AZP-entzat diren ebazpenak

Erabakia, 2020ko urriaren 29koa, UPV/EHUko gerentearena, administrazio eta zerbitzuetako langileen lanaldia zehazteko dena 2020ko azaroaren 1etik aurrera

UPV/EHUko gerentearen 2019ko irailaren 30eko Erabakiaren bidez onartu zen administrazio eta zerbitzuetako langileen lanaldi, lan orduen kontrol, opor eta baimenei buruzko 2020ko zirkularra.

COVID‑19aren bilakaerak eragindako egoera zela eta, aldatu egin behar izan zen aipatutako zirkularra, lanaldiari zegokionean.

Aldaketa horiek honako hauen bidez egin ziren:

UPV/EHUko gerentearen 2020ko martxoaren 12ko Erabakia, COVID‑19 dela‑eta administrazio eta zerbitzuetako langileei aplikatuko zaizkien ezohiko neurriei buruzkoa.

UPV/EHUko gerentearen 2020ko maiatzaren 12ko Erabakia, COVID‑19ak eragindako osasun alertaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren ondoren UPV/EHUn administrazio eta zerbitzuetako langileak aurrez aurreko jardunera itzultzeko plana eguneratzekoa.

Ondoren, UPV/EHUko gerentearen 2020ko irailaren 29ko erabakiaren bidez, administrazio eta zerbitzuetako langileek egin beharreko lanaldia ezarri zen berriro, 2020ko zirkularrean adierazitako moduan, nahiz eta lanaldia egiteko baldintzak malgutu egin ziren.

Irtenbide moduan erabaki zen ordu poltsa bat sortzea, zorretako orduak modu desberdinetan errekuperatzeko aukera emango zuena, hartara zerbitzu publikoa behar bezala bete ahal izateko, aldi berean langileen segurtasuna eta osasuna bermatuz.

Arautze horren guztiaren aplikazio praktikoaren interpretazioak sortutako zalantzen ondorioz egin diren kontsulten aurrean, komeni da erabaki hau ematea, lanaldia eta lan orduen kontrola bateratu eta argitzeko, urteari geratzen zaizkion hilabeteetarako.

Argibideei dagokienez, bereziki aipatu behar da zerbitzua telelanaren bidez emateko aukera.

UPV/EHUn administrazio eta zerbitzuetako langileek ohiko lanaldia telelanean egiteko aukera jasota eta araututa dago lanaldi eta oporrei buruzko zirkularrean, AZPko funtzionarioen eta lan kontratudunen negoziazio batzordeen 2016ko otsailaren 29ko Akordioan adierazitako moduan (zerbitzua telelanaren bidez modu ez‑presentzialean emateko baldintzei buruzko akordioa).

COVID‑19aren agerraldiak eragindako egungo osasun krisiak milaka pertsona behartu ditu, oro har, etxetik lan egitera; eta horixe bera gertatu da baita UPV/EHUn ere.

Urrutiko lana dela‑eta nahasterik egon ez dadin, eta araututako telelanetik desberdintzeko, zerbitzuak modu ez‑presentzialean egiteko modalitateari, telelanaren arautze propiora lotuta ez dagoenari, <<telelarrialdia>> deituko diogu, arlo dialektikoan.

Azaldutako guztiagatik, eta UPV/EHUko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Erabakiaren bidez (2017ko otsailaren 3ko EHAA, 24. zk.) eman dizkidaten eskumenen babesean, honako hau

 

ERABAKI DUT:

 

Lehenengoa.- Lanaldia 2020ko azaroaren 1etik aurrera

1.1.-   2020ko azaroaren 1etik aurrera administrazio eta zerbitzuetako langileek 2020. urterako aukeratuta zuten lanaldia egingo dute, administrazio eta zerbitzuetako langileen lanaldi, lan orduen kontrol, opor eta baimenei buruzko 2020ko zirkularreko 4. artikuluan adierazitakoari jarraituta:

a)  Ohiko lanaldia, modu hauetakoren batean egin ahal izango dena:

a.1) Lanaldi zatitua

a.2) Lanaldi jarraitua

a.3) Lanaldi mistoa

b)  Ezohiko lanaldia zenbait lanpostutan (beren berezitasunak zirkularreko II. eranskinean agertzen dira).

c)   Telelana

d)  Kasu espezifikoetarako lanaldi bereziak.

1.2.-   Hala ere, osasun arrazoiak direla eta, aurrez aurreko lanaldi trinkoa egin gomendatzen da, goizez edo arratsaldez, bazkaltzeko tarterik gabe, eta 7:00 ordukoa (astelehenetik ostiralera), zerbitzuko premiek aukera ematen badute eta lanpostuko zereginak urrutiko lanaren bidez bete badaitezke. Dena den, berdindu egin beharko da egindako lanaldiaren eta kasuan kasuko ohiko lanaldiaren gehieneko iraupenaren arteko aldea.

Horretarako ordu poltsa bat sortuko da eta ordu horiek egitea eskatuko da, honela:

  • urrutiko lanaren bidez, hau da, urrutiko lana eginda etxetik. Kasu honetan, eta laneko orduen kontrolerako, orduak bete egin direla egiaztatu beharko da, 048 gorabeherari dagokion orria beteta.
  • aurrez aurre egin beharreko lanaren bidez, gainerako kasuetan.

Ordu defizita kitatzeko, langileak formula hauetarakoren bat aukeratu ahal izango du, ikastegi, zerbitzu edo ataleko arduradun hierarkikoarekin adostu beharko duena:

  • Ordu zorra kitatzea ordu osoka eta zerbitzuko premien arabera.
  • Ordu zorra kitatzea txanda berreskuratuko egunak, norberaren kontuetarako baimenekoak, eta, hala badagogio, norberaren gestioetarako lizentziakoak gutxituta.
  • Ordu zorra kitatzea aurreko bi hilabeteetako soberakinekin, edo hurrengo bi hilabeteetakoekin. Zorrak kitatzeko bi modu horiek bateragarriak dira.

Abenduaren 31n saldo negatiborik badago, berdindu egin beharko da hurrengo bi hilabeteetan, aurreko atalean adierazitako moduan.

1.3.-   Baliabide tekniko egokiak ez izateagatik, urrutiko lanaren aukera hartzerik ez duten langileek 1.1 atalean adierazitako moduan egingo dute lanaldia.

1.4.-   Kasu espezifikoetarako lanaldi bereziek onuradunekin adostutako moduan jarraituko dute.

 

Bigarrena.- Lanaldi murrizketak eta baimenak, lizentziak eta oporrak hartzea

Lanaldi murrizketetan, edo baimenak, lizentziak eta oporrak hartzean, 2020ko zirkularreko benetako lanaldi teorikoa aplikatuko da.

 

Hirugarrena.- Indarraldia

Erabaki honen indarraldia lotuta dago administrazio eta zerbitzuetako langileen lanaldi, lan orduen kontrol, opor eta baimenei buruzko 2020ko zirkularrean ezarritako denbora eremuari.

 

Xedapen gehigarria.- Egokitzapenak

Onartu berri den araudia ikusita (36/2020 Dekretua, 2020ko urriaren 26koa, lehendakariarena, zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira Alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapenari eusteko) eta COVID-19aren agerpenaren eboluzioak sortutako egoeraren gorabehera handiko egokiera honek eskatzen duen legez, ebazpen hau eguneratu eta egokitu egingo da, osasun, lan eta hezkuntzaren arloko agintariek ematen dituzten jarraibideen arabera.

 

Leioa, 2020ko urriaren 29a

Lore Bilbao Artetxe
UPV/EHUko gerentea