Cabecera

Menua Webgunearen menua ireki/itxi

Info_dekanoren-agurra

Dekanoaren Agurra

Asier Romero, Fakultateko Dekanoa, dekanotza taldearekin

   

Bilboko Hezkuntza Fakultatea ere barne duen Unibertsitateko elkartearen izenean, ongi etorri gure web orrialdera. Web orrialdea informaziorako eta kanpora zabaltzeko funtsezko elementua da.

Web orrialde honek, gure Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta haren gobernu organoen erreferentzia batzuez gainera, Fakultateko titulazio eta zerbitzu eta sailei buruzko informazioa ere jaso du, bai eta ikasketa planen garapenari buruzko informazioa ere, irakasgai bakoitzaren programak barne. Halaber, ordutegi, azterketa, tutoretza, araudi, prozedura eta abarrei buruzko informazio zehatzagoa ere jaso du.

Ikuspegi historikotik, gure eskola Bilbon sortu zen, 1902an; goi mailako graduko ikasketak eskaintzen zituen orduan. 1962an, Arangoitira (Deustu) eraman zen eskola, eta Eskola Arrunt gisa jardun zuen, harik eta UPV/EHUn Irakasleen Prestakuntzarako Unibertsitate Eskola gisa sartu arte. 2011ko irailean, eskola Arangoititik Leioako Campuseko eraikin berrira lekualdatu zen; eraikina César Azkarate arkitektoaren lana da. Azkenik, 2018ko urtarrilean, Bilboko lehengo Irakasleen Unibertsitate Eskolak Bilboko Hezkuntza Fakultate izena hartu zuen.

Fakultatean, gaur egun, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Gizarte Hezkuntzako graduak eta Psikodidaktikako master ofiziala ematen dira, bai eta honako berezko titulu eta masterrak ere: (1) Euskal Dantza: tradiziotik sorkuntzara; (2) Babesgabetasun egoeran dagoen haurtzaroa, egoitza eta familia harrera eta adopzioa; (3) Komunitate, hiri eta politika eraldaketa haurren autonomia eta parte hartzearen bitartez. Francesco Tonucciren “La Citta del Bambini” Nazioarteko Proposamena; (4) IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Formakuntzan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan (on line).

Fakultatea 150 irakaslek, gehienak doktoreak, administrazio eta zerbitzuetako 20 langilek eta 2.000 ikasle inguruk  eratzen dute. Irakasle eta hezitzaileen prestakuntza dugu helburu, eta gure prestakuntza prozesuetan metodologia aktibo berriak eta euskarazko eta espainierazko irakaskuntza, bai eta eredu hirueleduna ere (ingelesa), lehenesten ditugu. Euskal zerbitzu publiko gisa, profesional trebeak prestatzeko lan egiten dugu, gure sustraiei eutsi baina gure gizartea hobetu eta eraldatuko dutenak, hezitzaile diren aldetik daukaten eginkizunaren bidez, eta, berrikuntzarako duten gaitasuna eta berdintasunaren sustapena direla eta, erreferente izango direnak.

Gainera, fakultatean ikerketa jarduera handia ere egiten da. Arlo guztietan daude ikertalde finkatuak, eta horiek oinarri dira gazte ikertzaileen karrera sustatzeko. Gainera, mugikortasun programa erakargarria ere badugu; bertan, erakunde arteko akordioak daude, SICUE, ERASMUS+, América Latina eta beste programa batzuen esparruan.

Gure asmoa da erreferentziazko zentro dinamikoa izatea eta herritarren esku egotea, oro har, eta hezkuntza eremuaren esku, oso bereziki; izan ere, nahitaez izan behar ditugu elkarlanean jarduteko sinergiak. Konpromisoa, ahalegina eta ilusioa oinarri izanik, etengabe hobetzeko ikuspegiarekin lan egiten dugu; horretarako, Fakultateko kide guztien parte hartzea eta elkarlana behar dugu.

Dekano naizen aldetik, eta dekano taldearen eta Bilboko Hezkuntza Fakultateko unibertsitateko elkartearen izenean, ongi etorri eta eskerrik asko gure zentroaren gainean erakutsi duzun interesagatik.

 

Asier Romero Andonegi

Dekanoa