EHUspace-ren izpi kosmikoen detektagailuak beste proba bat gainditu du

Urrian Bexus globo estratosferikoan 30 kilometroko garaiera igotzeko lasterketan jarraitzen du proiektuak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/29

EHUspacek, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Espaziala Masterreko ikasle taldeak diseinaturiko izpi kosmikoen detektagailuak beste proba bat gainditu du. REXUS/BEXUS programa espazialean parte hartzeko aukeratua izan zen proiektu hau.

Ezkerretik eskumara:Erlantz Otaola, Alejandro Otero, Antonio Vera eta Daniel Collado.

Orain, ESAk (Europako Agentzia Espaziala), DLRk (Alemaniako Zentro Aeroespaziala), SNSBk (Suediako Agentzia Espaziala) eta ZARMek arestian antolatutako topaketan, Suediako Esrange jaurtiketa basean, hain zuzen, ACORDE (Altitude COsmic Ray DEtector) detektagailuaren aurretiazko diseinua onartu zen. "Orain esperimentuaren diseinua osatu behar dugu, adituen iruzkin eta iradokizunei jarraiki, baita gure iritziari ere. Horrezaz gain, osagairik inportanteena fabrikatu, prestatu eta entseatu behar dugu: lainozko kamera. Horretarako instalazioak aurkitu behar ditugu entsegu termikoa eta hutsekoa egiteko, eta baita finantzazioa ere", azaldu du Alejandro Oterok. Hamabi ikaslek osatzen dute EHUspace eta Esrangeko topaketara bertaratu ziren lau, Otero haietariko bat izanik.

ACORDE detektagailua aukeratua izan zen 2015eko abenduan REXUS/BEXUS programan parte hartzeko. Alemaniako eta Suediako agentziek sustaturiko programa horri esker, Europako unibertsitate ikasleek zientzia eta teknologia esperimentuetan parte har dezakete suziri eta globoen bitartez. UPV/EHUko ikasleen proiektua izpi kosmikoen detektagailu bat diseinatu eta eraikitzean datza; detektagailuak, globo estratosferikoan gora doala eta muturreko tenperaturetan, gai izan behar du berau zeharkatzen duten izpi kosmikoen kopurua eta mota zehazteko. Probak gainditzen jarraitzen badu, Bexus globo estratosferikoan jaurtiko dute, gehienez 30 kilometroko garaierara arte, ziur asko urrian. Hurrengo azterketa, diseinu kritikoarena, maiatzean izango da, ESTECen (European Space Research & Technology Center), Noordwick-en (Holanda).