euskaraespañol

UPV/EHUko errektoreak «bikaintasunean, eta ez elitismoan» oinarritutako unibertsitate publikoaren eredua aldarrikatu du, eta giltzarritzat jo du 2019-22 aldirako Unibertsitate Plana

Euskal Herriko Unibertsitateak hasiera eman dio gaur 2018/19 ikasturteari, Leioako Areto Nagusian izandako ekitaldian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/10

Irudia
UPV/EHUk 2018/2019 ikasturteari hasiera emateko ekitaldia ospatu du. Argazkia: Mikel Mtnez. de Trespuentes (UPV/EHU)

Unibertsitate publiko bikaina eta ez-elitista: horixe da Euskal Herriko Unibertsitateak jomuga izango duen eredu akademikoaren muina, Nekane Balluerka errektoreak gaur adierazi duenez. Ildo horretatik, errektoreak eskatu du 2019-22 aldirako Unibertsitate Planean unibertsitatearentzako finantzabide «egonkorra eta nahikoa» ezartzea, baina ahaztu barik unibertsitatearen beraren ardura baliabideak lortzeko prozesuan.

Adierazpenok 2018/19 ikasturteari hasiera emateko ekitaldian egin ditu errektoreak, horretarako zeremonia izan baita gaur Euskal Herriko Unibertsitateko Areto Nagusian, Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuan.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria; Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria; Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte, Lan eta Justiziako sailburu Maria Jesús San José, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza eta Manuel Lezertua arartekoa. Halaber, bizitza akademikoaren, euskal gizartearen eta Legebiltzarreko partidu guztien hainbat ordezkari bertaratu dira.

Lehendabizi, unibertsitateko idazkari nagusi Pedro Iriondo irakasleak 2017/18 ikasturteko memoria aurkeztu du; horren ondoren, Ana Zubiaga irakasleak, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetikako katedradunak,  ikasturte hasierako hitzaldia eman du, izenburu honekin: Stitching together our genetic patchworks («Gure adabaki genetikoak elkarrekin josten»). Hitzaldian, Zubiaga irakasleak azaldu du DNA sekuentziatzeko errendimendu handiko teknologien garapenak bide berriak urratu dituela gizakiaren benetako dibertsitate genomikoa ulertzeko.

Bestalde, UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak bere mintzaldian azpimarratu ditu Euskal Herriko Unibertsitateak ikasturte berrian zain izango dituen erronka nagusiak. Batez ere, bikaintasunaren aldeko hautu garbia egin du: Unibertsitate publiko bat ezin daiteke elitista izan, eta, hortaz, ezin du oztoporik jarri bere sarbide sisteman, edo gaitasun intelektualaz bestelako eskakizun irizpiderik erabili. 

Baina unibertsitate publiko bat izan daiteke, eta izan behar da —eta duda barik gurea hala da— bikaintasuna gidari duen unibertsitatea, egunetik egunera hobea izaten lehiatuko dena arlo profesional, intelektual eta instituzionalean, eta pertsona bakoitzari ahalegin eta prestasunik handiena eskaini eta eskatuko diona, helburu profesionalak lortzeko lanean eta besteenganako zerbitzuan».

Era berean, errektoreak azpimarratu du orain ontzen ari den unibertsitate planak UPV/EHUren etorkizunerako izango duen garrantzia. Hori dela eta, eskatu du euskal unibertsitatearen «helburuak betetzeko eta kalitatea hobetzeko adinakoa den finantzabide eredu bat», baina gaineratu du UPV/EHUk hori eskatzen duela «ardura partekatuaren ikuspegitik. Izan ere, unibertsitatea ez da baliabideak eskatzera mugatu behar; bere eginkizuna ere hartu behar du bere gain, bi helbururen bidez: lehenik, bere baliabideak sortzea; eta bigarrenik, legez esleitzen zaizkion baliabideak ahalik eta modurik eraginkorrenean erabiltzea».

Ikasturte berria, proiektu berriak

Hitzaldian errektoreak nabarmendu du, halaber, ikerketak daukan garrantzia UPV/EHUren unibertsitate eredurako. Horri dagokionez, eta euskal unibertsitate publikoak ikasturte honetarako dauzkan proiektuen artetik, nabarmentzekoa da 2019-22 aldirako Ikerketa Plana, non jasoko diren arlo horretako erronka eta ekimen nagusiak datozen urteetarako. Ikasturte honetan UPV/EHUk beste plan batzuei ere ekingo die, hala nola Eleaniztasun Planari, Euskararen III. Plan Gidariari eta Garapen Jasangarrirako Plan Estrategikoari, zeinak uztartuko baitu unibertsitatearen politika Garapen Jasangarrirako Helburuekin.

Hala berean, unibertsitateak lan eskaintza publikoak abiaraziko ditu bai administrazio eta zerbitzuetako langileentzat eta bai irakasle-ikertzaileentzat. Arlo akademiko hutsari dagokionez, ikasketa berriak ezartzeko asmoa dago: gradu bikoitzak, masterrak, doktorego programak eta prestakuntza dualeko ibilbideak.

Gainera, ikasturte berri honetan lanari ekingo dio Jarduera Fisikoa Ikertzeko Gune berriak.  Gasteizko Udalak lagatako espazio bat da, eta bertan hainbat ikertaldek aztertuko dituzte jarduera fisikoak herritarren osasunean dituen eraginak. Bestalde, HiTZ erreferentzia gune berria jarriko da abian Donostian, IXA Taldeak proposatutako Hizkuntza Teknologiako Zentroa.

Graduko 33.000 ikasle

Graduko 33.000 ikaslek baino gehiagok 2018/2019 ikasturtea hasi dute UPV/EHUn. Eskainitako 86 graduetan 8.300 ikasle berri matrikulatu dira. Emakumeak dira  % 55 eta gizonak, % 45. Hizkuntzari dagokionez, horietariko % 52 euskarazko taldeetan matrikulatu dira, eta % 48, gaztelerazkoetan.

Campusen arabera aztertzen baditugu ikasle berrien datuak, Bizkaiko Campusean matrikulatu dira % 55,25; Gipuzkoakoan, % 24,84; eta Arabakoan, % 19,91. Arloen arabera sailkatuta, % 44 Gizarte eta Lege Zientzietan matrikulatu dira; % 22,3, Ingeniaritza eta Arkitekturan; % 15,4, Osasun Zientzietan; % 10 Arteak eta Giza Zientzietan; eta % 8,3 Zientzien adarrean.

Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzak du aurtengo gutxieneko notarik altuena:  13,01. Atzetik du Biokimika eta Biologia Molekularra (12,534); Medikuntza (12,332); Fisika (12,147) eta Bioteknologia (12,032). Bestalde, 11tik gorako gutxieneko notak dituzte Odontologiako, Fisioterapiak, Matematikak eta Erizaintzak graduek, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzak, Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitzak.