Ikerketa arduratsua
EHUko Ikerketako Jardunbide Egokien Kodea erreferentziatzat hartuta, ikerketa arduratsua ezagutza zorrotza, fidagarria eta gizartearentzat baliotsua sortzeko modu gisa uler daiteke, integritatearekin, haren inplikazio etikoei arreta emanez eta unibertsitateari dagokion zerbitzu publikoarekiko konpromisoz garatua.
Esparru honetan ikerketa bat arduratsutzat jo ahal izateko, gutxienez honako dimentsio hauek txertatu behar ditu:
- Integritatea: fidagarritasunaren, zintzotasunaren, errespetuaren eta erantzukizunaren printzipioetan oinarritzen da. Horrek zorroztasun metodologikoa, prozesuen gardentasuna, besteen ekarpenen aitortza egokia eta ikerketaren ondorio zientifiko eta sozialen asumitzea eskatzen du.
- Erantzukizuna ikerketa prozesu osoan zehar: ikerketa arduratsua ez da azterlana gauzatzera mugatzen. Galderen formulaziotik eta diseinu metodologikotik hasi, datuen kudeaketa, emaitzen komunikazioa, emaitza negatiboena ere, egokia denean, eta ezagutzaren epe ertain eta luzerako zaintza eta kontserbazioa ere barne hartzen ditu.
- Konpromiso publikoa eta inpaktu soziala: funts publikoekin finantzatutako ikerketa ongi komunera bideratu behar da. Itzulkin hori ez da transferentzia ekonomiko edo teknologikora mugatzen. Zientzia ireki eta segurua, ikerketa komunitatearen prestakuntza, erakundeen hobekuntza eta gizarte eztabaida informatuago bati egindako ekarpena ere biltzen ditu.
- Errespetuan, ekitatean eta zaintzan oinarritutako ikerketa ingurunea: ikerketa arduratsuak inklusioa, aukera berdintasuna, arriskuen prebentzioa eta pertsonen arteko tratu ona sustatuko dituzten lan baldintzak behar ditu. Horrek bereziki barne hartzen du zaurgarritasun egoerei arreta ematea, bai eta lidergo etikoa, gainbegiratze arduratsua eta mentoretza egokia sustatzea ere.
Laburbilduz, EHUn modu arduratsuan ikertzeak esan nahi du ezagutza aurreratua sortzea, zorroztasun metodologikoarekin, integritate zientifikoarekin, sentsibilitate etikoarekin eta erakunde zein gizarte mailako erantzukizunez.