Breadcrumb

Eduki publikatzailea

‘Mailu batekin: Biola batekin', Gabriel Arestiren liburu ezezaguna

OSTIRALA, 2016KO ABENDUAREN 9A

Lehenengo argitaratze data: 2016/12/12

Irudia

1962an Gabriel Arestik ‘Mailu batekin: Biola batekin' deituriko lana aurkeztu zuen Euskaltzaindiak eratzen zuen Lizardi Sarira. 31 poema ziren guztiz. Ez zuen saria irabazi.

1965ean berriz, original bera poemen ordena moldatuz, hori bai, aurkeztu zuen lehiaketa berara. Izena ere aldatu zion. ‘Euskal Harria eta beste 30 olerki' deitzen zen aldaki berria. Oraingo honetan "Jardin Txikerra" ezizena erabili zuen eta, orduan, bai, orduan irabazi. Ezagunak dira mahaia osatu zutenen izenak: Manuel Lekuona, Pierre Lafitte, Juan San Martin, Nemesio Etxaniz eta Mikel Lasa.

Baina lehen ahalegin haren, ‘Mailu batekin: Biola batekin' haren aztarnarik ez zen geratu. Behin, baina, hurbildu nintzen Euskaltzaindira Sebastian Gartzia lagunarekin batera eta Josune Olabarrik,  erakundearen artxiboko arduradunak, esan zidan: "Hemen Arestiren lan argitaragabea daukagu". Esku artean izango zuen, ziurrenik, makinaz jotako originala eta erakutsi egin zidan. Mesfidati agertu nintzen orduan. ‘Mailu batekin: Biola batekin' entzunez batera, gogora etorri zitzaidan 1964an ‘Egan' aldizkarian Arestik plazara emaniko "Mailu batekin" garai bateko bere poesiaren antologia. Izenburuak antzekoak baziren, edukiak ez ziren berberak.

Esan dezagun garbi: ‘Mailu batekin: Biola batekin' lan ezezagun bat da. 1962an Arestik Lizardi Sarira agerturiko lana Harriaren zikloaren lehen zantzua eta gerora ‘Euskal Harria' poema liburua izango zenaren ernamuina.

Gustukoa dut "ernamuina" hitza poesia lan hori adierazteko. Bertan dira jada, ondoren etorriko ziren liburuen aipamena; ‘Harri eta Herri' liburu ezagunaren kontzeptua, ‘Euskal Harria' zentsurak mutilatuaren irudikapena eta ‘Harrizko Herri Hau' azkena lanaren aipamena.

Arrazoi askogatik da aipagarria ‘Mailu batekin: Biola batekin'. Lehen lehenik data hartu beharko genuke kontutan: 1962an idatzitako eta ondutako lana da, ‘Harri eta Herri' plazaratu baino lehenagokoa. Beraz, ziurrenik Arestiren lan enblematikoa baino lehenago ondutakoa, edo, ziurrenik beste iritzi hau zehatzagoa da, haren garaikidea. Gabriel Arestik 1962rako harriaren zikloa asmatua zuen. Ez poesia sozialarena, ez. ‘Maldan Behera' nagusia agertzeko denean, 1959an Arestik kartsuki irakurtzen du Blas de Oteroren poesia eta poesia zuzena egingo duela erabakitzen du. Idatzi ere idatzi egin zuen bere poesia "biraoaren poesia" izango zela ordutik aurrera. Biraoaren poesia horren lehen fruitua izan zen ‘Zuzenbide debekatua' deituriko lana, 1961ean osatua eta  Javier Batarritaren heriotzaren inguruan moldatua. ‘Zuzenbide debekatua' Gabriel Arestiren poesia sozialaren lehen zantzua da. Francoren aurkako poema liburu guztiz bortitza. Ezinezkoa zen argitaratzea, eta Arestik inoiz hemendik kanpo argitaratzea pentsatu bazuen ere, ezkutuan geratu zena 1986an Karmelo Landak eta bere taldeak plazaratu  zuten arte.

Haren orpotik 1962an etorri zen ‘Mailu batekin: Biola batekin'. Liburu honetan paradoxa bat du aurrean ikerlariak. Barneko poema guztiak ezagunak badira ere, Arestiren beste liburuetan agertuak (‘Egan'en emandako "Mailu batekin" hartan, 1967ko ‘Euskal Harri'an eta 1970eko ‘Harrizko Herri Hau' liburuetan) liburu bera ezezaguna genuen, berria neurri batean.

Margolari batek bere margoen hurrenkera erakusketa batetik bestera aldatzen badu, esan dezakegu erakusketa desberdinen aurrean gaudela? Poesian bai. Poemak ezagunak izan arren ‘Mailu batekin: Biola batekin' deitzen den "osaketa" ezezaguna eta berria da.

Gabriel Arestik original hori osatu zuenean ideia bati eman zion bidea. 1962ko original horrek oso garbi ditu bere zentzu-bideak. Eta horiek ez dira hain garbi agertu ‘Euskal Harria' liburuan. ‘Mailu batekin: Biola batekin' laneko lehen poema "In memoriam" deitzen da. Poemak irakurtzen dituen edonork daki bildumako lehen testua "poetika" gisa ageri dela, eta berebiziko garrantzia duela. "In memoriam" horretan Gabriel Arestik Gerra Zibilaren krudeltasunak hil zituen hiru poeten ildoan kokatzen du bere burua. García Lorca, Lauaxeta, Miguel Hernández: horiek dira bere aita pontekoak. Liburua irakurriz, bere kontzientzia poetikoa markatzen duten poemak mugarriak dira. Hor da Bizkaiko egileei, Agirre, Azkue, Arana, Unamunori egina, hortxe Kardaberazen itzalpean euskal idazle klasikoei egina. Idazleok bere erreferenteak dira, eta haien bidean da bere poesia, omenaldi egiteko, bai, baina era berean haiena apurtzeko eta aurrera jarraitzeko.

Mugarri horien barnean kokatu du Arestik bere poesia sozial berria, eta Harriaren sinbolo nagusia. ‘Mailu batekin: Biola batekin' liburuan dira jada ondoren hain ezagunak izango diren sinboloak, teknikak, ironia, bertso zaletasuna eta kontzientzia soziala.

Bere osotasunean eta bere laburtasunean harturik, liburua sarrera ederra da Gabriel Arestiren mundua irakurtzen hasteko, sarrera ederra poetaren mundu soziala ezagutzeko.

Bilboko Udalak atera du plazara liburua. Eta argitalpen ederra egin du. Koldo Narbaiza zinegotziaren iritzia izan zen lau mosketero lanean jartzea. Paulok eta biok egin genuen testuaren argitalpen lana. Aitor Arakistainek egin zuen diseinua, eta lan ederra egin duela ezin uka. Baina Koldo Narbaizak susmo ederra izan zuen. Konturatu zen 1967ko ‘Euskal Harria'ren irudiak Agustin Ibarrolak egin zituela. Bada, keinu jenialean pentsatu zuen edizio berriko irudiak haren bilobari enkargatzea. Naiel Ibarrolaren irudiek edizioa aberastu egin dute, Bilboko Udalaren edizioa ikusi duten guztiek esan dute argitalpen ederra dela. Edertasuna Gabriel Arestiren edertasunaren itzalpean.

Miren Agur Meabek esan zidan moduan, izenburuak zalantza ageri du: zer aukeratu poesiarako? Mailuaren gogortasuna? Biolaren leuntasuna? Eta denaren gainetik Gabriel Arestiren ahotsaren irmotasuna: Horra hor ‘Mailu batekin: Biola batekin'.