Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Ikasleek ere badakite lan profesionala egiten

EHUko zazpi ikaslek egindako ikerketa-lan interesgarri bat aztertu dugu

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/25

Sandra Martinez eta Aitziber Hermoso Bilboko Ledesma kalean. / Luis Ángel Gómez

Ikasleek, ikasle izateagatik, euren lana zenbaitetan gutxietsita ikusten dute. Badirudi, ganorazko lana egiteko, «behar den moduko» lan bat aurrera eramateko, profesionala izan behar duzula. Eta hori ez da horrela. Demagun rock izar batek gaurko egunean bost elkarrizketa itxita dauzkala. Lehenengo lauak hedabide ezberdinetarakoak dira. Batzuk irratitik datoz, besteak prentsa idatzitik eta azkenekoa telebistatik. Denak hedabide inportanteetakoak dira. Kontuz ibili beharko da, beraz, esaten duenarekin. Hanka sartzea oso erraza da, eta behar bezala neurtu beharko du guztia denak pozik atera daitezen.

Lehenengo laurekin bukatuta, rock izarrak arnasa hartu eta pentsatzen du: «Listo! Egin ditut egin beharrekoak. Neketsua da gero disko berriaren promozio-lana egitea. Kokoteraino nago jada prentsa kontuekin». Garagardo bat ireki, zigarro bat piztu eta bere estudioko terrazara ateratzen da. Lasaitasun pixka bat behar du. Halako batean, bere managerra hurbiltzen zaio: «Oraingoz ez dugu bukatu, ikasle batzuk dituzu hemen zure zain. Elkarrizketa bat egin behar dute beren ikasketetarako, eta zu aukeratu zaituzte. Baietz esan zenidan duela egun batzuk». Rock izarrak zigarroa lurrera bota eta nekatuta dagoela esaten dio. Deskantsua behar duela eta hogei urteko ikasle batzuek ez diotela bere atsedenaldia zapuztuko. Horixe bakarrik behar zuela. Gainera, ikasle batzuk zertarako? Ba al dakite horiek benetako elkarrizketa bat egiten? Gure rock izarra ez dago esperimentuetarako.

Ez da arraroa bera bezalako jendea gure gizartean aurkitzea. Edozein lan-esparrutan aurkituko ditugu. Ikasleen lana gutxiesten dute eta, badirudi, profesionalak baino ez dituztela serioski hartzen. Baina, ikastoletako, institutuetako eta unibertsitateko zenbait lan aztertuko balituzte, kontrakoa pentsatuko lukete. Oraingoan, EHUko zazpi ikaslek (Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleak dira) egindako ikerketa-lan interesgarri eta polit bat aztertu dugu. Jon Kortazarren gidaritzapean, Aitziber Hermosok, Nerea Larruzeak, Sandra Martinezek, Helena Jauregik, Mercedes Mendibek, Amaia Oleagak eta Arrate Santiagok 'Gizartea eta Artea haur eta gazte literaturan' liburua kaleratu dute, eta lehenengo hiru egileekin eta ikerketa proiektuaren zuzendariarekin elkartu gara honetaz guztiaz hitz egiteko.

«Lan hau ikasleak ikerketa munduan hasteko plataforma bat izan da. Kontuan hartu behar dugu ikasle hauek Eusko Jaurlaritzak ematen zuen beka programa bati esker lan egin zutela. Programa hau ikerketan asteko bide bat zen. Nolabait esateko, bide horren azken fruitua izango litzateke lan hau», argitzen digu Kortazarrek. Zuzendariak azaltzen duenez, kontu hau guztia ez da berria: «Letra Fakultatean nengoenean, beste ikasle batzuekin batera azken lan honen aurrekariak izan daitezkeen beste bi ikerketa lan kaleratu genituen. Haiek, literatur kritikarekin zerikusi handiagoa zuten. Azken hau, ordea, ikerketa kulturalen bidetik gizartearekin lotuago dagoen lana da». Berarentzat, unibertsitatean lan paregabeak egiten direla «ez dago zalantzarik. Gure eginkizuna da ikasleei bide berriak zabaltzea», azaltzen digu irakasleak.

Ikasleek esparru bana landu dute liburuan. Sandra Martinezek, adibidez, familia ereduak aztertu ditu gaurko euskal haur eta gazte literaturan. «Familia ereduak gure gizartean eta ipuinetan nola aldatu diren aztertu dut. Kontuan hartu behar da umeei errealitatea ipuinen bidez erakuts dakiekeela. Irakaslea naizen heinean, ipuinek familia ereduak nola islatzen dituzten ikertzea oso garrantzitsua iruditu zitzaidan», hasten da. «Ipuinek 2000. urtera arte, gutxi gorabehera, familia eredu tradizionala deitu ahal dioguna erakusten zuten. Hau da, aita, ama eta euren seme-alabak. Baina, 2000. urtetik aurrera, familia dibortziatuak, ume adoptatuak, familia monoparentalak… ikusten hasiko gara ipuinetan. Aldi berean, amaren eta aitaren irudia nola aldatu den ere ikertu nahi izan dut», argitzen du Martinezek. Berak azaltzen duenez, «euskaraz idatzita dauden ipuinak landu ditut. Hemen idatzitakoak eta baita euskarara itzulitakoak ere. Azken finean, Euskarara itzuli diren ipuinak zerbaitegatik itzuli dira gurean, eta ikuspegi bat ere eman dezakete».

Peter Pan

«Nik Peter Panen moldaketa zinematografikoa aztertu dut. James M. Barrieren liburutik abiatuta, zenbait zinema produktorek egin dituzten moldaketak ikertu ditut. Helburua zen zineak, eta batez ere Disneyk, pertsonaia hau nola interpretatu duen ikustea», hasten da gure bigarren protagonista, Aitziber Hermoso. «Disneyk egin dituen aldaketak aztertu eta aldaketa hauen zergatiak ikertu ditut. Nire lanaren ondorioen atalean ikusi daiteke Disneyk James Barriek indartu nahi ez zituen zenbait sinbolo indartu dituela. Garrantzi gehiago eman diela, alegia. Argi eta garbi ikusten da zer nolako estereotipoak indartu nahi izan dituen Disneyk», jarraitzen du.

«Jon Kortazarrek lan hau egitea proposatu zigunean, egia esan, ez nekien ezta nondik hasi ere. Garbi neukan zinearekin zerikusia izan zezakeen zerbaiten gainean egin nahi nuela lan, oso gustukoa baitut zinea, baina gaia ez nuen batere argi. Egia esan, nik betidanik esan diet nire ingurukoei ez dudala hazteko inolako intentziorik, eta beharbada horregatik aukeratu nuen Peter Pan. James Barrieren bizitzak ere beti erakarri izan nau», azaltzen digu Hermosok.

Azkeneko protagonista Nerea Larruzea da. «Nire azterlanak Kirmen Uribek haur eta gazte literaturan egindako ekarpen esanguratsuena aztertzea du helburu. Nire ustez, gazte literaturan egin duen ekarpenik handiena 'Garmendia bilduma' da. Nik bilduma hori aztertu dut, beste gauzen artean», azaltzen du Larruzeak. «Esan bezala, Garmendia aztertu dut nik, baina gainerako bere lan guztien errepaso bat egin behar izan dut baita ere. Ezin daiteke Garmendia bilduma beste lan horiek gabe ulertu», argitzen du.

Hiru egileak «oso gustura» geratu dira egin duten lanarekin eta esperientzia errepikatuko luketeela onartzen dute.

 

Iturria: http://www.elcorreo.com