Kalitatea eta Gestioa

Bilbao-Bilboko Hezkuntza Fakultateak (BHF-FEB), Ikastegiko Batzarrak 2018ko abenduaren 18an egindako bileran, jendaurrean jarri zuen kalitatearekin gestioarekin daukan konpromisoa, bilera horretan onartu baitzen 2019-2021 aldirako Plan Estrategikoa.

Plana azken urte eta erdian Bilboko Hezkuntza Fakultatean egindako hausnarketaren fruitu izan da. Aipatu behar da, halaber, prozesu horretan guztian, UPV/EHUren Plan Estrategikoaren ildo berean lerrokatzen saiatu garela, idatzi horretan planteatutako ardatz estrategiko guztiak aintzat hartuta.

Dokumentu honek datozen hiru urteotan BHF-FEBk bultzatu nahi dituen helburu nagusiak biltzen ditu, bai eta horietako bakoitzerako estrategiak ere. Proposamen argi eta garbi bat ezartzen da, non BHF-FEB erreferente bat izango baita, publikoa eta globala, eta hezkuntza arloa berritu eta etengabe eraldatuko duena, haren antolatzeko eta irakasteko eta ikertzeko moduagatik, partaide diren ingurune soziokulturalari egin behar dioten ekarpenarekin konprometituta dauden profesional bikainak edukita.

Balio horiek oinarri hartuta, argi zehazten da fakultateak izan nahi duen bilakaera. Balio horien artean nabarmentzekoak dira gizartearekiko konpromisoari eta printzipio demokratikoei lotutakoak, edo ikastegi honek bere egin duen erantzukizuna erreferente izaten jarraitzeko ikasleen artean, bai eta sorkuntza eta berrikuntzarekiko sentiberak direnak ere, eta, era berean, gure izaera publiko eta jatorriarekiko dugun harrotasunaren erakusle direnak.

Gogoeta estrategikoa BHF-FEBren dekanotza taldeak kudeatu eta lideratu du, eta ikastegiko 42 pertsonak parte hartu dute, unibertsitateko kideek osatutako kolektiboetan taldekatuta (ikasleak, AZPko langileak, irakasle-ikertzaileak) fakultatearen orainaren eta epe ertaineko etorkizunaren gainean eztabaidatuz eta gogoeta eginez. Era berean, fakultatekoak ez diren 20 pertsonako talde baten lankidetza eduki dugu, beren ikuspegia eskaini eta ideiak eman dituztenak etorkizunean ikastegia hobetzeari begira.

Egungo eta etorkizuneko gizartearen premiei aurre egiteko xedez, eta euskal zerbitzu publikoa garen neurrian, ikastegiaren eginkizuna da lan egitea profesional konpetenteak prestatzeko; hots, gure erroak mantenduz gure gizartea hobetu eta eraldatuko duten profesionalak, hezitzaile gisa erreferenteak izango direnak beren berritzeko gaitasunagatik eta berdintasuna eta ekitatea bultzatzeagatik.

Eginkizun hori ez litzateke posible izango gure ikastegiak berezko dituen balioak onartu gabe, hau da: ezagutzaren eta printzipio demokratikoen bermatzaileak izatea; gizartearekin konprometituak; ikasleen erreferente izatea; sorkuntza eta berrikuntzarekiko sentiberak, eta gure izaera publikoaz eta jatorriaz harro egotea.

Eginkizun horiei aurre egiteko, fakultateak, Plan Estrategikoaren bidez, bere egiten ditu zenbait helburu, 4 ardatz estrategikotan banatuak: emaitzak, bezeroak, prozedurak eta antolakuntza; lau ardatz horiek izanik, era berean, fakultatearen eguneroko lanaren oinarri. Zehatzago, honakoak dira gure asmoak: gure emaitzak bat etortzea unibertsitateak eta inguruko gizarteak eskatutako kalitate estandarrrekin; kalitateko goi mailako hezkuntza ematea kontuan izanda gure ikasleek hezkuntzaren arloan dituzten premiak eta itxaropenak, ikasleak izanik bezero nagusiak; gestioa eraginkorra izatea eta gure jardueraren eremuan ezartzen diren kalitate irizpideak betetzea; azkenik, gure gestioa jasangarria izatea eta gizarteari begira arduratsua, eta horren arabera erabiltzea gure fakultateko baliabide fisikoak eta materialak.

Bikaintasun irizpideetan oinarrituta, fakultateak helburu batzuk finkatu ditu, irakaskuntza, ikerketa eta gestio lanaren gidari izango direnak:

  • Fakultatearen estrategiak UPV/EHUrekin lerrokatzea.
  • Estrategiarekin bat datorren aurrekontu bat zehaztea eta lortzea.
  • Fakultatea garapen jasangarria, inklusioa, berdintasuna eta gizarte konpromisoa bultzatzen duen erakunde bihurtzea.
  • Fakultatearen emaitzen balioa agerian uztea.
  • Lidergoa indartzea, euskal gizartearentzako jakintza sortzeko eta transferitzeko eta harekin kooperatzeko eragile gisa, lehiakortasuna eta gizarte garapena hobetzeari begira.
  • Ikasleen parte hartzea areagotzea fakultatean.
  • Jakintza berritzeko eta transferitzeko eredua ezartzea.
  • Graduko eta graduondoko eskaintza eleaniztuna, jasangarria eta kalitatezkoa sustatzea, bai ikasgeletan bai sarean, euskal gizartearen premiei erantzuteko.
  • Fakultate berriaren prozesuen mapa sortzea.
  • Prestakuntza eredua eta gaitasunak etengabe ebaluatzea.
  • Barne eta kanpo komunikazio plan bat definitzea eta zehaztea.
  • Ikerketa eredua garatzea.
  • Unibertsitateko kolektibo guztiek gobernantzako estrategietan gehiago parte har dezaten bultzatzea.
  • Irakasleen talentua erakartzea eta atxikitzea, profesionalen rolak eta gaitasunak hobetuko dituzten politikak sustatuz.
  • Emakumeen parte hartzea eta promozioa areagotzea arlo akademikoan eta zientifikoan.
  • Profesionalen harrera eta parte hartzea hobetzea.

Helburu nagusi horiek lortzeko, Bilboko Hezkuntza Fakultateak zenbait ekintza estrategiko zehaztu ditu guztietan irakaskuntzarako, ikerketarako eta erakundearen gestiorako bikaintasun ikuspegia ardatz hartuta, eta, betiere, kontuan hartuta gizartearekiko erantzukizunarekin eta berrikuntzarekin daukagun konpromisoa. Era berean, ekintza estrategiko horien guztien interes talde dira ikasleak, irakasleak, koordinatzaileak, dekanotza taldea, administrazio eta zerbitzuetako langileak, enplegu emaileak, egresatuak, hezkuntza administrazioa eta, oro har, gizartea bera.

Azkenik, dekanotza taldea eta Kalitate Batzordea dira berme emaileak helburu hauek lortzeari begira, eta beren ardura da interes taldeen gogobetetze maila neurtzea, Plan Estrategikoan zehaztutako ekintzak zein heinean ezarri eta bete diren neurtzea eta lortutako emaitzak urtero gizarteratzea, horien bidez unibertsitateko kideen artean gogoetarako bideak ezartzeko eta kalitatearen etengabeko hobekuntzan aurrera egiten laguntzeko.