Ongi etorri Anatoramaren webgunera


Anatomia berez da hiru dimentsiotakoa, eta beti ere anatomia ezagutzeak gorputzaren osagaien kokapenak eta elkarrekiko harremanak ikastea eskatzen du. Disekzioa, prosekzioa eta gainazal-anatomia hiru dimentsiotako metodoak dira, irakasteko eta ikasteko orduan. Ostera, bi dimentsiotako adierazpen-teknikak erabiltzeak, adibidez liburu eta eta aurkezpenetako ilustrazioak edo arbeleko marrazkiak besteak beste, ahalegin handia eskatzen du kognizio aldetik hiru dimentsiotako egituraz jabetzeko.

Teknologiarekin batera gizartea ere aldatuz doa eta, XXI. mende honetan, orain dela hogei urte ez bezala, arrunt eta eguneroko zaigu elektronika-gailuak informazioa konpartitzeko eta kudeatzeko erabiltzea, barne irudiz, bideoz edo audioz adierazitakoak.

Irakats-baliabideak ere aldatuz doaz unibertsitatean, eta anatomi arloan ere hedatzen eta nagusitzen ari da teknologia digital berrien erabilera mundu zabaleko beste unibertsitateetan. Nabarmena izan da bistaratze-teknologien garapena anatomian, eta erabiltzaile arruntarentzat ere gero eta eskuragarriago daude teknologia berri eta indartsuak.

Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) Anatorama izeneko tresna digital bat garatu dugu, anatomia eta enbriologia arloko hiru dimentsiotako edukiak bistaratzeko. Hainbat modu ezberdinetan erabil daitezke, tresna hau zein beste edozein, baina beti ere beharrezko da beren erabilgarritasuna eta balioa egoera eta irakats-eduki jakinetan ebaluatzea, tresnaren etekina ahalik eta egokiena izan dadin.

2016-2017 ikasturte honetan Anatoramari hedapena eman diogu, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak (SAE-HELAZ) sustatutako Hezkuntza Berrikuntzarako Proiektu (HBP) bezala. Webgune honetatik aplikazioa bera deskargatu ahalko duzu, bai eta aplikazioarekin bistaratu ahalko dituzun hiru dimentsiotako edukiak.