euskaraespañol

ETEentzako Berrikuntza Irekiko Unibertsitatea-Enpresa Gela sortu da

Lehenengo argitaratze data: 2023/04/24

Irudia
Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko errektoreordea eta Carolina Pérez Toledo CEBEKeko presidentea | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak (CEBEK) lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Enpresa Txiki eta Ertainentzako Berrikuntza Irekiko Gela bat sortzeko. Akordioa Gorka Moreno campuseko errektoreordeak eta Carolina Pérez Toledo CEBEKeko presidenteak sinatu dute. Sinatutako hitzarmenaren helburua prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza jarduerak egitea da CEBEKeko kide diren enpresekin lankidetzan.

Hala, ETEentzako Unibertsitatea-Enpresa Berrikuntza Irekiko Gela berriaren helburuak, besteak beste, honako hauek dira: unibertsitatearen eta enpresaren arteko prestakuntza duala sustatzea, ikerketa hurbiltzea eta emaitzak Bizkaiko sare ekonomikora transferitzea, Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak, doktorego tesiak, bereziki industria doktoregokoak, eta borondatezko praktikak egitea. Era berean, ikastaroak, mintegiak eta prestakuntza jardunaldiak antolatzea aurreikusten da, baita produkzio sarearen beharretara egokitutako planak sortzea ere, ikasleen enplegagarritasuna hobetzeko helburuarekin.

Bestalde, ikerketa zientifiko eta teknikoko azterlan bateratuak garatuko dira lantalde mistoak eratuz, eta CEBEKek edo haren enpresa elkartuek unibertsitateko lanak sustatu, bultzatu eta garatzeko laguntza bekak emango dira.

Gorka Moreno unibertsitate publikoko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak uste du sinatutako hitzarmena “aukera paregabea” dela unibertsitatea komunitate osora hurbiltzeko. Gorka Morenok azaldu duenez, “Unibertsitatea-enpresa Gela honek ehun sozioekonomikoaren behar sozial eta ekonomikoak unibertsitatearen gaitasun eta ezagutzekin lotzen ditu”.

Bestalde, CEBEKeko presidente Carolina Pérez Toledok azpimarratu du “oso garrantzitsua dela Unibertsitatea ETEetara hurbiltzea; izan ere, enpresentzat oso interesgarria da ondo prestatutako pertsonak izatea, baita ikasketa aldian ere”, eta azpimarratu zuen, halaber, “Prestakuntza Dualaren garrantzia”.