Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Hezkuntzaren Museoak Manuel Bartolomé Cossío sariaren irabazle

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/01

Irudia

 

Historia eta Hezkuntza Ondarea Aztertzeko Espainiar Elkarteak, Espainiako Kultur Ondarearen Institutuaren lankidetzaz, Manuel Bartolomé Cossío saria eman diete ex aequo aurtengo 2015 honetan Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Hezkuntzaren Museoa. Hau Garaian Hezkuntzako Azterketa Historiko eta Konparatuen Taldeak sustatu du, Paulí Dávila ikertzaile nagusia duena.

Epaimahaiak, saria ematerakoan, aintzat hartu du museo honek historia eta hezkuntza interpretazioari eta jakintzari egin dien ekarpena, erakunde proiektu museistiko bat lortu izana eta bere proiekzio didaktiko potentziala. Hezkuntzaren Museoak Kordobako ‘La tribu educa' Kultur Elkartearekin elkarbanatu du saria, ‘Los maestros y maestras de nuestras vidas' [Gure bizitzako maisu-maistrak] izeneko proiektua aurkeztu zuena lehiaketara.

"Museoaren helburu nagusia Euskal Herriko hezkuntzaren memoria historikoa berreskuratzea, zaintzea eta ezagutaraztea izango da. Bestalde, museo pedagogikoen ohiko erabilerez eta helburuez gain, historia eta hezkuntza ondarea katalogatzea eta zaintzea, ondare horren ikerketa eta erabilera didaktikoa ere izango ditu xede. Aintzatespen hau beste aurrerapauso bat da Garaian ikertaldeak museo hau behin betiko finkatzeko egindako lanetan" azpimarratu du Paulí Dávila Balsera ikertaldeko ikertzaile nagusiak eta UPV/EHUren Hezkuntzaren museoko zuzendariak.

Garaian Hezkuntzako Azterketa Historiko eta Konparatuen Taldea 2000. urtean eratu zen, bi ikerketa ildo ardatz hartuta: bata Euskal Herriko hezkuntzaren historia, ibilbide luzekoa, eta, bestea, umearen eskubideei buruzko azterketa konparatuari buruz. Ikertalde hau helburu eta xede zehatz batez aritu da ikerkuntza, transferentzia eta difusio lanetan: Eremu ezberdinetatik abiatuta (testu analisia, ondare historikoa, azterketa konparatuak eta beste), hezkuntzaren historiari buruzko jakintza arlo bat eraikitzea Euskal Herrian, ahalik eta gehien bistaratuko bada.

Sariak, Historia eta Hezkuntza Ondarea Aztertzeko Espainiar Elkarteak Espainiako Kultur Ondarearen Institutuaren laguntzaz sustatuak, historia eta hezkuntza ondarearen babesa, kontserbazioa, azterketa eta ikerkuntza du helburu, bai eta, aldi berean, eginkizunok sustatuko lituzketen ekintzen babesa ere. Sariak, halaber, omen egin nahi dio Manuel Bartolomé Cossío Museo Pedagogiko Nazionaleko lehenengo zuzendari eta espainiar unibertsitateko lehendabiziko pedagogia katedradunari.