euskaraespañol

UPV/EHU eta CEBEK bat datoz "enpresak eta unibertsitateak gizarteak behar duen ezagutza eta talentua" bultzatzeko betebeharra dutela esatean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/09/26

Irudia
CEBEK-UPV/EHU Berrikuntzako Enpresa Ikasgela Irekia apustu estrategikoa da UPV/EHUren Bizkaiko Campusarentzat | Argazkia: <a href="https://www.freepik.es/foto-gratis/objetivos-exito-estrategia-negocio_1211528.htm#query=estrategia%20empresarial&position=6&from_view=search&track=ais">ijeab</a>eren irudia Freepik webgunetik.

UPV/EHUk enpresa txiki eta ertainen eskura jartzen dituen lankidetza motak ezagutarazteko asmoz, CEBEKek webinar bat antolatu du gaur goizean, eta bertan hainbat adibide praktiko azaldu dira, honako proiektu hauei buruzkoak: aholkularitza teknikoa, enpresentzako neurrirako prestakuntza, ikerketa-proiektua, doktorego-tesiak eta gradu eta masterretako amaierako lanak (GRAL/MAL).

Gorka Moreno UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak webinarraren hasieran adierazi duenez, "CEBEK-UPV/EHU  Berrikuntzako Enpresa Ikasgela Irekia apustu estrategikoa da UPV/EHUren Bizkaiko Campusarentzat, eta, gainera, Gipuzkoako eta Arabako bere homologoekin koordinatuta lan egingo du". Eta gaineratu du: "estrategikoa da, gainera, sare sozioekonomikoaren eskutik joan nahi dugulako eta enpresa txiki eta ertainek izan ditzaketen behar eta erronkei erantzun ahal izateko".

Morenok, amaitzeko, hau esan du: "Azken batean, CEBEKekin batera, enpresetatik gertu egon nahi dugu, eta, beraz, gizartearekin eta haren premiekin batera, transferentzia eta unibertsitateak komunitatean duen eragin sozial eta ekonomikoa bultzatuz".

Bestalde, Francisco Javier Azpiazuk (CEBEKeko idazkari nagusia), bertaratuei ongietorria eman ondoren, honako hau esan du: "duela 4 urte abian jarritako beste lankidetza batetik abiatu gara, eta ordutik hona bizitako eta partekatutako esperientziak gure hasierako lankidetza hobeto zehazten lagundu digu".

Moreno errektoreordeak esan duenaren ildotik, honako hau adierazi du Azpiazuk: "Gure asmoa da ekoizpen-sarea Bizkaiko Unibertsitatera hurbiltzea eta gure enpresei elkarrekin egindako prestakuntza-, ikerketa- eta berrikuntza-jardueretan lankidetzan parte hartzeko aukera ematea". Eta gaineratu du, "enpresak eta enpresaburuen elkarteak unibertsitateetatik hurbil egotea funtsezkoa da CEBEKentzat, biok erantzun behar baitiegu oso azkar aldatzen ari diren profilen eta ezagutzen eskaerei. Eskatzen diren gaitasunak eta trebetasunak eraldatzeak gure ezagutzak eta sinergiak erabiltzeko elkartzera behartzen gaitu, enpresetan behar bezala integratzeko gai diren pertsonak izateko".

Amaitzeko, CEBEKeko idazkari nagusiak honako hau adierazi du: "gure esperientziaren arabera, enpresa batzuek beren beharretara egokitutako profilak, gaitasunak eta ezagutzak ere behar dituzte, eta, beraz, hitzarmenean jasotako prestakuntza-, ikerketa- eta berrikuntza-jarduerak egiteak errealitate horri erantzungo dio, zalantzarik gabe. Ziur gaude esperientzia zoragarria izango dela, eta CEBEKen gure interes eta baliabide guztiak jarriko ditugu arrakastatsua izan dadin, biok baititugu, enpresak eta unibertsitateak, gizarteak behar duen ezagutza eta talentua bultzatzeko betebeharra. "

Webinarrak METAL ESTALKI eta IZAR CUTTING TOOLS enpresei dagozkien lankidetza-adibide praktikoak ere izan ditu.