UPV/EHUren Discovery katalogoan oinarrizko bilaketa

UPV/EHUren Discovery katalogoa

UPV/EHUren katalogoa OCLCren WorldCat Discovery katalogoan dago oinarrituta. WorldCat biblioteken kooperatiba bat da, eta munduko online biblioteka katalogo handiena dauka. Guztira, hiru mila milioi baliabide elektroniko, digital eta fisiko baino gehiago biltzen ditu.

Bilaketa bakar bat eginda, bibliotekako baliabide guztiak eskuratzeko aukera ematen du:  liburuak, e-liburuak, aldizkariak edizio inprimatuan eta elektronikoan, artikuluak, bilduma digitalak, hainbat datu basetako eta ADDI gordailuko edukiak, eta abar.

Edozein tokitatik eta edozein gailu erabilita HASI SAIOA botoian klik eginez gero, zuzenean eskuratu ahalko dituzu testu osoak.

UPV/EHUren datuen sarean bazaude, identifikaziorik gabe eskuratu ahalko duzu testu osoa.

Identifikatuta bazaude, beste funtzionaltasun batzuk izango dituzu; esaterako, zure maileguak ikusteko, erreserbak kontrolatzeko eta dokumentu zerrendak sortzeko eta kudeatzeko. 

Pantailaren ezkerraldean, hainbat tresna dituzu, bilaketa biblioteken, formatuen, argitalpen urtearen, hizkuntzaren edota gaiaren arabera mugatzeko (aurkitzen ez baduzu, zabaldu «Erakutsi gehiago» aukera).

Katalogoaren oinarrizko bilaketeei buruzko Biblio Klipa

Saioa hastea/Pasahitza eskatzea edo aldatzea

Sartu NAN zenbakia eta pasahitza edo egin klik Establecer/Restablecer contraseña botoian.

Egin klik UPV/EHUk eman dizun posta elektroniloan jaso duzun estekan eta idatzi aukeratu duzun pasahitza.

Begira gure BiblioKlip

Oinarrizko Bilaketa

Idatzi gako-hitzak bilaketa barran, edota bilatu liburuaren nahiz aldizkariaren izenburuaren arabera, egilearen arabera...

Sakatu «Enter» edo egin klik bilaketa botoian.

Emango dituen emaitzak UPV/EHUren funtsetakoak dira, baina ez baduzu nahi bilaketa gure bibliotekara mugatu, hemen alda ditzakezu aukerak: Bilaketa tresnak (goian, ezkerrean) > Biblioteka > Mundu osoko bibliotekak.

Edizio guztiak aurkitu nahi badituzu, liburu elektronikoak barne, «Edizioak elkartu» laukiko («Bilaketa tresnak» ataleko lehen elementua) marka kendu behar duzu.

Bilaketaren emaitza

Emaitza gehiegi lortzen badituzu, bilaketa zehaztu dezakezu, «Bilaketa tresnak» ataleko (ezkerreko zutabean) zerrendako aukerak egokituta.  

Bilaketa mugatzeko, hautatu, adibidez, biblioteka, liburu inprimatua, gaia, hizkuntza edota urtea.

Iragazki horiek aplikatu ondoren, emaitza kopurua txikiagoa izango da.

Oinarrizko bilaketa mugatzea

Oinarrizko bilaketa mugatu dezakezu, baita ere. Horretarako, gako hitzez gain, eragileak erabili behar dituzu bilaketa kutxan:

Komatxoak (“ ”), esaldi edo esamolde zehatza bilatzeko.

Hitz baten aldaerak egiteko elementuak:

  • Izartxoak (*) aurreko karakterez hasten diren hitzak bilatzen ditu (adibidez, «child*» bilaketarekin, child, children eta abar barne hartzen dituzten dokumentuak bilatzen dira…).
  • Traolak (#) karaktere bakar bat ordezten du (adibidez, «wom#n» bilatuz gero, woman nahiz women hartuko ditu kontuan).
  • Galdera ikurrak (?) 0-1 karaktere ordezten ditu (adibidez, «colo?r» bilaketarekin, colour nahiz color emango du).

 

Liburu bat aurkitzea, edizio inprimatuan

Aleak non dauden eta erabilgarri dauden ikusteko, izenburuan egin behar duzu klik. Eskuinaldean leiho bat irekiko da eta ematen duen informazioan ikusiko duzu non dagoen alea eta ea erabilgarri edo mailegatuta dagoen.

Mailegatuta edo beste biblioteka batean badago, erreserba egin dezakezu.

Gogoan izan: biblioteken arteko mailegurako, mailegu luzeko kategoriako dokumentuak bakarrik erreserbatu daitezke.

Liburu elektroniko bat aurkitzea eta eskuratzea

Egin bilaketa nahi duzun hitzekin, eta eskuratu testu osoa estekaren bidez. Formatu elektronikoko dokumentuak besterik ez badituzu nahi, talde horren arabera iragaz dezakezu «Bilaketa tresnak» atalean.

Aldizkari bat aurkitzea, edizio inprimatuan

Aldizkariaren izenburua bilatu behar duzu; eta, horrez gain, formatuaren arabera iragaz dezakezu, ezkerraldean agertzen den iragazkien zerrendako «Aldizkaria» laukia markatuta.

Egin klik izenburuaren gainean eta eskuinaldean leiho bat irekiko da, datu gehiagorekin.

Joan «Erabilgarritasuna» atalera ikusteko zer bibliotekatan dagoen eta izenburu horren zer zenbaki, liburuki edo argitalpen urte dauden.

Aldizkako argitalpenak ezin dira mailegatu, baina aukera duzu interesatzen zaizun artikulua fotokopiatzeko edo eskaneatzeko.

Aldizkari elektroniko bat aurkitzea eta zuzenean eskuratzea

Idatzi izenburua bilaketa kutxan eta mugatu formatua aldizkariaren edo aldizkari elektronikoaren arabera.

Egin klik testu elektronikoa ikusteko botoi urdinean, eta edukira eramango zaitu zuzenean. Behar duzun artikulua aurkitzeko, bilatu urtea, liburukia, zenbakia, etab.

LDAP bitarteko sarrera duen aldizkari elektroniko bat eskuratzea

Batzuetan ezin da eskuratu testua zuzenean; kasu horretan, edukia ikusteko, LDAP kontuarekin identifikatzeko eskatuko dizu.