euskaraespañol

Unibertsitateen G-9 taldeak gobernuari eskatu dio abian jartzeko unibertsitate publikoetako irakasle-ikertzaileentzako hobekuntzak, egonkortasuna eta belaunaldi gazteen sarrera bermatzeko

Bederatzi unibertsitateetako ordezkariak Bilbon bildu dira, irakasleek gaur egun dituzten arazoak aztertzeko

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/18

Irudia
G9ko arduradunak Nekane Balluerkarekin Bilbon. Argazkia: Tere Ormazabal UPV/EHU

Unibertsitateen G-9 taldeko Irakasleen Batzorde Sektoriala Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean bildu da ostegunean eta ostiralean, Bilbon, Zaragozako Unibertsitateko errektore José Antonio Mayoral presidenteak zuzenduta, eta ontzat jo ditu prestakuntza bidean dauden ikertzaileen lan-baldintzen hobekuntzak, haien estatutuan (EPIF) jasoak. Horregatik, beharrezkoa da prestakuntza bidean dauden ikertzaileen finantzaketa bermatzea, kontuan izanik ezinbestekoak direla ikerketa jarduera mantentzeko eta belaunaldi gazteak ikerketan sartzen direla bermatzeko.

Soldata-hobekuntzen onuradun diren doktoretza aurreko kontratuen kasuan, deialdia egiten duen Administrazioak aurrekontuen zuzkidura onartzeko eskatu dute Batzorde Sektorialeko kideek, hobekuntza horiei erantzun ahal izateko, unibertsitate publikoen aurrekontu mugatuetan galerarik eragin gabe.

Era berean, Irakasleen Batzorde Sektorialak eskatu du Gobernuak unibertsitate publikoetako irakasle-ikertzaileen ibilbide profesionalean beharrezkoak diren premiazko erreformak sustatzeko, ezagutzaren adarren, fakultateen eta eskolen artean dauden ezberdintasunak kontuan izanik. Erreforma horiek, G-9aren eskarien arabera, nahikoa zuzkidura izan beharko lukete aurrekontuetan, unibertsitateko lana berriz ere erakargarria izan dadin, eta batez besteko adin nahiko aurreratua duten irakasle plantillen beharrezko berritzeari ekiteko.

Bilera horretan, gainera, balantze ona egin dute G-9ko Unibertsitate Irakasleentzako Online Prestakuntzaren VII. Planari buruz. Indarrean dago plana gaur egun, eta hura erabiltzen ari dira Taldeko unibertsitate publikoetako 1.086 irakasle, hainbat gairi buruzko 27 ikastarotan. Datorren ediziotik aurrera Burgosko Unibertsitateak ere eskaintzan parte hartuko du, unibertsitate laguntzaile bezala. Horrela, online ikastaroen guztizko eskaintza handitu egingo da.

Azkenik, Batzorde Sektorialeko kideek Marokoko unibertsitate publikoen sarearekin (CPU Maroc) lankidetzan aritzeko zenbait proposamen aztertu dituzte. G-9ak lankidetza hitzarmen bat du sinatua erakunde horrekin.

Unibertsitateen G-9 Taldea (G-9) dagokien autonomia erkidegoan beste unibertsitate publikorik ez duten unibertsitateek osatutako elkarte bat da. Hauek dira unibertsitate horiek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.

G-9ko unibertsitateek 170.000 ikasle, 19.340 irakasle-ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako 8.160 langile dituzte.