euskaraespañol

Neandertalek lurraldeko baliabideak beren interesen eta lehentasunen arabera ustiatu zituzten

Ikerketan UPV/EHUk parte hartzen du; gizarte konplexu eta dinamiko horien inguruko datu berriak ematen ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/23

Antonio J. Romero
Antonio J. Romero. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Neandertalen taldeek kultura konplexuak eta dinamikoak izan zituzten, eta horiek aldatzen joan ziren, denbora eta espazioan. Halaber, lurraldea ustiatzeko estrategiak beren interes eta lehentasunetara egokituta zeuden. Jarama VI (Guadalajara) aztarnategiaren hiru okupazio fasetako fauna hondar berrien azterlana Archaeological and Anthropological Sciences-en argitaratu da, eta horrek egiaztatzen du beren lehentasunak garatu zituztela baliabideei eta baliagarritasunari dagokienez.

Antonio J. Romero Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Historiaurreko Arloko ikertzaileak Jarama VI Guadalajarako aztarnategiko fauna hondarren azterlanean parte hartu du; horren bidez, neandertalek Iberiar Penintsularen erdigunean bizirik irauteko eta lurraldea ustiatzeko baliatzen zituzten estrategien ezagutza hobetzen lagundu da. “Neandertal gizakiek erabilera desberdina eman zioten lekuari, unearen arabera: lehenengo, iraupen luzeko bizitegirako kanpamentu izan zen, gero landareak eta beste baliabide batzuk biltzeko noizean behingo leku eta, azkenik, ehiza toki. Fase zaharrenean haragi tiren erauzketa antzeman da, gero kontserbatzeko (lehortearen edo keztaketaren bidez) eta gero kontsumitzeko”, esan du ikertzaileak.

Historiaurreko gizakien bizimoduak berreraikitzea ez da erraza. Milaka urte igarotzean, antzinako asentuak harri hondarrak, hezurrak eta suen aztarnak eta beste egitura batzuk baino ez dira. Hala ere, iraganeko gizakiek ehizatutako animalien hezurren azterlanak zantzu garrantzitsuak eman ditzake jende horren bizimoduaren inguruan. Alde batetik, Paleontologiako tekniken bidez kalkula daiteke zer adinetan eta zer urtarotan hil ziren Paleolitoko gizakien ehizaki asko, besteak beste, oreinak, sarrioak, basahuntz piriniotarrak edo baso zaldiak. Bestalde, animalien gorpuekiko sarraskiak ebaki zantzuak uzten ditu hezurretan eta horiek interpretatu egin daitezke. Horrela, jakin daiteke animaliak zatituak ote ziren zuzenean suaren gainean sukaldatzeko eta unean bertan kontsumitzeko, kontserbatzeko eta hornidura gisa gordetzeko haragi tiretan ateratzen ote ziren, orduan animaliaren azala interesatzen ote zen edo hezurrak hezur muina kontsumitzeko kolpatzen ote zen, besteak beste.

Duela 40.000 urte desagertu aurretik, neandertalen komunitateek Eurasia osoan bizi izan ziren, Mediterraneoko kostetatik Siberia arte, milaka urtez. Iberiar Penintsularen barrualdea ez zen salbuespena. Nomada gizarte horiek ekosistema oso desberdinetara egokitu ziren; lurraldetik mugitzen ziren, urtaroaren eta baliabideen eskuragarritasunaren arabera.

Orain argitaratu den lanean Iberiar Penintsularen erdi-erdian bizi izan ziren neandertalen komunitateak hurbiletik erakutsi dira, Guadalajarako Jarama VI aztarnategitik abiatuta. Neandertalen antzinako asentamendu horretan gizakiak izan ziren, hiru fase desberdinetan, duela 50.000 urte inguru. “3. mailan, antzinakoenean, neandertalen komunitateak aztarnategiaren babesleku harritsuan finkatu ziren, Jarama ibaitik hurbil; egonaldi luzeko bizitegi kanpamentua zen eta bertan bizi ziren urte osoan zehar. Ehiztarien irteerek ekarri zituzten alderik gozoenak oinarri kanpamentu horretatik kanpoko beste leku batzuetan ehizatutako oreinen haragiarekin”, azaldu du Romerok. Ikertzaileek egiaztatu dute neandertalek animalia horien haragia banatzen eta kontsumitzen zutela eta, gainera, horren zati bat tiretan ateratzen zela oreinen hanketatik, kontserbatzeko, ziurrenik eguzkitan lehortuta edo ketuta. Halaber, oreinen azalak lantzen zituzten, berokiak, mantak eta kanpamentuetarako beste osagarri batzuk egiteko.

“2. mailan –dio ikertzaileak– egiaztatzen dugu neandertalen taldeek aztarnategia bisitatu izan zutela. Gizakiek ingurunean belarjale batzuk ehizatu zituzten, uda eta udazkena bitartean, eta animalia horien zati batzuk aztarnategira eraman zituzten eta bertan kontsumitzen zituzten. Fase horretan oso klima hezea egon zela eta ibaia sarritan hazi zela kontuan hartuta, ziurrenik neandertalen komunitateek interes handiagoa izan zuten landare baliabideetan ehizan baino”. Fase honetan ziurrenik ihiak eta erriberako beste landare jangarri batzuk prozesatzeko erabili ziren harri koskor batzuk aurkitu dira.

Azkenik, “1. mailan (lekuaren faserik oraintsukoena), neandertalen taldeek Jarama VI ehiza toki gisa erabili zuten, batik bat basoko zaldietarako, udaberri amaieraren eta udaren artean. Animaliak lekuan bertan edo aztarnategiaren inguruetan hiltzen ziren; bertan gorpuen lehen prozesatua egiten zuten, eta zati batzuk kontsumitu (saiheskia eta bizkarrezurra) eta alderik haragitsuenak (atzealdeko eta aurrealdeko laurdenak) beste kanpamentu batzuetara eramaten zituzten”, dio UPV/EHUko ikertzaileak.

Beraz, azterlanak amaitzeko dio neandertalen komunitateek jakin zutela beren ingurunea nola kudeatu eta urteko sasoi bakoitzean baliabideak nola aprobetxatu. “Talde horiek beren harrapakinak prozesatu zituzten eta horietatik haragi tirak eskuratzen zituzten batzuetan; tira horiek, eguzkitan lehortuta edo ketuta, jatekoaren erreserbak izan ziren, Iberiar Penintsularen erdigunea bezain bitarteko gogorrean. Neandertalen komunitateek garatzen dute, beraz, elikagaiak kontserbatzeko teknologia. Gainera, talde horiek denboran zehar leku horren okupazio fase desberdinetan eginiko estrategia aldaketaren bidez ziurta dezakegu epe luzerako plangintza garrantzitsua zeukatela, bai eta kultura konplexua eta dinamikoa ere eta, horren ondorioz, lehentasun batzuk izan behar zituztela ingurunean zeuden baliabideei dagokienez”, esan du amaitzeko Antonio J. Romerok.

 

Informazio gehigarria

Antonio J. Romero Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko irakasle-ikertzailea da, eta UPV/EHUren Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Historiaurrea Arloaren barruan lan egiten du. Iberiar Penintsulako barnealdean neandertalen komunitateek izandako funtzionamenduari buruzko artikulua, ‘Neanderthal communities in theheart of the Iberian Peninsula: taphonomic and zooarchaeological study of the Mousterian site of Jarama VI (Guadalajara, Spain)’, oraintsu argitaratu da Archaeological and Anthropological Sciences-en.

Erreferentzia bibliografikoa