euskaraespañol

Patricia López Arnaiz, Jone Laspiur eta Aranzazu Calleja, UPV/EHUko titulatuak, Goya sariak 2021

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/11

Irudia
Aranzazu Calleja, Jone Laspiur eta Patricia López Arnaiz. Argazkiak: Maren Zubeldia, Daniel Urrea eta Xavier Torres-Baccheta, hurrenez hurren.

Euskal Herriko Unibertsitateko hiru ikasle ohi hauek euren garaipenaz gozatzen ari dira Goya sari bana irabazi ondoren. Argi zegoen edizio hau ezohikoa izango litzatekeela bere izaera birtualagatik; hala eta guztiz ere, oso berezia izan da beste behin.

Goya sarien 35. edizio honetako filmarik sarituena 'Akelarre' (Pablo Agüero) izan da, bost sari eskuratu dituena, eta 'Ane'k hiru irabazi ditu. David Pérez Sañudok zuzendutakoa, pelikula honetan Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak egin zituzten bi emakume saritu dituzte: Patricia López Arnaiz (andrazko aktore protagonistarik onena) eta Jone Laspiur (andrazko aktore berririk onena).

López-Arnaiz, Publizitateko eta Harreman Publikoetan lizentziatua, bazituen Forqué eta Feroz sariak, eta lan egin du 'El árbol de la sangre' (Julio Medem) eta 'Mientras dure la guerra' (Alejandro Amenábar) pelikuletan, baita Baztango trilogian ere. Telesaileei dagokienez, 'La línea invisible' (Mariano Barroso) eta 'La Peste' (Alberto Rodríguez) serietan hartu du parte.

Emakumezko aktore onenaren sarirako beste hautagaiak honako hauek ziren: Amaia Aberasturi, ‘Akelarre' lanagatik, Candela Peña ('La boda de Rosa') eta Kiti Mánver ('El inconveniente'). "Ohore bat izan zen hirurekin izendapena partekatzea. Beterano horien artean egotea, zenbait momentutan, surrealista iruditzen zitzaidan". Euskal Herriko Unibertsitatean aritzea gainontzeko ikasleekin harremanak izateko baliagarria izan zen. Esperientzien, artearen eta kulturaren gose zen, eta, zentzu horretan, izugarri hazi zen. “Naizenaren eta lanean ematen dudanaren parte da hori", dio Patriciak.

Lideren interpretazioan islatzen da hori: pertsonaiaren gidoia gozamena izan zen berarentzat: "Lan handia egin nuen paperari barrenak ateratzen, eta material asko aurkitu nuen lan egiteko. Proposatutako eszenek eta egoerek bete ninduten Lide egia handiz interpretatzeko. Entsegu asko izan genituen, hori ere oso egokia izan zen. Bestalde, Gorka Lazkano nire euskarazko ‘coach’a izan zen; asko eta oso ondo lagundu zidan. Nik Lide interpretatzea Katixa de Silvaren (ekoizpen exekutiboa) eta David Perez Sañudoren (zuzendaria) ideia izan zen, beste lan batzuetan ikusi nindutelako. Aurretik, film labur bat egin genuen, elkarrekin egindako lana pixka bat probatzeko. Eta azkenean, erabaki egin zuten eta erabaki egin nuen neuk”.

“Artea beti dago presente egiten dudan guztian". Jone Laspiurren hitzak dira. 2017an Arteko Gradua lortu zuen eta Nogen eta Koban musika taldeetan aritu da zinema munduan hasi aurretik. Bere ustez, musikarekin lotutako bizimoduak markatu zuen interpretazioa, eta konposizioa ez du erabat alde batera utzi. Aktore ibilbidea 2019an hasi zuen 'Akelarre' telesailaren castingarekin eta hortik aurrera 'Ane' eta 'Alardea' telesailekin edo Estibaliz Urresolaren 'Polvo somos' filmarekin. Azken honek SGAE Fundazioaren gidoi onenaren saria eta euskal film labur onenaren saria jaso zituen Zinebin.

Bi urteko ibilbide horretatik, nabarmentzekoa da "gremio guztiek, teknikoagoak izan ala ez, film bakoitzaren atzean egiten duten lan izugarria. ‘Ane’ren gidoiak urte batzuk zeramatzan lanean, eta filmatu baino lehen bi hilabeteko entsegu intentsiboak izan genituen. Funtsezkoak izan ziren aktoreen, zuzendariaren eta gidoilarien artean izan genituen elkarrizketa guzti-guztiak. Nire papera oso intuitiboki landu nuen, ez bainuen tresna teknikorik, beraz, oso bidaia bizia izan zen”. Sariak "konfiantza gehiago" ematen dio "bide honetatik jarraitzeko; asko gustatzen zait, zalantzarik gabe". Orain ikasten eta lanean jarraitu behar dut".

Bestalde, Aranzazu Callejak, Maite Arroitajauregirekin (Mursego) batera, jatorrizko musikarik onenaren Goya saria irabazi zuen 'Akelarre' filmari esker. Arte Ederretan lizentziaduna eta Bilboko J.C. Arriaga Goi Mailako Kontserbatorioan biolin-irakaslea izanik, zinemarako soinu-sorkuntzarekiko interesa bi ikasketa horietatik zetorkion, eta Haritz Zubillagarekin eta Borja Cobeagarekin hasi zen lanean. Azken horiek unibertsitate honetan ikasten ari zela ezagutu zituen (Nacho Vigalondok, Zubillagak eta Cobeagak irakasgaiak, barreak eta zinema-kidetasunak partekatu zituzten Aranzazurekin). Geroago, elkarrekin lan egin zuten proiektu askotan: adibide bat jartzearren, bilbotarrak 'Negociador' filmaren soinu-banda sinatu zuen.

Beren Goya saria 'jasotzeko' orduan, Arantzak eta Maitek 'Akelarre' filmaren 'Ez dugu beste berorik zure muxuen sua baino' abestiaren letra aldatu zuten, bere lankideei erakutsitako babes guztia eskertuz. "Maitek eta biok une zailak bizi genituen prozesuan zehar, eta filmean gertatzen den bezala, neskek lagundu diogu elkarri; zineman leku gutxi dago emakume konpositoreentzat, eta oso babestuta sentitu gara. Kantuarekin jolastu dugu eta emaitza sorgin-konjurua izan liteke, baina esker ona da. 8Mren egunak ziren, baina kasualitate hutsa izan zen”.

Zorionak hiru saridunei.