Eduki publikatzailea

Nekane Balluerka, 2021eko Euskadi Ikerkuntza Saria

Bibliografia-erakusketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/28

Irudia

Joan den maiatzean jakin genuen Nekane Balluerka EHUko Psikologia Fakultateko katedradunak jaso duela 2021eko Ikerketako Euskadi Saria, aurtengo edizioan Gizarte Zientzien eta Giza Zientzien alorrari dagokiona. Nekane Balluerka ikerketa-lanen zerrenda luze baten egilea da. Honako arlo hauek dira bere lanaren ardatz: ebaluazio psikologikorako tresnak lantzeko metodologiak garatzea, kulturen arteko egokitzapenerako; maila anitzeko analisi-ereduak aplikatzea fenomeno psikosozialen azterketara; eta esku-hartze programak diseinatzea, ezartzea eta ebaluatzea psikologiaren hainbat arlotan. Era berean, lan handia egin du unibertsitate-kudeaketaren arloan, bereziki UPV/EHUko errektore gisa 2017tik 2021era, eta kargu hori betetzen duen lehen emakumea izan da.

Bibliotekatik aukera egokia iruditu zaigu bere ekoizpen bibliografiko zabala ezagutarazteko, 100 artikulu zientifiko baino gehiago biltzen dituena, baita liburu ugari ere, horien artean euskarazko ekoizpen akademiko garrantzitsu bat. Horregatik, bibliografia-erakusketa txiki bat prestatu dugu, liburuak eta txosten bibliografiko bat dituena, egilearen ekoizpen zientifikoarekin. Erakusketa 2022ko uda honetan egongo da Gipuzkoako Campuseko Bibliotekako atarian.