Argitalpenen eskuliburua

Argitalpenen eskuliburua


Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak 1982an hasi zuen bere ibilbidea. Hala ere, 2009an argitaratu zuen lehenengo estilo-liburua. Liburu hartan jaso ziren, besteak beste, gurean argitaratzen ziren lanek bete beharreko irizpideak, eta lan horiek zein eratan izango ziren ebaluatuak.

Bere sorreratik gaurdaino, beste hainbat prozesuk bezala, argitaratze-prozesuak ere hainbat eraldaketa izan ditu, izan kalitate-irizpideak zorroztuz joan direlako, izan teknologia berriak alor honetara ere iritsi direlako. Hori dela eta, gure lanei aplikatu izan zaien araudia ere aldatuz joan da. Dinamika horren lekuko da honako hau izatea araudi horren laugarren bertsioa.

Gainera, aurten erabaki dugu arau eta argibide horien multzoari edo bildumari Argitalpenen Eskuliburu izena ematea. Hori ere egokitze-prozesuaren adierazgarri da, etengabeko hobekuntza eta moldaketaren emaitza, hain zuzen.

Azken urteotako erronketako bat izan da gure argitalpenek punta-puntako kalitate-irizpideak betetzea. Helburu horren emaitza dira, adibidez, gure hainbat aldizkarik FECYT Kalitate Zigilua lortu izana, bai eta gure bildumetako batzuk ANECAk ziurtatutako CEA-APQ zigiluak eskuratu izana ere.

Aurrera begira, ildo beretik jarraitzea da gure asmoa; hau da, aldaketetara egokitzen eta aldi berrien eskakizunei aurrea hartzen jarraitzea.

M. Juncal Gutierrez Mangado
Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordea