telekomunikazioen mundutik aparte arituko diren zenbait telekoren emanaldiez gozatzeko aukera eskainiko du. Horrela,  Sergio Barranco, Maria Madarieta eta Mikel Renteria (WOPeko sortzailea) ikasle oihek musika emanaldiak eskainiko dituzte, eta Rubik kuboa eginez munduko Guiness errekorra lau aldiz lortu duen David Calvo Eskolako ikasle ohiaren erakustaldia egongo da. Horri esker, nazioarteko konpainia, marka eta telebista askotan aritzeko aukera izan du. Calvo, Eskolatik irtendako Telekomunikazio Ingeniaria, Amsterdamen bizi da une honetan, eta bertan Cisco Systems multinazional estatubatuarrarentzat egiten du lan, Sales Specialist gisa. Une honetan, Cisco Systemsen egiten duen lanarekin batera, berak sortu duen eta motibaziorako hitzaldietara eta ekitaldi korporatiboetara zuzenduta dagoen Darubik enpresan ere ari da. Bertaratutako guztiak aho zabalik utziko ditu superazio pertsonala, helburuak lortzea, ikasketa eta erronkak… gaiak landuz, oso ukitu pertsonal bereziarekin.

2.000 tituludun baino gehiago 25 promoziotan

Bilbokoa, telekomunikazioekin erlazionatutako garapenek etorkizunean izango zuten garrantzia aitortu eta gure inguruko enpresek behar zituzten profesionalak prestatuko lituzkeen titulazioa ezarri zuen Estatuko laugarren Eskola izan zen. Ordutik, bertako ikasgeletatik, Telekomunikazio Ingeniaritzako 2.009 tituludun irten dira, bi ikasketa planetik (1987koa eta 1995ekoa) eta arautegi europarretik igaroz. Garai hartako izpirituari eutsiz, plan horiek izenak aldatu eta edukiak eguneratu dituzte.

Horrela, 2010-2011 ikasturtetik, Bolognako Planera erabat egokituta dagoen Telekomunikazio Teknologia Ingeniaritzako Gradua eskaintzen da, eta duela bi ikasturte Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterra gehitu zitzaion. Une honetan 432 ikasle daude Graduko ikasturteren batean matrikulatuta, eta beste 85 Masterrean.

1991ko lehenengo promozio hartan, matrikulen artetik zortzi baino ez ziren emakumezkoenak. Gaur egun, berriz, neskak ikasleen herena dira, emakumeak espezialitate teknikoetara gero eta gehiago ari direla sartzen erakusten duen adibide garbia. Titulazioak urteak zein ondo hartu dituen erakusten duen beste adibide bat beste ikastetxe batzuekin eta enpresekin gero eta hitzarmen gehiago sinatu izana da, ikasleen prestakuntza osatzeko eta Euskadiko industria sektorearen benetako beharretara egokitzeko.

Lehenengo atalean, Eskolak Europako, Ameriketako edo Asiako 81 ikastetxerekin ditu akordioak sinatuta, ikasleak trukatzeko. Ikasturte honetan 17 dira hitzarmen horietakoren bati esker atzerrian ikasten duten gazteak. Beste alde batetik, iazko ikastaroan, ikastetxeak erabaki zuenez, Graduko 58 ikaslek eta Masterreko 40ek euren prestakuntzaren parte bat 23 enpresatan egin zuten, Hezkuntza Korporatibo programaren barruan. Ekimen horretan, urtez urte, konpainien eskariek ikasle kopurua gainditzen dute, eta ekimenari esker, Masterreko ikasleen %61,5ak Master Amaierako Lana konpainia horietan egiten eta, aldi berean, enpresa bateko eguneroko errealitatea ezagutzen du.

25 promozioren ondoren, ostiral honetan, abenduaren 2an, Bizkaia Aretoa Bilboko Ingeniaritza Eskolatik irtendako zuzendaritza taldeetako kide eta profesional askoren topaleku bilakatuko da, Teleko25 ekitaldiari esker. Une honetan telekomunikazio enpresatan eta beste sektore batzuetan ari dira euren karrera profesionala gauzatzen. Horrez gain, Eskolako irakasle eta bestelako langile asko ere bertan izango dira, urteurrena ospatzen.