euskaraespañol

Ikasketa bidaia megalitikoa

Historiaurre Arloko ikasleek gertutik ezagutu dute ikasgelan ikasitakoa Bretainiako ibilaldi batean

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/17

Irudia

Geografia, Historiaurre eta Arkeologia Saileko Historiaurre Arloko hiru irakasle eta 28 ikasle Bretainia aldeko monumentu megalitiko garrantzitsuenetan zehar ibili dira apirilean. Bigarren eta hirugarren zikloko ikasleentzako ikasketa bidaia horiek 2004. urtetik egin dira, Javier Fernández Eraso irakasleak antolatuta.

Apiril hasieran, Letren Fakultateko irakasle eta ikasleen taldeak ikasketa bidaiari ekin zion Bretainiara bidean, eta bertan lurraldeko megalito nabarmenenak bisitatu zituzten. Itzuleran, Prignac eta Marcapsen gelditu ziren, Bordeletik hurbil, han baitago Pair-non-Pair-eko grabatu paleolitikoak dituen haitzuloa. Frantzian deskubritutako lehenengoetakoa izan zen, 1881ean, eta asko balio izan zuen labarretako artea ezagutzeko, ordurako Altamiran aurkitutakoa. "Bidaiak 2004an hasi ziren, betiere ikasleek labarretako artea edo megalitoak zuzenean ikusteko asmoarekin", Javier Fernández Erasok azaldu duenez. "Oso desberdina da horiek argazkietan ikusi edo benetan behatzea. Tamaina, pigmentuen tonalitatea, grabatuen eta margoen gainjarpenak eta, bereziki, haitzuloen barrualdean edo monumentu megalitikoekin izaten diren sentsazioak. Hori guztia ezin da ikasgela bateko irudi hotz baten bidez sentitu. Horregatik hasi ginen batez ere honelako ikasketa bidaiak egiten".

Aurtengo Bretainiako ibilaldia Barnenezera bisita batez hasi zen, edo Kerdi Brasera (Plouezoc'h): egun, 75 metro luze, 28 zabal eta 6 altu dituen tumulua da, eta barrualdean hamaika hileta ganbera biltzen ditu, guztiak ere (bat salbu) ganga aizunez eraikiak. Tumuluak tonalitate askotako tokiko metadolerita eta granito harriz eraikita dago. Kristo aurreko 5010etik 440era altxa zuten.

Bidaiako hurrengo geltokia Carnac izan zen, eskualde horretako deskubrimenduak biltzen dituen Historiaurreko Museoa bisitatzeko. Aipagarriak dira bertan jadez fabrikatutako aizkora polituen multzoa eta zirkuluetan gainjarritako brontzezko aizkorak, kanpai formako zeramikak, norbere objektu apaingarriak eta abar, berrogeita hamarretik gora. Alde horretan, gainera, Carnaceko Ilarak direlakoak daude, 4.000 iruinarri dituzten lau kilometro luzeko  hainbat errenkada. Kristo aurreko 4500etik 2500era altxa zituzten. Le Manioko multzoa sei metro altuko iruinarri handiagatik eta haren laukiagatik da ezaguna.

Ibilaldiko hurrengo puntura, Locmariaquer-era heldu baino lehen, Saint Micheleko tumulu handian gelditu ziren. 125 metro luze ditu, 60 metro zabal eta 10 metro altu, eta bi hileta ganbera biltzen ditu; egun, baina, baseliza bat du gainean. Locmariaquer-en Table des Marchandeko trikuharriak ikusi ahal izan zituzten, gainean forma zorrotzeko harlauza handia dutela. Aire zabaleko estela bat izango zen eta, haren inguruan, multzo megalitikoa eraikiko zuten, makulu zizelkatuz eta harlauza estalgarriz apaindua. Harlauza hori hautsitako iruinarri berrerabili bat da, eta haren pusketak Gavrinisen daude eta, beharbada, Er-Grah-n. Aizkora bat, makulu bat eta abelgorri baten zati bat ditu grabatuta. "Ingurune honetan, Er-Grahko tumulua eta iruinarri handi etzana daude, bisitatzeko moduko multzo txiki bat; badago ere alderdi honetako deskubrimenduak eta zaharberritzea azaltzen dituzten proiekzioak ematen dituen harrera zentro bat", UPV/EHUko irakasleak adierazi duenez. Aipagarriak dira, halaber, Mane Ludeko trikuharriak, batek buruko harlauzan zetazeo bat grabatuta duela, edo Pierres Plateskoa, alboko galeria bat duen trikuharri ukondotua; bertan nabarmentzen dira ezkutu, txori, olagarro eta abarrez grabatutako ortostatoak.

Egun, Gavrinisko tumulua (Larmor Badem) uharte txiki batean kokatzen da, baina altxa zutenean, duela sei mila urte, kontinentean zegoen. 50 metro diametro eta zazpi metro altuko tumulu zirkularra da, granitozko harlauzez eratutako hileta ganbera bakar bat aterpetzen duena. Horiek guztiak ezkutu, aizkora, arku, gezi, suge antzeko forma, makulu, kiribil eta abarren irudikapenez apainduta daude.

Bretainiako ibilaldiko azken zatian, Bougongo museoa eta tumuluen multzoa bisitatu zituzten, Kristo aurreko 4700. urtean altxatutako nekropolia. 40 metro diametro eta bost metro altu izatera heltzen diren plano zirkularreko tumuluak dira, edo plano luzekoak bestela, 72 metro luze, 26 metro zabal eta 4-5 metro altu izatera heltzen direnak. Barruan, harlauza handiz eraikitako hileta ganberak biltzen dituzte, erdiko zutarri handi batez edo harlangaitz hormez eutsiak, eta ganga aizun batez amaituak.

Bidaiaren azkenburukoa Pair-non-Pair-eko haitzuloetara egindako bisita izan zen (Prignac et Marcaps), 1881ean kasualitatez deskubritua. Askotariko animalia, zaldi, mendi ahuntz, mamut, zerbido eta abelgorri handien grabatuak biltzen ditu, eta Aurignac aldiko Goi Paleolitoaren hasieran egin zituzten. Era horretan, ikasleek unibertsitatean klasean ikusi duten guztia zuzenean ezagutu ahal izan zuten.