euskaraespañol

Uraren osasunerako mehatxuak

Klimaren eta ingurumenaren aldaketaren ondorioz ibaietako ekosistemek biodibertsitatea galtzen dute, eta espezie batez edo gutxi batzuez osatuta egotera igarotzen dira

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/08/29

Irudia
Luz Boyero, Francisco Correa-Araneda, Naiara López-Rojo eta Javier Pérez (ezkerretik eskuinera). Argazkia: UPV/EHU.

Gizakiak eragindako klima eta ingurumen aldaketaren ondorio kezkagarrienetako bat biodibertsitatea galtzea da, eta espezieak per se galtzetik harago doaz haren ondorio ekologikoak. Ekosistemen funtzionamenduan baliteke aldaketak gertatzea espezieak galtzearen ondorioz, eta horrek eragina izango du oso fenomeno garrantzitsuetan, hala nola natura baliabideen eskuragarritasunean edo klimaren erregulazioan.

Ibaiak daude biodibertsitate galera handien duten ekosistemen artean, baina horren ondorio ekologikoak ezezagunak dira neurri handi batean. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Ibaien Ekologia taldearen azterlan batek lehendabiziko aldiz erakutsi du ibaiertzeko landare espezieak galtzeak eragina duela ibai ekosistemaren ‘multifuntzionalitatea’n. Literatura ekologikoan berriki agertu den termino horrek aztertzen du zer-nolako ahalmena duen ekosistema batek askotariko prozesuak aldi bereran edukitzeko, eta hori ezinbestekoa da haren osasun egoera zehazteko.

“Ibaiertzetako basoek aldaketa handiak izaten dituzte, eta aldaketok, askotan, biodibertsitatea narriatzea eta galtzea eragiten dute, askotariko komunitate konplexuak izatetik espezie batez edo gutxi batzuez osatuta egotera igarota”, ohartarazi du Luz Boyero azterlana egin duen Ikertaldeko koordinatzaileak. Ibaiertzeko landareek ibai askoren oinarrizko energia baliabidea ematen dute: orbela, zeinetatik elikagaia lortzen baitu uretako ornogabe mota batek: detritujaleek. Horiek, berriz, ibaiko elikadura sarearen oinarria osatzen dute, arrainentzat zein ibaietako beste organismo enblematiko batzuentzako elikagai baitira, esaterako, sorgin-orratzentzat. Mikroorganismoek, gainera, orbela desegiten dute, eta horrela, haren mantenugaiak birziklatzen dira eta berriz paratzen dira landareen eskuragarri.

Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak eta FEDER funtsek (Biofunction proiektua) ordaindu duten azterlan honetan ibaien ingurune moduko bat sortu dute, eta bertan, ibaiertzetako landareen dibertsitatearen mailakako galera simulatzeaz gain, ibaietako prozesu askoren tasak zenbatu dituzte, hala nola orbelaren desegitea, hura gai organiko fin bihurtzea, oinarrizko mantenugaien birziklatzea (nitrogenoa eta fosforoa) eta animalien biomasaren sortzea. “Dibertsitatea galtzeak ekosistemaren multifuntzionalitatea nabarmen gutxitzea ekarri zuen, baina detritujaleen agerpenean soilik; horrek agerian uzten du organismo horiek funtsezko eginkizun ekologikoa dutela lehorreko ekosistematik eta ibai prozesuetatik datozen landare baliabideen bitartekari gisa”, azaldu du Boyerok.

Horrez gain, azterlanak erakutsi zuen ibaiertzetako landareen dibertsitatea galtzearen ondorioak prozesu bakoitzean bereiz aztertzea oso garrantzitsua dela, bai eta ekosistemaren konpartimentu guztiak kontuan hartzea (orbela, ura eta organismoak), azpian dauden mekanismo biologikoak zehaztu ahal izateko. Esate baterako, ikusi zen mikroorganismoek eginkizun nabarmena dutela mantenugaien birziklatzearen gainean gertatutako aldaketetan, eta detritujaleak, berriz, erantzule nagusiak direla gai organiko fina desegitean eta sortzean izandako efektuei dagokienez.

UPV/EHUko Ibaien Ekologia taldeak egindako azterlan horren eta beste batzuen emaitzak “lagungarri zaizkigu iragartzeko gaur egun gertatzen diren ingurumen aldaketek nola eragin dezaketen ibaien osasunean, eta ondorioz, kalitate oneko uretan, arrain baliabideetan, balio estetiko handiko paraje naturaletan...”, adierazi du Luz Boyerok.

Erreferentzia bibliografikoa