Mexiko eta Euskadiko gizarteek aldaketa handiak izan dituzte euren egitura demografikoetan, halako moldez non handitzen ari den adineko biztanleriaren ehunekoa eta txikitzen, aldiz, jaiotza tasak. Euskal Herriak egitura demografiko zahartua du, jaiotza tasa ez da iristen guztizkoaren % 6ra, eta 65 urtetik gorako biztanleria osoaren % 25 baino handiagoa da. Mexikon, 2030etik aurrera, 65 urtetik gorako pertsonek 15 urtetik beherakoek baino multzo handiagoa osatuko dute. Aldaketa horiek, jakina, eraldatu egin dituzte lan merkatua, hezkuntza premiak, osasunerako sarbidea eta zaintza, eta pauta sozial eta kultural berriak sortu ditu horrek. Aldaketa demografikoa hain da handia, ezen ezinbestekoa baita instituzioak eta politika publikoak birdefinitzea, itun sozial eta fiskal berri baterantz, gizarteen ongizatea ziurtatzeko.
Mexikoko eta Euskadiko desafio demografikoek antzekotasunak eta desberdintasun handiak dituzte, eta aukera ematen dute esperientziak ezagutzeko, diagnostikoak osatzeko eta jakintza zientifikoa aberasteko, gobernuen estrategiak eta politika publikoak arautze aldera.
Testuinguru horretan, EHUk eta Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoak (UNAM) antolatu dute topaketa hau, ikuspegi konparatu batetik sakontzeko erronka demografikoaren ezagutzan eta bi herrialdeek garatu behar dituzten estrategietan, herritarrek aldaketa demografikoko etapa hau bizi dezaten ongizate indibidual eta kolektiboko baldintzetan. Topaketan aztertuko diren gaiak landuko dira giza eskubideen, gizarte inklusioaren, genero berdintasunaren eta ongizaterako sarbide eraginkorraren ikuspegietatik.