Breadcrumb

Albisteak eta ekitaldiak

Kongresua Nazioartekoa

Haur Hizkuntzaren Didaktikaren Inguruko Lehen Nazioarteko Kongresua

Haur hizkuntzaren didaktikaren inguruko lehen nazioarteko kongresua UPV/EHUko EUDIA ikerketa taldeko eta Hizkuntza eta Literaturaren Saileko irakasle eta ikerlariek antolatuta dago. 2018ko azaroaren 14an burutuko da Bilboko Hezkuntza Fakultatean, Leioako Bizkaiko Campusean.

Kongresu honek Haur Hezkuntzako irakasle eta ikerlarien hausnarketa bultzatzen du haurrak dituzten gaitasun komunikatibo multimodalen inguruan, ekoizpenaren, pertzepzioaren eta interakzioaren ikuspuntutik; zizakadura etapan zeharretik lehen elkarrekintza linguistikoetara arte. Heziketa eta didaktika planora eraman nahi ditugu azken urteotan hizkuntzaren pertzepzioaren eta produkzioaren inguruko ikerketen bilakaera (erritmoa eta hizkuntzaren soinuak, hitzen identifikazioa eta ulermena, eta baita hizkeraren lehen faseak ere), eta haurrak garatzen dituen gaitasun komunikatibo ezberdinak (bere lehenengo elkarrekintzetatik, keinu, begirada eta bokalizazioen garapen egokira arte). Horretarako, ikergaia zertan den eta ikasgelan inplementatzeko baliabideak eta ebaluaziorako erremintak aurkeztuko dira.

Interrelazio komunikatibo honen atzean galdera anitz sortzen dira: noiz hasi beharko litzateke haur bat bere lehenengo keinuak egiten?, zergatik hasten da keinuak bokalizazioekin batera edo horiek barik egiten?, zer inplikazio eta eragin du helduak haurraren komunikazio-hautaketan?, zelan lagundu daiteke hizkuntzaren melodiaren eta keinuen arteko elkarrekintza hizkuntzaren jabekuntzan?, zer onura dakar prosodia eta keinuen ekoizpenak hizkuntzaren prozesamenduan eta lehenengo hizkuntzen jabekuntzan?, zer nolako ekintzek sustatzen dute horren garapena? edo, zeintzuk dira ebaluazioa egiteko beharrezko erremintak?

 

Honetarako, kongresu honetan lortu nahi diren helburuak hurrengo hauek dira:

1.- Haurraren gaitasun komunikatibo goiztiarren analisia ekoizpenaren, pertzepzioaren eta elkarrekintzaren ikuspuntutik.

2.- Haurraren komunikazio multimodala ezagutzea eta horrek duen eragina hizkuntzaren jabekuntzan.

3.- Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan hizkuntza eta keinuen binomioaren jokabidearen inguruan hausnartzea.

4.- Parte-hartzaileen artean keinuaren eta bokalizazioaren ebaluazioarekin zerikusia duten proposamen didaktikoak garatzea.

5.- Haur Hezkuntzan hizkuntza sustatzeko erabiltzen diren ariketa eta material didaktikoen inguruan hausnartu eta eztabaidatzea.

 

Kongresu honetan nazio zein nazioarteko ikertzaile eta akademikoak animatu nahi ditugu lanak aurkeztera, ahozko komunikazio edo poster formatuan eta kongresuko edozein hizkuntza ofizialetan: euskaraz edo gaztelaniaz.

 

Epe-mugak hurrengo lerroetan zehazten dira:

- 2018ko martxoaren 15ean kongresuko webgunetik laburpenak bidaltzeko epea zabalduko da.

- 2018ko ekainaren 30ean laburpenak kongresuko webgunetik bidaltzeko epea bukatuko da.

- 2018ko uztailaren 20an onarpenaren jakinarazpena.

- 2018ko abuztuaren 1etik urriaren 15era arte: izena ematea.