Eduki publikatzailea

Erabakia, 2020ko azaroaren 5ekoa, UPV/EHUko gerentearena, lan egiteko sistema mistoa (aurrez aurrekoa eta urrutikoa) ezartzeko dena administrazio eta zerbitzuetako langileen lanpostu batzuetarako

COVID-19ak eragindako alarma egoerak ekarri zuen hasieran konfinamendua eta unibertsitateko kideen aurrez aurreko jarduera etetea, funtsezkotzat jo ziren zerbitzuetan izan ezik. Hori dela eta, urrutiko lan modalitatea egiteko baimena eman zitzaien unibertsitateko langile guztiei, ahal zen guztietan, funtsezkotzat jo ez ziren zerbitzuak eskaini ahal izateko.

COVID-19ak eragindako osasun alertaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren ondoren aurrez aurreko lanera itzultzeko prozesua arautu zen UPV/EHUk horretarako egin zuen planaren bidez. Plan hori UPV/EHUko gerentearen 2020ko maiatzaren 12ko Erabakiaren bidez eguneratu zen, eta lanerako itzulera pixkanaka egin zen, betiere bermatuta langileen segurtasun eta osasun baldintzak, prebentzio neurri kolektibo eta indibidualak hartu baitziren horretarako, bai eta antolaketa neurriak zein higienikoak eta teknikoak ere, bat etorrita osasun, hezkuntza eta lan arloetako agintariek emandako gomendioekin.

Koronabirusaren agerraldiaren larritasuna dela eta, erakundeak behartuta daude erabakiak erritmo ikaragarrian hartzera kalitatezko zerbitzu publikoa emateko, langileen osasuna eta segurtasuna bermatzen duten bitartean.

UPV/EHUk aurrez aurreko zerbitzu publikoa ematen jarraitu behar du, agintari eskudunek kontrakoa erabaki ezean.

Horregatik, eta betetzeko LABIren Aholku Batzordearen Batzorde Teknikoaren gomendioak, kutsatzeko arrisku handieneko egoerak gutxitzeko bereziki garrantzitsua dena, eta UPV/EHUko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Erabakiaren bidez emandako eskumenak erabiliz (2017ko otsailaren 3ko EHAA, 24. zk), honako hau

 

ERABAKI DUT:

Lehenengoa. - Lan egiteko sistema mistoa: aurrez aurrekoa eta urrutikoa

2020ko azaroaren 9tik aurrera lan egiteko sistema mistoa (aurrez aurrekoa eta urrutikoa) ezarriko da UPV/EHUko ikastegi, zerbitzu eta atal guztietan, eginkizunek eta zereginek horretarako aukera ematen duten lanpostuetan, betiere zerbitzu beharrak bermatuta badaude.

Lan egiteko sistema misto horretarako txandak ezarriko dira, zerbitzuen ezaugarrien arabera. Txandak honela egin ahal izango dira:

  1. Aste batean aurrez aurreko lana eta hurrengoan urrutikoa.
  2. Egun batean aurrez aurreko lana eta hurrengoan urrutikoa.
  3. Aste batean hiru egun urrutiko lanean eta bi aurrez aurreko lanean, eta hurrengoan bi egun urrutiko lanean eta hiru aurrez aurreko lanean.

Bigarrena.- - Baliabide teknikoak

Urrutiko lana eskatzeko ezinbestekoa izango da baliabide teknikoak izatea (ordenagailua, Interneterako konexioa eta harremanetarako telefonoa), langileak behar bezala egin dezan lana.

Hirugarrena.- - Lanaldia

  1. Langileek 2020. urterako aukeratuta zuten lanaldia egingo dute, lanaldi, lan orduen kontrol, opor eta baimenei buruzko zirkularreko 4. artikuluan adierazitakoari jarraituta:
    1. Ohiko lanaldia, modu hauetakoren batean egin ahal izango dena:
      1. Lanaldi zatitua
      2. Lanaldi jarraitua
      3. Lanaldi mistoa
    2. Ezohiko lanaldia zenbait lanpostutan (beren berezitasunak zirkularreko II. eranskinean agertzen dira).
    3. Telelana
    4. Kasu espezifikoetarako lanaldi bereziak.
  2. Langile guztiek egin ahal izango dute dagokien aurrez aurreko lana UPV/EHUko gerentearen 2020ko urriaren 29ko Erabakiko 1.2 puntuan zehaztutako moduan (administrazio eta zerbitzuetako langileen lanaldia 2020ko azaroaren 1etik aurrera ezartzen duen erabakia).

Laugarrena.- Lan egiteko sistema mistoa eskatu ezingo den lanpostuak

  1. Besteak beste, honako lanpostu hauetarako ezingo da eskatu sistema mistoa:
    1. Erregistro bulegoetako eta jendeari arreta eta informazioa emateko bulegoetako lanpostuak.
    2. Nahitaez aurrez aurreko zerbitzuak ematea dakarten eginkizunak dituzten lanpostuak. Aurrez aurreko zerbitzuak dira langilearen presentzia fisikoarekin soilik berma daitezkeenak:
      • Mantentze zerbitzuko langileak eta bestelako mantentze lanak egiten dituztenak
      • Atezainak eta atezain nagusiak.
      • Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzuko langileak.
      • Erabiltzaileei zerbitzu zuzena ematen dieten langileak, hala nola Erabiltzaileentzako Zerbitzuko (CAU) bigarren mailan aritzen diren langileak, multimedia edo ikus-entzunezko zerbitzuetakoak, kopiagintza zerbitzukoak, desgaitasunak dauzkaten ikasleen laguntzaileak…
      • Laborategiko, tailerretako, ikasgeletako eta abarretako makina eta tresneriarekin lan egiten duten kategoria eta espezialitate guztietako laborategietako langileak.  
      • SGIKEReko espezialitate guztietako langileak, administrazio kudeaketan dihardutenak izan ezik.
      • Barruko posta zerbitzuko langileak.
      • Biltegietako langileak.
    3. Konfiantzako langileen edo kargu akademikoen idazkariak.
    4. Langunetik atera ezin den dokumentazioa edo materiala erabiltzea eskatzen duten lanpostuak.
    5. Konfiantzako langileak (Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 12. artikulukoak).
  2. Sistema mistoan diharduten langileek bezalaxe, aurrez aurreko modalitatean aritzen direnek lan  egin ahal izango dute UPV/EHUko gerentearen 2020ko urriaren 29ko Erabakiko 1.2 puntuan zehaztutako moduan (administrazio eta zerbitzuetako langileen lanaldia 2020ko azaroaren 1etik aurrera ezartzen duen erabakia).

Bosgarrena.Ikastegi, zerbitzu eta ataletako arduradunak

Ikastegi, zerbitzu eta ataletako arduradun bakoitzak ezarriko du txanda modalitatea urrutiko lana egin dezakeen lanpostu bakoitzerako, bermatuta betiere aurrez aurreko jarduera. Horretarako, kontuan hartu beharko dituzte langileek hartzeko dauzkaten opor eta baimen egunak.

Ikastegi, zerbitzu eta ataletako arduradunek ere jardun ahal izango dute aurrez aurreko eta urrutiko lan sistema mistoko modalitateren batean, baldin eta:

  1. bermatuta geratzen bada haien  menpeko zereginak eta lanak behar bezala zuzendu, antolatu, gainbegiratu eta koordinatuta egongo direla;
  2. arduradunok  beren nagusi hurrenaren baimena badute.

Seigarrena.- Pertsona bakarreko zerbitzuak edo atalak

Pertsona bakarreko zerbitzu edo ataletan, nagusi hierarkikoarekin adostuko du langileak zein txanda modalitate egin, betiere lanpostuaren eginkizun eta zereginek horretarako aukera ematen badute eta zerbitzu publikoa behar bezala emango dela bermatzen bada.

Zazpigarrena. - Bete beharreko ordutegia

Urrutiko lana egitean ordutegia malgua izango da, baina 9:00etatik 14:00ak arteko ordutegia behintzat bete egin beharko da.

Zortzigarrena. Ordutegi malgutasuna

LABIko Batzorde Teknikoaren gomendioei jarraituz, zerbitzua behar bezala betetzen bada eta lanpostuaren ezaugarriek horretarako modua ematen badute, aurrez aurreko lanean diharduten langileek 10:00ak arteko tartea izango dute latokira sartzeko, eta irteteko ordua atzeratuko dute horren arabera  eguneko lanaldia bete arte.

Bederatzigarrena.- Lan orduen kontrola

  1. Lan orduen kontrolerako, urrutiko lana egiten den egunetan ordenagailuaren bidez fitxatuko da. Fitxaketa hori erlojuan egindako fitxaketaren parekoa da. Presentzia Atarian sartuta, "Eskuzko markaketa" sakatu behar da, eta gero "Egin eskaera". Horrela, langilearen ordutegi kontrolean jasota geratzen da, markaketa erlojuan egin izan balu bezala.
  2. Ikastegi, zerbitzu eta ataletako arduradunek Lan Harremanetara bidali beharko dute beren menpeko langile bakoitzak izango duen txanda modalitatearen berri.

Lehenengo xedapen gehigarria. - Egokitzapenak.

COVID-19aren bilakaerak eragiten duen egoera aldakorra denez, erabaki hau eguneratu egingo da, egokitzeko osasun, lan eta hezkuntza arloetako agintariek ezarriko dituzten jarraibideetara.

Bigarren xedapen gehigarria. - Egoera bereziak

Aztertu egingo dira langileen salbuespenezko egoerak. Horretarako, eskaera bidali beharko da infopas@ehu.eus helbidera.

 

Leioa, 2020ko azaroaren 5a

 

Sin.: Lore Bilbao Artetxe

UPV/EHUko gerentea