euskaraespañol

Euskal arrantzaren arkeologia Bizkaiko golkoaren iparraldean

Aurkitutako arrasto material eta immaterialek berresten dutenez, euskal arrantzaleen jarduerak garrantzi handia izan zuen alde horretan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/01/05

Irudia

Abendu erdialdera, Letren Fakultatean ‘Euskal arrantzaleen arkeologia Bizkaiko golkoaren iparraldean' mintegia egin zen Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO katedrak antolaturik, eta Europako eta Ipar Amerikako aditu entzutetsuek parte hartu zuten. Helburua, hain zuzen ere, euskal arrantzaleek inguru horretan utzi zituzten arrastoen eta eraginaren gaineko ikuspegi orokorra erakustea izan da.

Historian zehar, euskal herritarrak izan dira Europako arrantzalerik trebeenak. Aro berriaren hasieran, euskal arrantzaleek maila goreneko baliabideak erabiltzen zituztela erakusten duten arrasto material eta immaterialak aurkitu zituzten Ipar Ozeano Atlantikoan. Euskal arrantzak sekulako eragina izan zuen Euskal Herritik kanpo, baina baita Euskal Herrian bertan ere.

Sergio Escribano Ruiz Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeko (GPAC) ikertzaileak azaldu duenez, Atlantikoko kostaldean eraikitako behin-behineko kokalekuei lotutako aztarnategiak dira, dudarik gabe, esanguratsuenak. "Hogeitik gora aztarnategi aurkitu dira Kanadako lurretan, eta, oraingoz, bi baino ez Islandian. Gehienak lurreko aztarnategiak dira, eta zerikusia dute baleen arrantzarekin; izan ere, balea arrantzak, bakailao arrantzaren aldean, identifikatzen errazagoak diren aztarnak uzten ditu. Itsaspeko aztarnategietan ontzien arrasto ugari daude, hala nola txalupenak eta galeoienak. Bai itsaspeko bai lurreko aztarnategietan objektu jakin batzuk berreskuratu dira, eta, Euskal Herrian ez bezala, ezin hobeto kontserbatuta daude".

«Pidgin hizkuntza salgaiak trukatzeko sortu zen»

Aurkitutako aztarnak, baina, ez dira materialak bakarrik; nabigazioari eta arrantzari buruzko ezagutzak trukatu zituztela eta tokian tokiko biztanleekin hizkuntza jakin bat erabiltzen zutela erakusten duten frogak ere topatu dira. "Ondare harrigarrienetako bat, pidgina, immateriala da. Pidgin hizkuntza euskal herritarrek eta Kanadako nahiz Islandiako kostaldeko biztanleek salgaiak trukatzeko sortu zen. Euskarazko hitzak eta tokian tokiko gizataldeen dialektokoak erabiltzen zituzten. Kanadaren kasuan, identifikatu ahal izan da pidginak sortu zituztela hala micmac tribuarekin nola innu edo montagnais tribuarekin", esan du Sergio Escribanok.

Aztarna horiek argi eta garbi erakusten dute euskal arrantzaleen jarduerak berebiziko garrantzia izan zuela. Euskal arrantzaleak mundu osoko potentzia bilakatu ziren; izan ere, alde batetik, balea koipearen monopolioari eutsi zioten, eta balea koipeari esker Europako herrialde gehienak argiztatu eta ehungailuak koipeztatu zituzten XVII. mende osoan; eta, bestetik, nabigazioaren teknologiarekin lotutako potentzia nagusia izan ziren. "Europako gainerako potentziek euskal ontziolen teknologia kopiatu zuten. Arazoa da kontu horiek guztiak gehiago ezagutzen eta balioesten direla kanpoan geure gizartean baino, eta prozesu historiko hori guretzat ez dela izan nortasunaren ezaugarri eta harro egoteko arrazoi", azpimarratu du GPACeko ikertzaileak.

Orain, zenbait ikerlerro daude martxan, mintegiaren harira sortutakoak. Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldea aztarna zeramikoak aztertzen eta gertaera hura unibertso kolonialaren testuinguruan kokatzen ari da. Montrealgo Unibertsitatea ere lan handia egiten ari da Kanadako euskal arrantzaren datu arkeologikoak interpretatzen. Albaola elkarteak, berriz, teknologia tradizionala berreskuratzen dihardu San Juan ontziaren erreplikaren bitartez, eta euskal arrantzaleak AEBko Maine estatuan ibili zirelako frogak aurkitu nahian dabil. Ildo beretik, doktoregai batzuk itsasketari buruzko tesiak idazten ari dira. Hizkuntzari dagokionez, nabarmentzekoak dira toponimiari eta pidginari buruzko azterlanak.

Euskal arrantzak eragin handia izan zuen euskal arrantzaleak kokatu ziren eremuetan, baina, horrez gain, Euskal Herriari ere diru laguntza izugarria ekarri zion. "Hori orain esku artean ditugun ikerlerroetako beste bat da. Badirudi kolonialismoa Ameriketan gertaturiko zerbait izan zela, eta ez gara arduratu euskal arrantzak hemen zer-nolako ondorio zehatzak eta orokorrak izan zituen aztertzeaz. Gipuzkoan zein Bizkaian jendaurrean aitortu zen, XVI. eta XVII. mendeko zenbait idatziren bitartez, probintziako jarduera ekonomikoa burdinan eta Ternurako nabigazioan oinarritzen zela. Horrenbestez, XVI. mendeko euskal ekonomiaren goraldi famatua, zeina nabari-nabaria baita alderdi materialean, arrantzari esker gertatu zen neurri handi batean. Gainera, oinarri ekonomiko hutsa baino askoz gehiago izan zen: paisaia, arkitektura, munduaren ikuskera… dena aldatu zen", azaldu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Tokian tokiko gizarteekin izandako harremanak

Garai historiko horren alderdirik liluragarrienetako bat euskal itsasgizonek tokian tokiko biztanleekin izan zituzten harremanak dira. Euskal arrantzaleek euren inguruko gizatalde ugarirekin izan zituzten harremanak, baina ez Aro Modernoko harreman kolonial klasikoak, baizik eta elkarren onuran oinarritutakoak. "Hori garbi ikus daiteke Iparraldeko arrantzaleen aliatu izan zen micmac tribuarekin sortutako harremanean eta Hegoaldeko arrantzaleekin lotura estuagoa izan zuen innu tribuarekin sortutakoan. Pidgina harreman positibo horren sintoma argia da, eta, gainera, hori frogatzen duten ebidentzia idatziak nahiz materialak daude. Uste da inuitekin, edo eskimalekin, harreman tirabiratsuagoak izan zituztela, baliabide berberekin lehiatzen zirelako. Erregistro materiala, baina, paradigma hori aldatzen ari da, eta erakusten digu elkarrekin lan egin izan zutela zenbait alditan", zehaztu du Escribanok.

Harreman guztiak ez ziren horren idilikoak izan, ordea. Jardunaldian botatako ‘Euskal balezaleen triskantza' dokumentalak 1615. urtean desagertu ziren euskal baleontzien arrastoen bila Islandiara eginiko bidaia kontatzen du. Filmak espedizioetako batzuk nola amaitu ahal ziren azaltzen duen istorio tragikoa erakusten du, modu gordinean. Hain zuzen, Martín de Villafranca gaztea buru zuen eta Islandian baleak arrantzatzen ibili zen hiru ontziko espedizio baten istorioa kontatzen da. Bada, etxera itzultzear zeudela, ekaitz batek ontziak hondoratu zituen, eta tripulazioa lurrean gelditu zen. Hotza iristearekin batera, tokiko biztanleekin arazoak izaten hasi ziren, eta, azkenean, bertakoek itsasgizonak hil zituzten. Filmak azaltzen du, ondo dokumentatuta eta modu oso argigarrian, zeinen gogorra izan zen Euskal Herriko lehenengoetariko jarduera ekonomiko kapitalista eta globalizatuetako bat.