euskaraespañol

Aurrerapen berriak polimeroen birziklapenean: plastikoen ekonomia jasangarri baterako bidea

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/04/08

Irudia
Haritz Sardon eta Coralie Jehanno ikertzaileak, lanaren egilekideak. Argazkia: Polymat

UPV/EHUko eta POLYMATeko zientzialariak buru dituen ikertalde batek modu kritikoan aztertu ditu plastikoen polimeroak birziklatzeko egungo metodoen abantailak eta erronkak –ekonomia jasangarria lortu nahi dute metodook–.

Ikuspegi hori Nature aldizkari ospetsuan argitaratu da, eta plastikoen birziklapena sustatzeko metodo puntakoenak erakusten ditu.

Haritz Sardon ikertzailea, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle atxikia eta POLYMATeko Katalisi eta Polimero Jasangarrien taldeko liderra, eta Coralie Jehanno ikertzailea (POLYMAT, Polykey) dira lan honen buru. Birminghameko Unibertsitateko (Erresuma Batua), Ganteko Unibertsitateko (Belgika) eta Ipar Carolinako Unibertsitateko eta Coloradoko Unibertsitateko (Ameriketako Estatu Batuak) nazioarteko ospe handiko zientzialariekin lankidetzan egin da lana.

Argitalpen honen helburu nagusia da plastikoen birziklapenean eta gainziklapenean erabilitako azken prozesuak modu kritikoan ebaluatzea. Hondakin plastikoak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko estrategiak garatzea erronka handi bat da, bai zientifikoki, bai sozialki, hondakin plastikoen kopurua murrizteko ez ezik, baita berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko ere. Horregatik, Sardon doktoreak dioenez: “Bi urte behar izan ditugu lan hau osatzeko, eta plastikoen balioa handitzeko eta plastikoen arazoa gutxitzeko alderdi kimikoak jorratzeaz gain, plastikoak birziklatzea berotegi efektuko gasak murrizteko ezinbestekoa dela frogatzen duten bizi zikloak ere biltzen ditu”.

Sardon doktorearen ikertaldeak egindako lanari esker eta ekonomia zirkularrean eta polimeroen birziklapenean esperientzia handia duten nazioarteko ikertaldeekin egindako lankidetzei esker, “plastikoen birziklapena sustatu ahal izatea” espero du ikertzaileak “horrela, epe ertainean plastikoen ekonomia jasangarri bat lortu ahal izateko”.

Haritz Sardon doktorea Kimikan doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Gero, Histocell enpresan aritu zen tarte labur batez eta, ondoren, doktoratu ondoko egonaldi bat egin zuen IBMn (Kalifornia); polimerizaziorako organokatalisiaren erabileran lan egin zuen. Doktoratu ondoko egonaldiaren ondoren, Espainiara itzuli zen Juan De la Cierva beka batekin, POLYMATen lan egiteko. 2016an IKERBASQUE beka jaso zuen, eta, aurrerago, 2018an, UPV/EHUn sartu zen irakasle laguntzaile gisa (Kimika Fakultatea).  Gaur egun, ikertalde propioa gidatzen du POLYMATen, Katalisi eta Polimero Jasangarrien taldean (http://polymat.eu/en/groups/Catalysis-and-Sustainable-Polymers). Taldearen aztergai nagusia da polimero berrien sintesia, polimerizazio prozesu “berdeen” bidez –hala nola polimeroen birziklapenetik datozen monomeroak, iturri berriztagarrietako erreaktiboak edo organokatalizatzaile onen erabilera– etorkizuneko plastikoak diseinatzeko helburuarekin.

Ikertzaileak, 2020an, Polimeroen Ikertzaile Gaztearen Bikaintasunaren Saria jaso zuen, eta, 2021ean, Taldeko Ikertzaile Gazte Liderraren Saria. Bata zein bestea RSEQek ematen ditu. 2021ean, ACS Macro Letters, Biomacromolecules eta Macromolecules ikerketa aldizkari ospetsuek emandako Ikertzaile Gaztearen Saria ere jaso zuen.

Erreferentzia bibliografikoa