AZP-entzat diren ebazpenak

Erabakia, 2020ko irailaren 29koa, UPV/EHUko gerentearena, kontziliaziorako eta zerbitzuak ematean langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko ezohiko neurriak ezartzeko dena

UPV/EHUn aurrez aurreko jardunera itzultzeko plana onartu ondoren 2020ko apirilaren 27an, UPV/EHUko gerentearen 2020ko maiatzaren 12ko Erabakiaren bidez kontziliazio neurriak ezarri ziren adingabeak eta adineko pertsonak zaintzeko eta bereziki kalteberak diren langileentzako. Era berean, bestelako neurriak ezarri ziren langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Zehatz esanda, aurrez aurreko jardunerako baldintzak zehaztu ziren, eta langile guztien eguneko lanaldia izango zela udako lanaldiaren parekoa, gerentearen 2019ko irailaren 30eko Erabakiko II. eranskinean jasota dagoena; hau da, 6:45 ordu (astelehenetik ostiralera), ezaugarri hauekin:

  1. ordutegi malgutasuna
  2. txandak eta errotazioak ezartzeko aukera.

Ondoren, 2020ko ekainaren 17an, UPV/EHU eta sindikatuak akordio batera heldu ziren aho batez, ezohiko kontziliazio neurriak ezartzeko pertsona hauek zuzenean zaindu behar dituzten UPV/EHUko langileentzat:

  1. 14 urtetik beherakoak
  2. ahaidetasuneko bigarren mailarainoko senitartekoak, adinagatik, istripuagatik, gaixotasunagatik edo ezgaitasunagatik bere kabuz moldatzeko gai ez direnak eta soldatapeko jarduerarik egiten ez dutenak.
  3. ezgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duten senitartekoak eta soldatapeko jarduerarik egiten ez dutenak.

Hauek ziren adostutako ezohiko kontziliazio neurriak:

  1. Lanaldia malgutasunez egitea, lanaldiari eta egutegiari buruzko zirkularrean aurreikusitako mugei lotu gabe.
  2. Langileak etxean gelditzeko baimena eta lana AZPko funtzionarioen eta lan kontratudunen negoziazio batzordeen 2016ko otsailaren 29ko Akordioaren arabera egitea (zerbitzua telelanaren bidez modu ez-presentzialean emateko baldintzei buruzko akordioa).

Kontziliazio neurri horien indarraldia ondokoa da:

  1. Adingabeak zaintzeko kontziliazio neurriak luzatuko dira irailaren 7ra arte, edo 2020/2021 ikasturtea hasi arte.
  2. Ahaidetasuneko bigarren mailarainoko senitartekoak edo mendekotasunen bat duten senitartekoak zuzenean zaintzeko kontziliazio neurriak luzatuko dira kontrako erabakia eman arte.

COVID‑19aren azken asteetako agerraldiek agerian utzi dute familia askok zailtasunak dituztela kontziliatzeko, batez ere adingabeak edo adinekoak zaindu behar dituztenek ikastetxea edo eguneko zentroa edo egoitza ixteko agindua eman bada berriro kutsatuak egon direlako.

Negoziazio kolektiboak emaitzarik izan ez badu ere, beharrezko ikusten dugu, langileen osasuna eta segurtasunarekiko kezka dela eta, kontziliazio premiei aurre egiteko tresna egokiak izatea.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da lanaldiari buruzko neurriak hartzea, bai eta 14 urtetik beherakoei eta mendekotasunen bat duten senitartekoei etxean arreta emateko neurriak ere, COVID‑19 pandemiaren ondorioz berrogeialdia egin behar dutenerako. Izan ere, halakoetan ezingo dira joan ikastetxeetara edo eguneko zentroetara, okupazio zentroetara, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako eguneko zentroetara, buruko gaixotasunak dituzten pertsonentzako eguneko zentroetara, haur eta nerabeentzako eguneko zentroetara, arreta goiztiarreko zentroen bidez ematen diren arreta anbulatorioko zerbitzuetara, errehabilitazio eta gizarteratze zentroetara, familia elkarguneetara eta abarrera, titulartasuna eta kudeaketa tipologia dena delakoa izanda.

Helburua da, beraz, langileen ardurapeko pertsonek berrogeialdia egin behar badute, osasun protokoloei jarraituta, langilearen lan jarduera bateragarria izan dadila egoera horrekin.

Kontuan hartuta pandemiak ekarri duen ezohiko egoera, UPV/EHUko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Erabakiaren bidez eman zaizkidan eskumenen babesean (2017ko otsailaren 3ko EHAA, 24. zk) honako hau

 

ERABAKI DUT:

 

Lehenengoa.- Lanaldia 2020ko urriaren 1etik aurrera

Oro har, hauek izango dira eguneko lanaldiak:

1.1.- Ohiko hiru lanaldiak (zatitua, mistoa edo trinkoa) trinkoak izango dira, goizez edo arratsaldez, bazkaltzeko tarterik gabe, eta 7:00 ordukoak (astelehenetik ostiralera).

1.2.- Egindako lanaldiaren eta legezko lanaldiaren iraupenaren arteko aldea berdintzeko ordu poltsa bat sortuko da, eta ordu horiek egitea eskatu ahal izango da UPV/EHUko ikastegi, zerbitzu eta atalen zerbitzuen premiei erantzuteko, dela aurrez aurre, bermatzeko zerbitzuak benetan emango direla lan asteko arratsalde guztietan, dela telelanaren bidez, ahal den guztietan.

Zerbitzu premia horiek langileak beren ohiko lantokitik mugitu gabe beteko dira, eta ez dira erabiliko inola ere erantzuteko aldi baterako lanerako ezintasunen ondorioz sortutako premiei, lanaldiari eta egutegiari buruzko zirkularrean jasotako baimenen ondorioz sortutakoei, edo kasuan kasuko prozedura arruntaren bidez bete gabeko lanpostu hutsen ondorioz sortutako premiei.

1.3.- Kasu espezifikoetarako lanaldi bereziek onuradunekin adostutako moduan jarraituko dute.

1.4.- Lanpostu batzuetan ohiko lanaldia ez duten langileen lanaldia izango da administrazio eta zerbitzuetako langileen lanaldi, lan orduen kontrol, opor eta baimenei buruzko 2020ko zirkularrean agertzen dena (II. eranskineko 2.2 puntua).

Bigarrena.- Ezohiko kontziliazio neurriak

Ondoko egoeraren batean egoteagatik nahitaez etxean geratu behar diren administrazio eta zerbitzuetako langileen kasuan, beherago aipatzen diren ezohiko kontziliazio neurriak aplikatuko dira:

  1. COVID‑19aren proban positibo eman duen pertsona baten kontaktu estua den 14 urtetik beherako baten zaintza izatea, ETXEAN GERATU BEHAR DENA BERROGEIALDIA EGITEKO.
  2. COVID‑19aren proban positibo eman duen pertsona baten kontaktu estua den senitarteko bat (ahaidetasuneko bigarren mailarainokoa, mendekotasun egoeran dagoena eta soldatapeko jarduerarik egiten ez duena) zuzenean zaintzeko ardura izatea, langilearekin bizi delako, ETXEAN GERATU BEHAR DENA BERROGEIALDIA EGITEKO.
  3. zentroak erabat edo partzialki ixtea, agerraldi garrantzitsua izan dutelako.

Aurreko egoera horietako batean dagoen langileak kontziliazio mota hauetako bat aukeratu ahal izango du:

  1. Baimena zerbitzuak modu ez‑presentzialean emateko, telelanaren bidez, baldin eta formula hori bateragarria bada bere lanpostuari dagozkion eginkizun eta zereginekin.
  2. Ordutegi malgutasuna, lanaldiari eta egutegiari zirkularrean aurreikusitako mugei lotu gabe.
  3. Telelana egiterik ez badago, eta ordutegi malgutasuna nahikoa ez bada, langileek araudian ezarritako kontziliazio neurriak erabili ahal izango dituzte, lanaldi murrizketak edo oraindik hartzeko dituzten baimenak eskatuta.

Soil‑soilik, eta betiere gainerako neurri guztiak eraginkorrak ez badira, baimen ordaindu berreskuragarria hartu ahal izango da berrogeialdiak irauten duen bitartean edo zentroa itxia dagoen denboran. Baimen hori berreskuratuko da lanaldi, lan orduen kontrol, opor eta baimenei buruzko 2020ko zirkularrean zehaztutako moduan.

Hirugarrena.- Ezohiko kontziliazio premietarako prozedura eta akreditazioa

Aurreko ataleko kasuren batean dagoen langileak berehala emango dio egoeraren berri bere nagusi hierarkikoari, eta infopas@ehu.eus helbidera bidaliko du eskaera, kontziliazioaren premia eta modalitatea adieraziz, egiaztagiriak atxikiz.

Hauek dira langileak egiaztatu beharko dituen salbuespenezko egoerak:

  • COVID‑19ak eragindako berrogeialdiaren ondorioz zaintza pertsonal eta zuzena eskatzen duen pertsona baten arretaz arduratu behar izatea.
  • Ikastetxea edo zaintza zentroa ixtearen ondorioz zerbitzu hori jaso barik geratzen den pertsona baten arretaz arduratu behar izatea.

Laugarrena.- Ezohiko neurriak ahaidetasuneko bigarren mailarainoko edo mendekotasun egoeran dagoen adineko senitartekoren bat zuzenean zaintzeko ardura izateagatik

2020ko urriaren 4an amaituko da ahaidetasuneko bigarren mailarainoko edo mendekotasun egoeran dagoen adineko senitartekoren bat zuzenean zaintzeko ardura izateagatik administrazio eta zerbitzuko langileek onartuta izan dituzten ezohiko neurrien indarraldia.

Bosgarrena.- Salbuespenezko egoerak

Aztertu egingo dira langileen salbuespenezko egoerak. Horretarako, eskaera bidali beharko da infopas@ehu.eus helbidera, mezuan azaldu zein den egoera, eta egiaztagiriak atxiki.

Seigarrena.- Indarraldia

Erabaki honetako lehen atalaren indarraldia lotuta dago administrazio eta zerbitzuetako langileen lanaldi, lan orduen kontrol, opor eta baimenei buruzko 2020ko zirkularrean ezarritako denbora eremuari.

Erabaki honetako bigarren atalean aipatzen diren ezohiko kontziliazio neurriak indarrean egongo dira kontrako erabakia eman arte.

 

 

Leioa, 2020ko irailaren 29a

 

Lore Bilbao Artetxe
UPV/EHUko gerentea