Gai akademikoen inguruko ebazpenak

Instrukzioa, 2020ko azaroaren 4koa, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordearena, urrutiko edo online bidezko ebaluazio probetan irudia eta soinua hartzeko sistemak erabiltzeari buruzko jarraibideak ematen dituena. (2020ko azaroaren 4ean EGUNERATUA)

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2020ko uztailaren 9an egindako bileran hartutako erabaki bidez, 2020-2021 ikasturteko irakaskuntza planifikatzeko orientazioak onartu ziren. Era berean, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeari ahalmena eman zion hura gauzatzeko behar adina egintza eta erabaki hartzeko, eta aipatutako irizpideen aplikazioan planteatzen diren gai guztiak interpretatzeko eta ebazteko.

Orientazio horien arabera, eta normaltasun berria garatuko den salbuespenezko eta ustekabeko inguruabarrak ikusita, nahiz eta irakasgaien ebaluazioa, ahal dela, ebaluazio jarraituko eta presentzialeko sistemaren bidez egin behar den, aurrez aurrekoa ez den ebaluazioa egiteko beste alternatiba bat egon behar da, COVID-19aren ondorioz sortu eta ebaluazioa egitea eragozten duten egoerei erantzuteko, bai konfinamendu orokortu bat dela medio, bai ikasleei zein irakasleei eragin diezaieketen konfinamendu iragankorrak direla kausa. Ebaluazioaren diseinua egiteko, kontuan hartu behar dira EHU edonondik eta EHU Edonondik/ebaluazioa-ren gomendioak, normaltasun berriko aldi honetan indarrean jarraitzen baitute.

Ondoren, UPV/EHUko Gradu eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen 2020ko urriaren 9ko zirkularra eman zen, konfinamendu egoeretan graduko eta masterreko irakaskuntzak irakasteari eta ebaluatzeari buruzkoa. Zirkular horretan ezartzen zen sail guztiek bermatu behar zutela eGela aktibo egotea irakasten duten irakasgai guzti-guztietan, ikasleei laguntza akademikoa bermatzeko eta graduko eta masterreko irakaskuntzetan ezarritako irakaskuntzaren, tutoretzen eta ebaluazioaren garapenaren egokitzapenak guztiz gauzatzeko. Horrekin batera, egokia eta posible zen guztietan, Blackboard Collaborate (BBC) erabiltzea gomendatzen zen, irakaskuntza telematikoko baldintzetan irakasleen eta ikasleen arteko kontaktu birtuala baina berehalakoa bermatzen duena.

Era berean, ezartzen zuen ezen onartutako egutegietan aurreikusitako deialdi ofizialetako ebaluazio proba egiteko aurreikusitako datan irakasgaiko ikasleren batek egiaztatzen badu ezin dela ikastegira joan proba aurrez aurre egitera COVID-19aren ondorioz, ebaluazio hori egiteko aukera eman beharko litzaiokeela. Kasu horretan, sailak aukera izango du proba gainerako ikasleen egun eta ordu berean egiteko, aurrez aurrekoa ez den modalitatea baliaturik edo online bidez, edo, bestela, aurrez aurre beste proba bat egiteko aukera izango du beste egun batean.

Bestalde, eta 2019/2020 ikasturterako soilik, Gradu eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen 2010eko maiatzaren 7ko instrukzioa egin zen. Instrukzio horren bidez, urrutiko edo online bidezko ebaluazio probetan irudia eta soinua hartzeko sistemak erabiltzeari buruzko jarraibideak ematen ziren, orain ia osorik errepikatzen dena.

Hori guztia abiapuntutzat hartuta, eta (2020/2021 ikasturtetik aurrera) ebaluazioa online edo urrutiko modalitatean egin behar denerako, instrukzio hau ematen da irudia eta soinua tratatzen dituzten bitarteko teknologikoak erabiltzeari dagokionez, UPV/EHUko datuak babesteko ordezkariarekin bat etorrita, eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren uztailaren 9ko bilkuran emandako gaikuntza baliaturik:

 

 

JARRAIBIDEAK

 

LEHENA. – Datu pertsonalen tratamendua proba sinkronoetan. Instrukzio orokorra.

Ahozko edo idatzizko ebaluazio proba sinkrono bat egiteko, erakundeak ezarritako sistemak erabili beharko dira, eGela eta BBC bideokonferentzietarako, bai irakasleen eta ikasleen arteko zuzeneko interakziorako, banaka edo taldean, bai probaren jarraipena egiteko, behar bezala egiten ari dela bermatzeko. Lehenago adierazitakoez gain, beste baliabide osagarriren bat erabili behar balitz, ikasleekin adostu beharko lirateke lehenengo

Ikasleen datu pertsonalen tratamenduak, batez ere ikasleen irudia eta soinua xede dutenak, datu pertsonalen tratamenduari buruzko arautegiaren mende daude, eta, beraz, arloa arautzen duten printzipioen mende daude, zilegitasunaren, leialtasunaren eta gardentasunaren printzipioen mende, hain zuzen ere, baita osotasunaren eta konfidentzialtasunaren mende egon ere. Ildo horretatik, arautegi horrek adierazi bezala, tratamendu horiek beharrezkoak dira eginkizun bat betetzeko interes publikoaren izenean eta legeak tratamenduaren arduradunari, hots, Euskal Herriko Unibertsitateari, esleitzen dizkion botere publikoak baliatzeko, zehazki goi mailako hezkuntza zerbitzu publikoa emateko, eta horren parte dugu ikasleen ezagutzak egiaztatzea.

Urrutiko modalitateko ikaskuntzaren emaitzak ebaluatzeko edo egiaztatzeko prozesua gauzatzeko soilik, tratamenduak behar bezala eguneratu eta argitaratu dira UPV/EHUko datu pertsonalen tratamenduen erregistroan.

Ikasleei eguneratze horren berri emateko, eGelan sartu da instrukzio honen eranskin gisa agertzen den dokumentua, eta plataformaren erabiltzaile diren ikasle guztiek lor dezakete.

Nolanahi ere, ikasleei adierazi beharko zaie, proba egiteko, beren eremu pribatuan eragin txikiena izango duen tokia hautatzeko, ahal duten neurrian, hau da, ziurtatu egin behar dute ez dela egongo probarekin zerikusirik ez duen pertsonarik.

Ikasleek ez dute erabiliko edo lagunduko iruzurrezko prozeduretan, instrukzio hauetan xedatutakoaren arabera egiten diren ebaluazio probetan. Era berean, ezin izango dute egin ebaluazio proben irudi eta/edo soinu grabaziorik gaiak ukitzen dituen pertsonen aldez aurreko baimenik izan gabe (probaren edo azterketaren ardura duten irakasleak, beste ikasle batzuk). Baimen hori datu pertsonalak babesteari buruzko indarreko araudiaren arabera eman beharko da. Araudi hori betetzen ez bada, legez ezarritako erantzukizunak eska daitezke.

 

BIGARRENA. - Ahozko proba sinkronoak.

Probak behar bezala egingo direla bermatzeko eta ikasleen eta irakasleen arteko zuzeneko interakzioa bultzatzeko, irakasleek ahozko proba bideokonferentzia sistemen bidez jarraituko dute, irudi eta soinu transmisioaren bitartez, lehenengo atalean aipatu bezala, eta kontuan hartuta ikasleak beren etxeko espazioetan egiten ari direla proba.

Ahozko probak soinu formatuan jaso edo graba daitezke, ikasleen eskubidea baita, graduko titulazio ofizialetako ikasleen ebaluaziorako arautegiak ezartzen duen bezala, eta sailak gorde dezake hurrengo ikasturtea amaitu arte gutxienez, salbu eta helegite bat badago; kasu horretan, helegitea ebatzi arte gorde beharko da, ikastegiak halakoak gordetzeko ezarritako arautegiarekin bat etorrita.

Erakundeak ezarritako sistemak eskaintzen dituen funtzionaltasunak direla-eta (BBC eGelan edo BBCbilerak), probaren bideo grabazio bat egin daiteke, eta arautegiak jasotzen duen soinu grabazioa handitu egingo da. Proba egin bitarteko irudi eta soinu grabazioek bete egin beharko dute aurreko paragrafoan soinu formatuko grabazioei buruz adierazitakoa, bai eta segurtasun eta konfidentzialtasun eskakizunak ere, eta soilik ikasleen ikaskuntzak egiaztatzeko baliatuko dira, baita kalifikazioak berrikusteko eta, hala badagokio, geroagoko baliabideetarako ere.

Probaren hasieran, irakasleek ikasleei jakinarazi beharko diete komenigarria dela ahozko proba edo azterketa grabatzeko eskubidea erabiltzea, baliagarria izan baitaiteke bai feedbacka emateko, bai kalifikazioak berrikusteko. Proba egin bitartean, ikasleek irudia eta soinua transmititzeko gailua aktibatuko dute ekipo informatikoan, proba gidatzen ari den irakasleak horri buruz adierazten dituen jarraibideei jarraituta.

Edozein ikasleri eska dakioke, aldez aurretik eta proba egin bitartean, bere burua identifikatzeko.

Kasuan kasuko irakasleari dagokio ikasleak ekitatez eta justizia berme osoz ebaluatzeko beharrezkoak diren probaren nondik norakoen ebidentzia guztiak jasotzea, soinu eta, hala badagokio, irudi grabazioaz gainera.

Irakasgaiaren irakasleen edo kasuan kasuko epaimahaien aurrean bakarrik egingo da proba, atal honetan adierazitakoarekin bat etorrita.

 

HIRUGARRENA. – Idatzizko proba sinkronoak.

Modalitate sinkronoko idatzizko proben jarraipena, banaka edo taldean, proba gidatzen duten irakasleek egin dezakete, erabaki honen lehenengo paragrafoan aipatzen diren irudia eta soinua transmititzeko sistemen bidez.

Idatzizko proba egitean, ikasleek ekipo informatikoan aktibatuko dute irudia transmititzeko dagokion gailua, irakasleak hala eskatzen dienean, kontuan hartuta ikasleak beren etxean egiten ari direla proba. Soinua transmititzeko gailua probaren hasieratik aktibatu beharko da, eta egoera horretan egongo da proba amaitu arte, salbu eta proba gidatzen duten irakasleek besterik adierazten badute.

Ez da irudi edo soinu grabaziorik egingo idatzizko proba egin bitartean.

Edozein ikasleri eska dakioke, aldez aurretik eta proba egin bitartean, bere burua identifikatzeko.

Kasuan kasuko irakasleari dagokio ikasleak ekitatez eta justizia berme osoz ebaluatzeko beharrezkoak diren probaren nondik norakoen ebidentzia guztiak jasotzea.

Irakasgaiaren irakasleen edo kasuan kasuko epaimahaien aurrean bakarrik egingo da proba, atal honetan adierazitakoarekin bat etorrita.

 

LAUGARRENA. -  Egokitzapenak.

Jarraibide hauek behar bezala egokitu eta argitu ahal izango dira, baldin eta aplikatzean sortzen diren inguruabarrek hala eskatzen badute.

 

 

Leioan, 2020ko azaroaren 4an.

 

Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordea

Araceli Garín Martín