euskaraespañol

«Latina dakien emakumea…»

Erakusketa batean bildu dute XIX. mendeaz geroztik emakumeek emantzipatu arte egin duten bidea

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/02

Irudia

"Latina dakien emakumea, senarrik eta asmo onik gabea". Antzinako (edo ez hain antzinako) pentsamoldearen fruitu den esapide horrek irekitzen du Arabako Campuseko Irakasle Eskolako ‘Emakumeak emantzipatu arteko ibilbide luzea' erakusketa. Ikuspegi historiko eta didaktikoa abiapuntu hartuta, erakusketak bide hori posible egin duten oinarriak aztertzen ditu: hezkuntza, eskubide politikoak eta lana.

Hezkuntza eta Kirol Fakultatearen Irakasle Ikasketen Atalak ‘Emakumeak emantzipatu arteko ibilbide luzea' izeneko erakusketa jarri du eskolako lehen solairuko korridorean. Hezkuntza, lana eta eskubide politikoak oinarri hartuta, Donostiako emakumeen historiaren zati bat bildu dute erakusketan, XIX. mendearen amaieratik gaur artekoa hain zuzen ere. Helburua da emakumeen historia eta ekarpenak agerian jarri eta ezagutaraztea, eta, izenburuak adierazten duen moduan, emakumeak emantzipatu arteko ibilbide luzearen zertzelada batzuk erakustea.

Ekainaren 30era arte ikusi ahal izango da erakusketa; gainera, martxoaren 7an bisita gidatu bat izango da erakusketaren arduradun María Ascensión Martínez Martín historialari eta dokumentalistaren eskutik, 12:30ean. Martínez Historiako doktorea da UNEDen, eta hainbat monografia eta artikulu kaleratu ditu emakumeen historiari eta politika sozialei buruz. Halaber, El Mundo egunkariko zutabegile izan da, eta María Maeztu Forum Feministan eta Donostiako Udalaren Emakumeak eta Hiria Foroan parte hartzen du. Erakusketaren diseinua Concetta Probanza artista gipuzkoarrak ondu du.

XX. mendearen hasieran, emakumeen analfabetismoa ikaragarrizkoa zen. Hori zela eta, hezkuntza arautua jasotzeko eskubidea helburu bilakatu zen, merkatuan aurrera egiteko ikasketa maila egokia behar baitzen: lehen hezkuntza, erdi mailako hezkuntza eta goi mailako hezkuntza (1910. urtera arte, emakumeek ezin izan zuten unibertsitatera jo gizonen baldintza beretan). Bestalde, eskubide politikoek ematen dute berdintasuna eskatzeko modua, eta horregatik izan zen hain garrantzitsua emakumeen sufragioaren aldeko borroka. Hala, hezkuntzarako, lanerako eta sufragiorako eskubideak "ibilbide luze" horren lerro bihurtu ziren. "Batzuetan iruditzen zaigu bizi garen garaiak baino ez duela garrantzia, eta hori hala da, betiere ez badugu iragandakoa ahazten. Eta, emakumeei dagokienez, jakin behar dugu zenbat kostatu zitzaien gure aurreko emakumeei gaur egun gure inguruko herrialdeetan daukaguna lortzea. Horregatik ari gara ‘ibilbide' batez hizketan, eta argazkiak jarri ditugu iturri historiko gisa, azalpenezko testuekin batera", esan du María Ascensión Martínezek erakusketari buruz.

Sufragistak eta feministak

Lorpen horien protagonista nagusiak sufragistak eta feministak izan ziren, baina hemen ez zen izan Estatu Batuetako eta Ingalaterrako mugimendu sufragisten antzekorik. Emakume gutxi batzuek defendatu zituzten jarrera feminista eta sufragistak gizonen oposizioaren aurrean; Emilia Pardo Bazánek, María Maeztuk eta Benita Asasek, besteak beste. "Gizonek buru egin zioten prozesu horri, eta, zoritxarrez, oraindik ere hala egiten diotelakoan nago. Virginia Woolfek ezin hobeto azaldu zuen horrek ematen zuen amorrua: ‘irakasleak emakumeen gutxiagotasun mental, moral eta fisikoari buruz egindako baieztapenera, hain zuzen ere. Jauzi egin zidan bihotzak. Kiskaltzen nituen masailak. Gorri-gorri jarri nintzen, amorru bizian'. Horregatik zioen hau: ‘Gizonek emakumeen burujabetzeari jarritako oztopoen historia interesgarriagoa izango da, beharbada, askatasun eta burujabetza horren kontakizuna bera baino' (Gela bat norberarena). Baina horrek ez du esan nahi ez denik egon historian zehar emakumeen aldarrikapenak babestu dituzten gizonik", azaldu du erakusketaren arduradunak.

Francoren garaipenak errotik moztu zituen Errepublikan emandako aurrerapausoak. Emakumeek etxean lan egin behar zuten, seme-alabak eta senarra zaintzen. Alabaina, 1959ko Egonkortze Planaren eta 1964tik 1971ra bitarteko garapen planen ostean ziklo ekonomikoa aldatzearen ondorioz, emakume mordoa hezkuntzan eta lan munduan sartu ahal izan zen, eta, sektore kontserbadoreenak aurka agertu ziren arren, prozesu geldiezina izan zen.

"Orain, emakumeek hezkuntza jasotzeko, aske izateko eta denetariko giza jardueretan lan egiteko eskubidea duten honetan –errealizazio osoa lortzeko gizonek ibili dituzten bideak bereganatu dituzten honetan–, iraganaren itzalak besterik ez dio eragozten emakumeari bere bidea aurkitzea, feminitatearen mistikak zorrozki kontserbaturiko itzal horrexek", idatzi zuen Pulitzer saridun izandako Betty Friedanek (1921-2006) Mistika femeninoa lanean, 1963an. Demokraziak aurrerabide handia ekarri zuen, 1978ko Konstituzioak gizonen eta emakumeen arteko eskubide berdintasuna ezarri zuelako. Feminismoa suspertu egin zen, eta hainbat elkarte feministak presio egin zuten lege zaharrak kendu eta beste batzuk ezar zitezen (esaterako, dibortzioaren legea 1981ean eta abortuaren despenalizazioa 1985ean).

Esan bezala, erakusketak, ikuspegi historiko eta didaktikoan oinarrituta, berdintasun juridikoaren esparruan egindako aurrerapausoak azaltzen ditu; bereziki, lan egiteko eta hezkuntza jasotzeko XIX. mendearen bukaeratik gaur arte eman diren aurrerapausoak. ‘Emakumeak emantzipatu arteko ibilbide luzea' ez da bukatu, ordea. "Kontuan hartuta 2017a hasi dugunetik zenbat emakume erail dituzten euren bikotekideek, lehenik eta behin lortu behar dugu behin betiko amaitzea emakumeen kontrako indarkeria hori. Horren ondoren daude soldaten arteko benetako berdintasuna, enpresa pribatuetan lan jakin batzuk eskuratzeko dagoen kristalezko sabaia… Eta ez ditugu ahaztu behar beste herrialde batzuetako emakume horiek ere, gutxieneko eskubideak ere ez dituztenak, ezta seme-alabei jaten eman ahal izatekoa ere. Horregatik diogu dena aldatu dela… baina ez hainbeste. Oraindik ere baliagarri zaigu Machadoren poema: ‘Ibiltari, ez dago biderik, ibiliz egiten da bidea", eta horretan ari gara", adierazi du, bukatzeko, María Ascensión Martínezek.