euskaraespañol

Gaurko irudia

UPV/EHUk ikerketarako laguntza berriak onartu ditu, guztira, 1,2 milioi euroko aurrekontuarekin

Helburua ikertzaileak beren lana egiteko eta transferitzeko behar dituzten bitartekoez hornitzea da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/01/31

Irudia
UPV/EHUren ikerketa taldea

Gaur bilduriko UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak ikerketarako hainbat laguntza onartu ditu 2019. urterako, eta 1,2 milioi euro bideratuko ditu xede horretara.

Onartutako lau deialdietatik lehenengoaren helburua ikertzaileek beren proiektuak eragile ekonomiko eta sozialekin batera gauzatzea da; eragile horien artean enpresak, fundazioak eta irabazi asmorik gabeko erakundeak egon ahalko dira. Proiektu horiei zuzenduriko guztizko zenbatekoa 250.000 € izango dira. Euskal Herriko gizarte eta enpresa ehunarekiko lankidetza horren oinarria unibertsitateko ikerketa taldeek enpresa edo erakundeei hainbat gairekin loturiko proiektuak proposatzea izango da. Proiektu horiek berrikuntza sustatzea izango dute ardatz, lehiakortasuna eta gizarte ongizatea hobetzeko elementu gisa.

Beste deialdietako baten helburua azpiegitura zientifikoa eta funts bibliografikoak erostea eta berritzea izango da, eta 400.000 €-ko zuzkidura izango du.

“Ikerketarako ekipamendua erostea ezinbestekoa da ikerketaren kualifikazio maila handi bati eusteko, izan ere, gaur egun ekipamendu modernoa edukita bakarrik egin daiteke goi mailako ikerketa, eta nazioartean lehiatu” argitu du UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreorde Jose Luis Martinek.

Ikertzaileen mugikortasuna

Hirugarren deialdi batek, 400.000 €-ko zuzkidura duenak, unibertsitateko ikertzaileen mugikortasuna erraztu eta sustatuko du, baita ikerketa emaitzen hedapena ere. Hala, diruz lagunduko diren hainbat jardueraren artean honako hauek egongo dira: egonaldiak beste ikerketa zentro batzuetan, partaidetza nazioarteko elkarte zientifikoetako zuzendaritza organoetan eta nazioarteko ikerketa proiektuetan, eta kongresu zientifikoen antolakuntza.

“Mugikortasunari zuzendutako laguntzak, oro har, eta zehazkiago, ikerketarako egonaldiak, batez ere prestakuntza fasean diren eta nazioarteko tesia egin nahi duten ikertzaileei zuzendurikoak, ezinbestekoak dira gure ikerketa ezagutzera emateko ez ezik, gure ikertzaileek munduko beste leku batzuetan nola ikertzen den ezagutzeko”, erantsi du Martinek.

Azken deialdiak kongresu zientifikoetara joateko laguntzak biltzen ditu, eta guztira 150.000 €-ko partida du. Deialdi horrek UPV/EHUko ikertzaileek lortutako ikerketa emaitzen komunikazio zientifikoa bultzatzea bilatzen du, horretarako herrialdeko zein nazioarteko ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren arloko kongresu garrantzitsuetan txostenak aurkeztuta.