euskaraespañol

Tantak, UPV/EHUren hezkuntza aldizkariak, zuzendari berria du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/09

Irudia
Edu Zelaieta irakasleak lekukoa hartu dio Igor Caminori. Argazkia: Nuria Gonzalez. UPV/EHU

Argitaratu berri da Tantak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen aldizkariaren 30. alea eta zuzendari berria duela argitaratzen da. Edu Zelaieta Anta irakasleak lekukoa hartu dio Igor Camino Ortiz de Barróni, 2014tik aldizkariaren buru izan denari. Hezkuntzari buruzko aldizkari honek UPV/EHUren Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzaren, Euskara Zerbitzuaren eta Argitalpen Zerbitzuaren laguntza du.

Duela 29 urte jaio zen Tantak aldizkaria, UPV/EHUko Irakasleen Unibertsitate Eskoletako eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle talde baten ekimenez. Urte hauetan guztietan bikoitza izan da aldizkariaren erronka: alde batetik, izaera akademiko-zientifikoa edukiko zuen argitalpen bat abian jartzea, hezkuntza arloaren gaineko hausnarketan sakontzea ahalbidetuko zuena; beste aldetik, UPV/EHUren barruko zein kanpoko hezkuntza adituen artean gero eta handiagoa den eskaera bati erantzutea: nazioarteko kalitate irizpide estandarrak aintzat hartuta, hezkuntza zientzia euskaraz egitea.

Tantak sei hilabeterik behin argitaratzen den aldizkari indexatua da, paperez nola formatu elektronikoan. Horrek esan nahi du, beraz, dagoeneko 58 ale eman direla argitara gaur arte. Hezkuntzaren maila guztietako irakasleei eta gainerako profesionalei eskaintzen zaie aldizkaria, bai eta hezkuntza fakultateetako irakaslegaiei zein ikertzaileei ere. Ohiko edukien aldetik, Hezkuntzaren eta Pedagogiaren arazo orokorrez gain, didaktika espezifikoen gaineko ikerlanak ageri dira bertan, bai eta euskararen, elebitasunaren zein eleaniztasunaren inguruko lan esanguratsuak ere.