euskaraespañol

Trikitixaren erradiografia

Euskal kulturari, eta bereziki trikitixari, berezkoa zaion hibridazioa aztertu du UPV/EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/01

Irudia
Gurutze Lasa. Argazkia: UPV/EHU

UPV/EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia saileko ikerketa batek trikitixaren historian eta bilakaeran sakondu du, euskal kulturari berezkoa zaion hibridazioa aztertzeko. Kultura jaso, eraldatu eta transmititu egiten dela eta egokitzea ezinbestekoa dela edozein kulturaren biziraupenerako ondorioztatu du.

“XIX. mendean etorri zen Euskal Herrira soinu txikia. Ordura arte ermitetako erromerietan alboka eta panderoa erabiltzen ziren; trikitixa iritsi zenean hasieran panderoari laguntzeko sartu zen.  Segituan hartu zuen protagonismoa, ordea, batik bat, Gipuzkoa eta Bizkaiko biztanleria landatar euskaradunen artean eta benetan esanguratsua da lortu duen transmisio maila. Tradizioa eta modernitatearen arteko tentsioa oso ondo irudikatzeaz gain, iragana-geroa edo lokala-globalaren arteko adibide garbiak eskaintzen dituen adierazpen musikala da, eta horregatik ekin nion trikitixaren hibridazioa aztertzeari”, dio Gurutze Lasa Zuzuarregui ikertzaileak.

Baina, zer da, zehazki, hibridazioa? “Gizarte zientziek biologiatik hartu zuten terminoa da, aurreko mende bukaeran. Hibridazioa kontzeptu konplexua eta nahasgarria suertatu daiteke maiz. Hori dela eta, Nestor Garcia Canclini antropologo argentinarraren definizioa hartu dut oinarri ikerketa-lan honetan. Antropologo argentinarrak hibridazio bidez ulertzen ditu prozesu soziokulturalak, non bereizita ageri diren egitura edo praktika diskretuak konbinatu egiten dira egitura, objektu eta praktika berriak sortzeko. Azken finean, banandutako egitura eta jarrerak konbinatzean, egitura, jarrera eta pertsona hibridoak sortzen dira, eta hori da hibridazioa”, azaldu du Gurutze Lasa Zuzuarreguik. “Interneten aroan gaude, beste herrialdeetako berrikuntzez azkar eta erraz jabetzen garen garaietan. Horrek berrikuntza horiek erraz nahastu eta biderkatzeko aukerak eskaintzen dizkigu”, gehitu du.

“Eremu geografikoari dagokionez, Gipuzkoan, Bizkaian eta, preseski egindako landa-lanaren bidez, Nafarroan, Araban eta Iparraldean trikitixak izan duen bilakaera historikoa aztertu dut; baita bilakaera horretan emakumeek izan duten papera, lekua eta problematika ere”, dio ikertzaileak. “Marko kronologikoari dagokionez, berriz, nahiz eta soinu txikia Euskal Herrian zeneko lehenengo berria 1889koa izan, arreta berezia eskaini diot, ordea, 1986an ospatu zen XI. Euskal Herriko Txapelketa Nagusitik egun artera trikitixak izan duen garapenari. Halaber, egungo trikitilari batzuek dituzten ezaugarriak eta horiek nola islatzen diren egindako produkzioan ikusi dut. Izan ere,  Trikitixa Txapelketa Nagusiekin batera, Tapia eta Leturia, Kepa Junkera, Esne Beltza, Gose, Huntza eta Koban taldeen ibilbide eta diskografiaren azterketa aztergai dugun hibridazioa behatzeko giltzarria dira”, gehitu du Gurutze Lasa Zuzuarreguik.

Aztertutakoak aztertuta, ikertzailearen esanean “egokitzapenerako gaitasuna ezinbestekoa da kulturen biziraupenerako. Kultura jaso, eraldatu eta transmititu egiten dugu. Belaunaldi berriek elementu batzuk jasotzen dituzte aurrekoengandik, baina, bere interesen arabera, beste batzuk deseraiki ere bai. Era berean, beste kultura batzuekin izandako harremanen ondorioz, elementu berrien jabe egiten dira”.

“Jasotako elementuen eta joera garaikideen arteko interakzioetatik aurretiaz kanpokoak ziren elementuak bertakotu eta askotariko tradizio berriak sortzeko aukera eskaintzen dutela frogatu dugu —adierazi du Gurutze Lasa Zuzuarreguik—. Bertako eta atzerriko elementuen konbinazioek sormen artistikoa sustatzen dutela ere bai,  Tapia eta Leturia, Kepa Junkera, Esne Beltza, Gose eta Koban taldearen kasuak gogora genitzake, kasu.”

Generoaren ikuspuntutik ere aldaketa nabarmenak izan dira, “ikusezintasunari iskin eginez, hastapenetako jatorri landatar eta gizonezko jotzailearen profil hegemonikoaren pixkanakako dibertsifikazioa eman da eta gaur egun emakume asko eta asko dira trikitixarekin taularatzen direnak” dio.

Halaber, “lan honekin ikusarazi nahiko nuke trikitixa ere beste adierazpen musikal bat dela, eta hala balioztatu beharko litzatekeela geure gizartean, hezkuntzan zein arlo guztietan. Prejuizioak alde batera utzi  eta musikaren alorretik trikitilariak balioan jarriz”, azpimarratu du Gurutze Lasa Zuzuarreguik.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Gurutze Lasa Zuzuarregui (Aduna, 1978) doktore-tesiaren barnean egin da. Doktore-tesiaren izenburua Euskal kulturaren hibridazio prozesuak: trikitixaren kasuaren azterketa da. UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko Mari Jose Olaziregi Alustiza irakaslea eta Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia saileko Pio Perez Aldasoro irakasleka izan ditu zuzendari. UPV/EHUren Mikel Laboa katedraren bekarekin egin du ikerketa.