euskaraespañol

Unibertsitateen G-9 Taldeak nazioartean duen proiekzioari buruzko gogoeta egin du

Nazioarteko Harremanen Batzorde Sektoriala osatzen duten unibertsitateen ordezkariak Zaragozan bildu dira nazioarteko jarduerak harmonizatzeko

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/01

Irudia
G-9ko bederatzi kideak. Argazkia: UCLM.

Zaragozako Unibertsitatean egin da Unibertsitateen G-9 Taldearen Nazioarteko Harremanen Batzorde Sektorialaren aurrez aurreko bilera bat.

Saio horietan –urtarrilaren 24an, arratsaldez, eta hurrengo egunean, urtarrilaren 25ean, goizez– Unibertsitateen G-9 Taldearen nazioarteko proiekzioarekin lotutako zenbait gai jorratu dituzte. Besteak beste, honako gai hauek jorratu dira: Taldeko kideek Europako Unibertsitateen Ekimenean parte hartzea; Afganistandik etorritako errefuxiatuei arreta ematea; brexita gauzatu ondoren (2023tik aurrera, behin betiko) unibertsitate britainiarrekiko harremanetan irekitzen den egoera konplexua; Errusiako unibertsitateekiko harremanak, Espainiak Moskun duen Enbaxadako hezkuntza-agregatuak, Javier Torresek, aurkeztuak; G-9 Taldearen Campus Digitalaren bitartez onlineko prestakuntzaren bidez zabaltzen diren nazioartekotzeko aukerak eta Caliko Ikastetxe Hispanoamerikar prestigiotsuarekiko harremanei berrekitea.

Zaragozako Unibertsitateak landa-mugikortasuneko programen berri eman zien G-9 Taldeko kideei, esperientzia berritzaile eta jardunbide egoki gisa. 2021eko udaz geroztik, Europako ikasleek ere parte hartu ahal dute programa horietan, landa-ingurunearen garapena laguntzeko eta, kulturarteko bizipenez gain, lan-aukera berriak eskaintzeko tresna gisa.

Halaber, Oviedoko Unibertsitateak Garapenerako Lankidetzarako Lantaldea koordinatu dezan erabaki da. Nazioarteko Harremanen Batzorde Sektorialaren bilkuran honako hauek parte hartu dute: Kantabriako Unibertsitateko errektore Ángel Pazos, jardunaldiaren buru; Kantabriako Unibertsitateko Nazioartekotze eta Konpromiso Globaleko errektoreorde Matxalen Llosa; Oviedoko Unibertsitateko Nazioartekotzeko errektoreorde Jesús Daniel Santos; Errioxako Unibertsitateko Ikerketa eta Nazioartekotzeko errektoreorde Eduardo Fonseca; Gaztela Mantxako Unibertsitateko Nazioartekotzeko errektoreorde Raúl Martín; Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nazioartekotze eta Lankidetzako errektoreorde Jorge Elso; Universidad del Pais Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzeko errektoreorde Maria Juncal Gutierrez, bai eta unibertsitate bereko Nazioarteko Mugikortasuneko zuzendari Bryan Leferman, eta, azkenik, Zaragozako Unibertsitateko Nazioartekotze eta Lankidetzako errektoreorde Francisco Beltrán, Nazioartekotzeko Idazkaritzako zuzendari María Villarroya, eta Garapenerako Lankidetzako Katedraren zuzendari Sergio Salinas.

Unibertsitateen G-9 Taldetik, berriz, Proiektu eta Jardueren kudeatzaile Cristina Leuza joan da, eta telematikoki parte hartu dute, orobat, Balear Uharteetako Unibertsitateko Plangintza Estrategiko, Nazioartekotze eta Lankidetzako errektoreorde Marcos Nadalek eta Nazioarteko Harremanen Zerbitzuko buru Ricardo J. Sagrerak,

bai eta Euskal Herriko Unibertsitateko Garapen Lankidetzarako Bulegoko teknikari Estibaliz Martínezek ere. Jardunaldi horretan online parte hartzeko aukera izan dute, halaber, Caliko Ikastetxe Hispanoamerikarreko errektore Hugo de Jesús Boterok, Espainiak Moskun duen Enbaxadako Hezkuntza agregatu Javier Torresek eta G-9 Taldeko Campus Digital Partekatuko zuzendari David Benitok.

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen 9. Taldea (G-9) dagokien autonomia erkidegoan bakarrak diren unibertsitate publikoek osatzen dute: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.

Elkartearen xedea taldeko unibertsitate erakundeen arteko harremanak bultzatzea da, unibertsitate erkidego bakoitzeko irakaskuntza eta ikerketa jardueretan parte hartzea sustatzeko, besteak beste. G-9ko unibertsitateek 170.000 ikasle, 19.340 irakasle ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako 8.160 langile dituzte.