euskaraespañol

Haurren artean fruta eta barazkien kontsumoa sustatzearen aldeko saria

Bittor Rodríguez UPV/EHUko eta CIBERobn zentroko irakasle eta ikertzaileak zuzentzen du programa, Gasteizko Udalarekin lankidetzan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/11

Irudia
Bittor Rodríguez. Argazkia: UPV/EHU

Haurren artean fruta eta barazkien kontsumoa sustatzeko programak (II. fasea) eskolan elikadura osasungarria sustatzearen aldeko NAOS Estrategiaren X. Saria irabazi du. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko irakasle eta ikertzaile Bittor Rodriguezek zuzentzen du programa, Gasteizko Udalaren Osasun Publikoko Zerbitzuarekin elkarlanean.

UPV/EHUk eta Gasteizko Udalaren Osasun Publikoko Zerbitzuak 2005. urteaz geroztik dihardute elkarrekin elikadura osasungarria sustatzeko lanean. Elkarlan horren harira, hainbat programa jarri dituzte martxan, baita horien gaineko aitorpenak lortu ere. 2013an, esaterako, FEMPen Espainiako Hiri Osasuntsuen Sarearen Kalitate Saria eraman zuten, bizimodu osasungarrien aldeko egitasmoak sustatzeagatik; eta 2014an, berriz, NAOS Estrategiaren lehen accesita eman zien AECOSAN Espainiako Kontsumo, Elikagaien Segurtasun eta Nutrizio Agentziak, eskolan elikadura osasungarria sustatzeagatik.

Programa sarituaren helburua da, hain zuzen ere, Gasteizko ikastetxeetan fruta eta barazki fresko gehiago kontsumitzea. Hala, haurrek ordubeteko saioak eta askotariko jarduerak egiten dituzte jateko erabakien inguruan, diziplina askotako kideez osatutako talde batek lagunduta (soziologoa, epidemiologoa, analisi sentsorialaren arloko espezialistak, dietista-nutrizionistak, sukaldariak eta ekoizleak).

AECOSANen NAOS Estrategiaren Sariek helburu dute elikadura osasungarria eta/edo jarduera fisikoa sustatuz obesitateari aurrea hartzeko xedea duten programa, interbentzio eta egitasmoak nabarmendu eta agerian jartzea. Sariok, gainera, bide eman dezakete programak beste arlo edo leku batzuetan aplikatzeko; beste proiektu batzuk abian jartzeko; "jardunbide egokiak" identifikatzeko; eta administrazioek eta eragile sozial eta ekonomikoek ohitura osasungarriak sustatze aldera egin behar duten lankidetza sustatzeko.

Hamargarren sari hauetan, guztira 71 proiektu aurkeztu dira sarien modalitate guztietarako. AECOSANek ebaluatu zituen proiektuok, deialdiaren eskakizunetan eta ebazpenean adierazitako balorazio irizpide orokorretan oinarrituta. Proiektu horietatik guztietatik 25 proiektu finalista hautatu ziren, eta epaimahaikideei aurkeztu zitzaizkien, balorazioa egin zezaten eta

2016ko 7 saridunak eta accesitak aukera zitzaten.
NAOS Estrategiaren Sariek ez dute dirurik ematen: dagokion Osasun ministroak saria irabazi izana egiaztatzen duen diploma bat eta garaikurra ematen dizkio irabazleetako bakoitzari, NAOS Konbentzioan egin ohi den ekitaldi batean.